The manufacturing congress: Industria aurreratuaren topagunea Donostian
The manufacturing congress: Industria aurreratuaren topagunea Donostian
Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren Kongresu Nazionalak 450 pertsona inguru bilduko ditu, industriaren etorkizunerako gai garrantzitsuenak jorratzeko.
Donostian, 2023ko urriaren 18an.- Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erreminten Kongresuaren XXIII. edizioa 2023ko urriaren 25etik 27ra izango da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Donostian. Kongresua bi urtean behin antolatzen du AFM Cluster erakundeak 1976az geroztik, eta fabrikazio aurreratuaren sektoreko enpresek ezagutzak eta esperientzia trukatzeko topagune nagusia da.
Azken hiru urteetan, sektoreko gertakariek eragin zuzena izan dute ekoizpenekipamenduen eta makina-erreminten eskarian. Hala ere, ziurgabetasun- eta desorekaegoera gorabehera, 2020ko bigarren seihilekotik aurrera eskariak maila handiari eutsi dio, ekoizpen-beharrei, sektore batzuetako eraldaketa-prozesuei eta zenbait hornikuntza-kate zabaldu izanari esker, egoera geopolitikoaren ondorioz. Urte honetan zehar, hori izan da joera nagusia, finantzaketaren kostuak nabarmen gora egin duen arren.
Gaur egun, ziurgabetasuna eta eskariaren jaitsiera gorabehera, sektoreko enpresek, oro har, okupazio-maila onari eutsi diote, eta, gainera, haien eskari-zorroak nahikoak dira hurrengo urtean ere jarduera bermatzeko. 2023. urtearen amaieraren zain, ikusteke dago nolakoa izango den gure enpresentzat garrantzi handiena duten merkatuen bilakaera, besteak beste Alemania, Txina eta AEB. Edonola ere, aurreikusten dugu fakturazioaren itxiera positiboa izango dela, % 5 ingurukoa, 2022ko itxiera-zifraren aldean.
Testuinguru horretan, ziurgabetasunarekin baina jarduera onarekin, 23. MHK, erreferentziako ekitaldia fabrikazio aurreratu eta digitalaren arloan, topagune paregabea izango da sektoreko profesional askorentzat. Alde batetik, dibulgazio-kongresuaren hartzaileak izango dira kudeaketan eta arlo teknikoan erantzukizun handia duten pertsonak. Programak aukera emango die aurrez aurre ezagutzeko fabrikazio aurreratuari eragiten dioten zenbait arlotako joera nagusiak: etorkizuneko fabrikari buruzko dimentsio anitzeko ikuspegia, digitalizazio-teknologia eta -aplikazio disruptiboak, makina-erremintak, gehigarriak, robotika eta automatizazioa, jasangarritasuna edo industrian talentua erakartzea, besteak beste.
Bestetik, kongresu zientifiko-teknikoko hitzaldietan teknologia-zentroen, unibertsitateen eta enpresen I+G+b proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztuko dituzte; horien hartzaile objektiboek profil teknikoagoa izango dute, baita arazo konplexuak ebazteko xehetasunak ezagutzeko gogoa ere.
23. MHK ekitaldiaren programa bikoitzaz gain, 2023an segurtasun-kongresua, eztabaidak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta B2B topaketak ere izango ditugu, networkinga sustatzeko eta hitzorduan parte hartuko duten 450 pertsonen artean lankidetza-aukera berriak sortzeko xedearekin.
Aurten, enpresa garrantzitsuak izango dira bertan; besteak beste, Microsoft, Telefónica, Cipherbit, Siemens, IBM, Renishaw, Aernnova, Gestamp, Petronor, Renfe, Fagor Automation, Tecnalia, Danobatgroup eta Airbus.
Kongresuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRI Taldearen babesa izango du.
Aurkezpenean, Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak aurreratu du "lurraldeko industriari babesa eskaintzea izango dela foru gobernu berriaren lehentasunetako bat, eta lehiakortasuna indartzeko politikak izango direla Ekonomia Sustapen Sailaren muina. Hurbiltasunetik, lankidetzatik, eta enpresek baliabide ekonomikoekin, fiskalitatearekin eta ekimen berritzaileekin egiten duten ahaleginari lagunduz. Eta hiru esparru giltzarri landuz, hala nola digitalizazioa, pertsonak eta talentua, eta jasangarritasunarekin lotutako guztia”. Insaustik Gipuzkoako garapen eta ongizateari industria-sareak egindako ekarpena goraipatu du, eta horren barruan makina-erremintarena. “Sektore horrek berrikuntza, nazioartekotzea, balio erantsia eta epe luzerako ikuspegia ematen ditu, eta lurraldearen ezaugarri diren bikaintasunaren eta ondo egindako lanaren enbaxadore ezin hobea da”.
Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendariak adierazi du: “Hizlarien mailagatik eta edukiengatik, inoiz antolatu dugun kongresurik onenaren aurrean gaude, zalantzarik gabe. Etengabe aldatzen ari den testuinguru honetan, hainbat gorabehera eta ezusteko direla medio, oso garrantzitsua da gelditzea etorkizuneko funtsezko joerei buruz hausnartzeko.
23 CMH – Manufacturing Congress-ek sektorearen erronkei, bere garapenean eragingo duten teknologiei eta etorkizun dinamiko eta zirraragarria bermatzeko zaindu beharreko funtsezko faktoreei buruzko begirada luze baina zehatza eman nahi du. Etorkizuneko fabrika, teknologia berriak, automatizazioa eta robotika, digitalizazioaren demokratizazioa, jasangarritasuna edo talentu gaztearen erakarpena bezalako gaiek 400 pertsona baino gehiago bilduko dituzte Donostian.”
Segurtasun-kongresua
Aurten, berrikuntza gisa, fabrikazio aurreratu eta digitalaren kongresuaren bigarren jardunaldian, makinen segurtasunari buruzko kongresu bat ere egingo da, ekipamendu eta ekoizpen-lantegien indarreko segurtasun-araudia zorrozki betetzen dela bermatu nahi duten profesionalentzat.
Gai nagusiak izango dira, alde batetik, industria-ekipamenduen segurtasunaren arloko araudi- eta lege-kontuak eta legediaren berrikuntzak, eta, bestetik, konponbide berriak, non roboten zibersegurtasuna jorratuko den zehazki. Hirugarren blokean, berriz, industrian aplikatzeko kasu praktikoak aurkeztuko dira.
Hasiera eta amaiera
Urriaren 25eko inaugurazio-saioa Iñigo Urkullu lehendakariak zuzenduko du, eta Iñaki Gabilondo kazetari eta komunikatzaile ospetsuak eta Pedro Miguel Etxenike zientzialari ezagunak parte hartuko dute. Aurrerapen teknologikoek etorkizuneko gizarteari dakarzkioten eta ekarriko dizkioten erronkei buruz hitz egingo dute.
Urriaren 27an, Kongresuaren amaiera-ekitaldian, lau sari emango dira: bat, enpresa batek aurkeztutako lan onenari; beste bat, komunitate zientifiko eta teknikoek aurkeztutako komunikazio onenari; hirugarrena, eskola tekniko baten karrera-amaierako proiektu onenari; eta laugarrena, euskaraz aurkeztutako hitzaldi onenari.
2437