STOP INDARKERIA MATXISTAK
STOP INDARKERIA MATXISTAK
Mugikortasuneko Departamentuak indarkeria matxisten inguruko prebentzio kanpaina kaleratu du eta bat egin du “erasorik gabeko jaiak” ekimenarekin
Rafi Romero: “Hiri barruko eta hiriarteko berdintasunezko mugikortasuna defendatu behar dugu, jarrera eta indarkeria matxistarik gabeko espazioak sortzeko. Gure esku dagoen guztia egingo dugu guztientzat eta, emakumeentzat bereziki, seguruak, errespetuzkoak eta adeitsuak diren espazio publikoen sareko partaide izateko. Baloreetan edukatzeko espazioen eraketa sustatu behar dugu erakundeetatik, jarrera matxistak sostengatzen dituzten arketipo kulturalei aurre eginez”
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak abian jarri du “STOP INDARKERIA MATXISTAK” kanpaina, eta bat egin du jai giroan indarkeria sexista prebenitzeko asmoz beste euskal erakundeek bultzatutako 'Indarkeria sexistarik gabeko jaiak” sarearekin.
Uda osoan, Lurraldebuseko linea guztiek “Stop indarkeria matxistak” kanpainaren berri emango dute; eta zerbitzu publikoa zabaldu eta indartzeaz gain, defendatuko dute gure garraio publikoa guztientzat adeitsua eta errespetuzkoa den espazio bat izatea, pertsona guztiak babestuko dituena, baita emakumeak ere indarkeria matxista orotatik.
Emakumeek, emakume izate hutsagatik, diskriminazioan eta desberdintasunean oinarritutako era guztietako indarkeria matxistak jasaten dituzte, gizarte, lan eta ekonomia arloan, baita arlo pertsonalean ere. Jarrera matxistako egoerak edozein espaziotan sortu badaitezke ere, gogoan izan behar da, aisia eta dibertsio eremuetan ere, tamalez, emakumeek sexu erasoak eta jarrera matxistak pairatzeko arriskua izaten dutela.
Hori dela eta, Mugikortasuneko Departamentuak, kasu honetan aisia eta dibertimenduarekin lotutako espazio publikoan sartuta dagoen eragile gisa, beste pauso bat eman du emakumeen aldarrikapenekin bat egiteko, uda garai honetan, jaiak eta ospakizunak ugaritzen direnean, emakumeek beren herri eta hirietan askatasunez eta segurtasunez disfrutatzeko duten eskubidea errebindikatuz. Romeroren esanetan, “Gipuzkoako herrietako jaiak positiboan bizi behar dira, guztientzat errespetuzkoa, berdintasunekoa eta indarkeriarik gabekoa den giroan.” Departamentuak ohartarazten du gai hau ez dela emakumeena bakarrik, eta guztion ardura dela, gizon eta emakumeena, gizarte eta erakundeena. “Garraio zerbitzuak espazio seguruak eta adeitsuak izatea, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituztenak, funtsezkoa da bere zeregina den garraio publikoko zerbitzua eskaintzeko; horrenbestez, gure helburua da, ez bakarrik sexu erasoen eta bestelako indarkeria matxisten inguruko informazioa, prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzea, baizik eta, batez ere, zerbitzu egoki bat eskaintzea, garraio publikoa segurtasun eta askatasun osoz erabili ahal izateko”.
Lurraldebusek ordutegiak eta zerbitzu bereziak gehitu ditu udan
Kanpaina hau aurkezteaz gain, Rafaela Romerok gogorarazi du Lurraldebusek bere zerbitzuak indartuko dituela jaiegun hauetan lurralde osoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu sozialistak Lurraldebusek udan eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman du. Funtsean gaueko ordutegiak zabaldu dira, ordu eta erdi gehiago abuztu osoan.
Uda hasieratik, ekainean eta uztailean, Lurraldebusek bere lineak eta ordutegiak indartu ditu Gipuzkoako herrietako jaiak direla eta, zerbitzua hobetu eta Gipuzkoako uda garaiko jai eta kultur egutegira egokitzeko asmoz. Uztailean, abuztuan eta irailean, Oarsoaldea-Bidasoa eta Buruntzaldea lineek ostiralero ere gaueko zerbitzua eskaintzen dute.
Gainera, abuztuan, Lurraldebuseko erabiltzaileek zerbitzu horiek erabili ahal izango dituzte herrietako jaietan, baina, horrez gain, ordutegia luzatu egingo da egunero Donostiara eta kostako udalerrietara doazen lineatan. Ordutegiak ordu eta erdi luzatuko dira, abuztuko egun guztietan, Buruntzaldea, Oarsoaldea-Bidasoa, Urola Erdia, Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoieneko lineatan.
Abuztuko gauetan ordutegia indartzeko Lurraldebusek egiten duen ahalegin hori areagotu egiten da asteburuetan, eta gaueko zerbitzu bereziak eskaintzen ditu gau osoan.
Donostiako Aste Nagusian zehar, hau da abuztuaren 11tik 17ra bitartean, Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak jarriko ditu Donostiatik inguruko herrietara eta Gipuzkoako eskualdeetara joateko, orduro edo ordu erdian behin, lineen arabera.
Zerbitzu hauei, arrazoi zehatzengatik areagotuko diren zerbitzuak batu behar zaizkio. Uda garaiko zerbitzuen hobekuntzaren inguruko informazio gehiago behar izanez gero, Lurraldebusen webgunean (www.lurraldebus.eus) eta 900 300 340 doako telefonoan kontsultatu daiteke.
2068