Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Tolosan eman zaio hasiera Gipuzkoako Kultura Digitalaren asteak izeneko ekimenari

Tolosan eman zaio hasiera Gipuzkoako Kultura Digitalaren asteak izeneko ekimenari

Helburua da gazte eta hezitzaileak mundu digitalerako prestatzea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak Kultura Digitalaren gaiari buruzko Asteak martxan jarriko ditu, bost udalekin eta Kode Eskolarekin elkarlanean, lurraldeko haur, nerabe, gazte, profesional eta familiengana iristeko asmoz.

Tolosan eman zaio hasiera Gipuzkoako Kultura Digitalaren asteak izeneko ekimenari. Goizane Alvarez, Kiroletako Zuzendariak eta Patxi Amantegi, alkateordeak eman dute ekimenaren xehetasunak.

KULTURA DIGITAL@: erabilera ona eta sorkuntza” goiburuarekin, ekintza eta jardueren eskaintza zabala antolatu da datozen egunetarako.

Aste hauen helburua da haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea. Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzua alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko bidean lanean ari da, eta baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere.

Gazteriako Zuzendariak azaldu du Aldunditik lan egiten dela gazteak hezteko eta sareak eta Internetek dituzten arriskuetaz kontziente izateko. “Teknologia berriak gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari dira, eta egoera honen aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esperientziarik edota kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko”, esan du.

Ekintza honen helburua da “sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea, bretxa sozialarekin amaitzea, teknologiarako sarbiderako generoko eta lurraldekoa eta ziberbullying-ari aurre egiteko tresnez dohatzea”.

Patxi Amantegi Tolosako alkateordeak nabarmendu du gaur egun teknologiaren garapenak baldintzatzen duela gizartea: “abiadura bizian doa eta gu erabat konektatuta gaude. Mundua txiki bilakatu da eta aldaketak gero eta garrantzitsuagoak dira”. Publiko anitzari zuzendutako ekintza sorta da aste honek dakarrena eta hain zuzen, Tolosako udalak generazioartekotasuna eta belaunaldi ezberdinen arteko osagarritasunean du jarria fokua: “izaera parte-hartzailea duten espazio komunak ditugu. Bertan bideratzen dira hartu-emanak, eta baita informazio eta ezagutza trukaketak ere. Hor dago gure apustua: formazioa eskaintzean, gizarte ongizatean aurrerapausuak emateko. Ekintzailetasuna hain bizirik dugun une honetan, honetako ekimenek, proiektu berrien sorrera ekar dezakete, edo behintzat lehen alea eta jakinmina piztu”. Gogorarazi du datorren ostiralean, otsailak 9, abiatuko dela Gipuzkoa Encounterren 12. edizioa Tolosan: “3. urtez, eta azken bi edizioetako arrakasta oinarri izanik, Open Gunearen aldeko apustu sendoa egin du Udalak Euskaltel Konektarekin elkarlanean. Gune honetan, Encounterrarekin paraleloki, mundu digitalari buruzko ekintzak gauzatzen dira. Esan genezake, aste honek, Open Gune horren filosofia ekartzen duela herriaren erdigunera”.

Lehen edizio honetan, Kultura Digitalaren Astea honako data eta herrietan garatuko da:

Tolosa: martxoak 2-8         
Ordizia: martxoak 9-15
Eibar: martxoak 16-22
Errenteria: apirilak 13-19   
Arrasate: apirilak 20-26

Hainbat ekintza antolatu dira martxoaren 2tik apirilaren 26ra bitartean egiteko. Alde batetik, ikasgela ibiltarian (udan herriz herri ibili zen autobusa, Irizarrek utzita) programazio-tailerrak eskainiko dira; eta bestetik, haurrei, gazteei, gurasoei eta arloko profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi, tailer eta ikuskizun egingo dira. Gainera, ikastetxeei ere parte hartzeko aukera berezia eman zaie.

Kulturadigitala.eus webgune berria

Kultura digitalaren Asteak kulturadigitala.eus webgune berria izango du. Bertan, asteetako programazioaz gain, haur, nerabe, gazte, familia eta arloko profesionalentzako baliabideak eskainiko dira, besteak beste, haurrentzako liburu digitalak jaisteko aukera ere egongo da.

 

 

  

1448