Tokiko aktibazioaren garrantzia
Tokiko aktibazioaren garrantzia
Lasarte-Oriako Euskararen Maratoian egindako ikerketa aurkeztu dute Aldundian
Euskararen erabilera sustatzeko tokiko aktibazioari lotutako egitasmoak loratzen ari diren honetan, hizkuntza ohituren aldaketen inguruan Lasarte-Oriako Euskararen 9. Maratoian egindako ikerketa aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Irten armairutik! lemapean, 2.800 herritar baino gehiagok hartu zuen parte 40 egunez garatutako egitasmo berritzaile horretan, herritarrak euskarara gerturatu eta hizkuntza erabiltzera animatuz. Euskal Herriko Unibertsitateko Pello Jauregi adituak egindako lanaren arabera, euskal hiztunen artean hizkuntzaren erabilera 21,4 puntu igotzea ahalbidetu zuten maratoian zehar sortutako dinamikek.
“Ikerketak datu esanguratsuak eskaintzen dizkigu, biziki interesgarriak Euskaraldiaren atarian gauden honetan. Izan ere, EHUk Lasarte-Orian egindako ikerketak nahiko argi erakusten digu tokiko aktibazioan oinarritutako egitasmoek, herritarren partaidetza bultzatu eta euskal hiztunen ahalduntzea modu partekatuan garatzen duten dinamikek, eguneroko hizkuntza ohituretan eragiten lagundu dezaketela”, adierazi du Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak.
“Egindako ekintza ikerketa bihurtu izanarekin salto txiki bat eman dugu. Egindako herri-erronka ariketa pedagogiko sozial handi bat izan zen Lasarte-Orian eta jarraitu ere pedagogia gehiago egiten jarraitu beharko dugu, hizkuntza-ohituren aldaketaren bide horretan aurrera jarraitu nahi baldin badugu”, azaldu du Jon Antxordokik. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzia ”pozik” azaldu da ikerketa argitaratu izanarekin eta herrian izandako esperientzia euskararen alde lanean ari den orori lagungarri izango zaion itxaropena aipatu du.
Mendizabalekin batera, ikerketaren ondorio nagusiak jasotzen dituen liburua aurkeztu dute gaur Pello Jauregik, EHUko ikerlariak, eta Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Euskara zinegotziak. Interesa duen elkarte edo eragile orok http://administrazioa.lasarte-oria.eus/ficherosFTP/eu/Aldizkariak/Irten_armairutik/index.html helbidean aurki dezake eta paperezko bertsioak, berriz, Lasarte-Oriako Udalean daude eskuragarri.
Baietz 40 egun euskaraz Herri erronka ikerketaren emaitzak jasotzen ditu liburuak eta 2016ko urriaren 22tik abenduaren 3ra euskararen erabilera sustatzeko Lasarte-Oriako Euskararen Maratoian egindako ekimenaren xehetasunak jasotzen ditu: testuingurua, ezaugarriak, diseinua, ikerketa eta ondorioak, besteak beste. Hala, modu didaktiko eta argian erakusten du ekimenaren bilakaera, zer nolako emaitzak eman dituen eta zein zailtasun topatu zituzten bidean.
Besteak beste, dinamika linguistikoetan elebidun hartzaileek –euskaraz ongi ulertu bai, baina hitz egiteko ohiturarik ez dutenek– izandako zeregina aztertu zuten maratoian zehar. "Irten armairutik!" kanpainaren bitartez, Ahobizi eta Belarriprest figurak gizarteratu eta bakoitzari zegozkion egitekoak aurkeztu zituzten. Hasiera batean 300 Ahobizi eta 3.000 Belarriprest lortzea aurreikusten bazuten ere, erronka abiatutakoan 957 pertsonak izena eman zuten Ahobizi gisa aritzeko eta 1927 pertsonak Belarriprest –euskaraz ongi ulertu bai, baina hitz egiteko ohiturarik ez dutenek– gisa. Ahobizi bakoitzak astebetez euskaraz aritzeko konpromisoa hartu zuen eta txandaka bete zituzten sei asteak.
Jauregik azaldu duenez, ekimenak oso harrera ona izan zuen herrian eta, gainera, euskararen erabileran nabarmenki eragin zuen epe labur eta ertainera. Prozesua abiatu aurretik Ahobizien euskararen erabilera 62.4 puntukoa bazen, erronka bukatu berritan 83.8koa izatera pasa zen, eta erronka bukatu eta hiru hilabetera, 81.3koa. Horrenbestez, agerikoa izan zen erronkan zehar irabazitako gehiena finkatu egin zela gerora ere.
Hori, nagusiki, bi faktoreren ondorioz gertatu zela defenditu du Pello Jauregik liburuan: batetik, Ahobiziek aukera izan zutelako sei astetan zehar beren praktika soziolinguistiko berria jende ugarirekin (tartean Belarriprestekin) behin eta berriz erabiltzeko eta, ondorioz, ohitura linguistikoak aldatu eta finkatzeko eta; bestetik, alderdi kolektibo eta kuantitatiboaren garrantziak eragin handia izan zuelako banakako prozesuak bizkortzeko garaian. Izan ere, norberaren jokaera besteengan ere ikusteak, taldeko konplizitate sare indartsuak sortzen lagundu zuen.
1603