Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Sustapen ekonomikoa eta herri txikiak, Aldundi honen lehentasun

Sustapen ekonomikoa eta herri txikiak, Aldundi honen lehentasun

Aintzane Oiarbide: “zabaltze lanak amaitzen direnean segurtasunean asko irabaziko dute Belauntzako biztanleek eta bertan dauden enpresetako langileek”

2017/04/20
Belauntzako udalaren eskaerari erantzunez, bide segurtasuna bermatzeko eta, bide batez, bertan kokatuta dauden enpresen sarrera irteerak hobetzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3211 errepidea zabaldu eta hobetzeko proiektua idatzi eta adjudikatu du. Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak Belauntzako alkate Silvia Moneorekin bildu da eta, egun gutxi barru hasiko diren lanen inguruko argibideak eman dizkio. 
Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako GI-3211 errepideak estugune bat dauka Belauntza herrigunerako igoeran, San Jose ermitaren ondoan, eta estugune horrek zaildu egiten du ibilgailuak gurutzatzea, batez ere ibilgailu astun eta autobusen kasuan. “Errepidea zabaltzen dugunean segurtasunean asko irabaziko dute Belauntzako bizilagunek eta inguruko enpresek. Diputazio honen lehentasunen baitan daude bai herri txikiei laguntzea bai eta lurraldeko sustapen ekonomikoa bultzatzea eta hori, besteak beste, bide azpiegitura egokien bidez egin daiteke”, adierazi du Oiarbide diputatuak. “Belauntzako industriagunean mundu osorako instalazio zientifikoetarako, energia sortzeko eta prozesu industrialetako pieza integral handiak egiten dituzte besteak beste. Obra honen ondoren, gaur egun pasa ezin diren 6,5 metrotako piezak pasa ahal izango dira”, gehitu du Aintzane Oiarbide.
Silvia Moneo, Belauntzako alkateak, esker oneko hitzak izan ditu eta segurtasunean jarri du azpimarra: “Industria gunean nabarituko dute, batez ere, errepidearen zabaltze hau. Kamioi astunek pieza handiak garraiatzerakoan errepidearen bi errailak hartzen dituzte. Eta noski, herritar guztiok ere segurtasunean eta lasaitasunean irabaziko dugu. Orain artean bi auto ozta-ozta pasatzen ziren eta kamioi bat tokatzen zenean gelditu beharra zegoen”. 
Obra honen bitartez 3,15 metro zabal izango dituen 2 errei aterako dira eta 0,30 metro areka alde bakoitzean. Aldi berean, ermita bazterrean 1,5 metroko espaloia aterako da. Errepidearen zabaltzearen ondorioz, gau egun Belauntzara doan oinezkoen bide publikoa lekuz aldatuko da eta bertan dagoen finkaren harri horma eta errepidearen euste horma lekuz aldatuko dira. Obra gauzatzeko beharrezko lurrak belauntzako udalak utzi ditu Aldundiaren esku.
Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3211 errepidea zabaltzeko obra Otegi – Gaztañaga enpresari esleitu dio.  120.299,11 euroko aurrekontua dute lanek eta 3 hilabeteko epea. 
  

1981