Aurtengo udan Gipuzkoan turismo orekatuagoa eraikitzeko oinarriak ipini dira
Aurtengo udan Gipuzkoan turismo orekatuagoa eraikitzeko oinarriak ipini dira
Eskualde guztietan bisitarien kopurua hazi egin da.
- Aldundiak balantzea egin du eta arrakasta hiriburutik eskualdeetara zabaldu dela ziurtatu du.
- Eskualde guztietan bisitarien kopurua hazi egin da, % 6 eta % 23 bitarteko igoerekin.
- Ekaineko eta uztaileko datuek frogatzen dute Donostia Eskualdea Euskadiren helmuga internazionalena bezala indartzen ari dela
- Turismoa urte-sasoi guztietara zabaltzen ari da lurralde osoan
- Batez besteko egonaldiak, lehen aldiz, bi eguneko kopurua gainditu du, 2,2an kokatuz
Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak aurtengo udan lurralde osoan bikainak izan diren datu turistikoen balantzea egin du. Maite Cruzado turismoko zuzendariak eta Cristina Iturriagagoitia Explore San Sebastian Region bulegoko zuzendariak ere hartu dute parte prentsaurrekoan.
Itxasok datuak aurkeztu ditu eta honakoa adierazi du: “Eskualde guztietan, turismoa hazi egin da eta urte osoan, gainera. Hortaz, Gipuzkoa helmuga gisa funtzionatzen ari da, eta turismoa urte-sasoi guztietara zabaltzeko eta lurraldean oreka lortzeko Departamentu honek jarritako helburuan urrats garrantzitsua eman da, zeregin honek gauzatzeko urte batzuk gehiago beharko dituen arren".
Eskualdeak
Eskualdeetako bulegoen datuen arabera, eskualde guztietan, neurri handiagoan edo txikiagoan, bisitarien kopurua hazi egin da eta, horregatik, gustura daude. Gehikuntza % 6ren eta Goierriko % 23ren artean dago. Hala ere, kasu guztietan azpimarratzekoa da bisitari atzerritarren gorakada. Horrek erakusten du Gipuzkoa, oro har, Euskadiren helmuga internazionalena bezala sendotzen ari dela eta Donostiaren arrakasta lurraldeko beste lekuetara zabaldu dela eta, beraz, lurralde-oreka gero eta handiagoa ematen ari dela.
Azken hamar urteetan, lurraldeko eskualdeek eta udalerriek ahalegin berezia egin dute. Ondorioz, 31 turismo-bulego zabaldu dira, 60 Museo eta Interpretazio Zentro, Turismo Aktiboko 50 enpresa, 110 hotel+ostatu, nekazaritza-turismoko 165 ostatu; halaber, balio handiagoa eman zaien interes naturalistikoko gune ugari eta garrantzitsu ireki dira, eta eskaintza gastronomiko zabala eta askotarikoa egin da: merkatuak, jatetxeak, gastronomiako jardunaldiak eta abar.
San Sebastian Region bulegoa
Uztailaren 1etik irailaren 7ra Bulegoa 30.260 lagunek bisitatu dute; horietatik % 6 donostiarrak ziren. Bisitarien % 34 estatutik etorritakoak eta % 66 atzerritarrak ziren. % 53 Gipuzkoari buruz informazioa eskatzera hurbildu da, eta % 47k hiriburuari edo hiriburuan egingo ziren ekitaldiei buruz galdetzen zuen arren, Donostia Eskualdea, osotasunean, helmuga gisa eskainitako informazioa atseginez jasotzen zuten.
Lurraldeari buruzko informazioa eskatzen duten pertsonetatik % 44,7k lurralde osoari buruz eskatzen du, % 45,4k zona edo herri jakin bati buruz eta, gainerakoek, egin daitezkeen jarduerei buruz.
Zona jakin bati buruzko informazioa eskatzen dutenen artean, % 67k kostako zonei buruz eskatzen du; kontsulten % 33, berriz, barrualdeko zonen ingurukoak dira. Kostaldean Zarautz, Hondarribia, Getaria, Zumaia, Pasaia, Deba, Mutriku eta Orio bezalako herriei buruzko informazioa bilatzen duten bitartean, barrualdeko herri eta hiri asko ere ezagutzen dituzte: Tolosa, Ordizia, Azpeitia, Oñati, Zumarraga, edo batez ere sagardoarengatik ezaguna den Hernaniko eta Astigarragako zona.
Gehien eskatutako produktuen eta jardueren artean daude Geoparkea, Donejakue Bidea eta Hiru Tenpluen Ibilbidea; azken hau, ez beti ibilbide bezala, baina bai ibilbidea osatzen duten tenpluen eta bertan burutu daitezkeen jardueren inguruan, hala nola, xendazaletasuna, bizikletaz egiteko ibilbideak, haurrentzako jarduerak eskaintzen dituzten zonak, gai gastronomikoei buruzko informazioa, etab... Batzuetan informazio zehatza eta edozein motatakoa eskatzen da: monumentu megalitikoak, parke naturalak, hondartza lasaiak, gastronomiako museoak eta merkatuak, haitzuloak, etab.
Bisitarien gorakada eskualde guztietan eta turismo-baliabide guztietan eman da, besteak beste, Balenciaga Museoan –udako denboralditik kanpo bisitarien kopurua igo egin da–, Topic-en –% 20ko igoera–, Delikatuz zentroan, Gaztaren Interpretazio Zentroan, Geoparkean, etab. Kostaldeko Geoparkean, adibidez, bisita gidatuen kupoak oso ondo funtzionatu du eta ontziak ehuneko ehunean okupatu dira. Abuztuaren 31ko datara arte, 10.768 bisitekin 2015. urte osoko bisiten kopurua –9.756– gainditu da. Kopuru horiei taldeka egindako bisitak gehitu behar zaizkie, 4.956 baino gehiago jada.
Pasaiako Albaola da ondoen funtzionatzen ari den turismo-baliabideetako bat. Maiatzaz geroztik hilean, gutxienez, 5.000 bisitari jaso ditu. 2015. urtea 38.000 bisitarirekin itxi zuten, eta 2016ko abuztuaren amaierara arte jada 35.000 bisitari igaro dira bertatik.
“Udaz kanpoko bisitarien kopuruak, oro har, gora egin du lurralde osoan. Horrek adierazten du bide onetik goazela, eta turismoa urte osora zabaltzeko eta lurraldean oreka handiagoa egoteko egiten ari garen lanaren lehen emaitzak jasotzen ari garela. Turismo-sektoreak gero eta pisu handiagoa dauka barne produktu gordinean, eta horrek eragindako hazkuntza ekonomikoa eta enpleguaren sorrera, neurri handi batean ere, lurralde osora zabaltzen ari da”, adierazi du Itxasok.
Okupazio datuak
Uztailera arteko Eustaten datuek erakusten duten bezala, okupazio-datuei dagokienean, urtaroaren araberako turismoa Gipuzkoan Euskadiko beste lurraldeetan baino gehiago atzematen da. Horrela, uztailean –batez ere turista atzerritarrak– eta abuztuan –batez ere estatuko turistak– Donostian eta kostaldean ia plaza guztiak bete dira, eta barrualdeko zonetan okupazio-mailak gora egin du. Hortaz, herri turistiko batzuk bisitariak beste herri batzuetara desbideratu behar izan dituzte.
Nekazaritza-turismoak
Aipatu beharreko beste datu bat da lurralde osoan nekazaritza-turismoko okupazioa % 50etik –ekaineko, uztaileko eta abuztuko batez bestekoa– % 66,36ra hazi dela, abuztuan okupazioaren % 91ra helduz. Gehikuntza hori, batez ere, ekainean eta uztailean gertatu da. Donostialdea eta kostaldea dira, oro har, okupazio-maila handiena duten eskualdeak. Uztailean eta abuztuan okupazio altuena duen lurraldea da Gipuzkoa, baina, aurten, uztaileko datuei dagokienean, diferentzia handia egon da.
Erromesentzako aterpetxeak
Pasaiako aterpetxea bisitatu duten erromesen kopurua % 25 hazi da. Horrek, Donejakue Bidearen indarra erakusten du. Inaziotar Bide hasiberria ere gero eta bisitari gehiago jasotzen ari da; hala ere, bi bide horietan eskaerari erantzuteko plaza gutxi daude.
Hotelak ekainean eta uztailean
Udan bidaiarien sarrera beste euskal lurralde historikoetan baino % 4,7 gutxiago hazi da, zenbaketaren abiapuntua oso goian dagoelako. Hala ere, urte osoko datuak hartuta, besteen gainetik hazi da, 11,5ekin, eta atzerritarren etengabeko gorakada aipatu behar da. Horrek erakusten du, udatik kanpo, hazteko tartea dagoenean, hona datorren turismoa asko hazten dela. Donostia Eskualdea Euskadiko helmuga internazionalena bezala finkatzen da; bertan gaua ematen duten atzerritarrak % 54ra heltzen diren bitartean, Bizkaian % 43ra heltzen dira eta Araban % 36ra.
Bisitarien jatorriari dagokionean, buruan Madril agertzen da, eta bigarren eta hirugarren postuetan –ia parean– Katalunia eta Euskadi. Atzerritarren artean gehienak EEBBetatik, Erresuma Batutik eta Frantziatik datoz.
Bertan gaua eman dutenen kopurua % 6,40 hazi da, baina gehikuntza handiena urteko lehen hilabetetan gertatu da. Horrek turismoa urte-sasoi guztietara zabaltzeko helburuan aurrera egiten ari garela adierazten du. Uztailean barrualdeak izan du gehikuntza handiena, 2015ean baino % 17 bisitari gehiagorekin, eta bidaiarien kopurua % 27,2 hazi da.
Etxebizitza turistikoak
Legezkoak diren Donostiako etxebizitza turistikoen okupazioa %80,87-ko izan da uztailean eta abuztuan.
Egonaldiaren iraupena
Egonaldiaren iraupenari dagokionean, lurraldearen batez besteko egonaldiak, lehen aldiz, bi eguneko kopurua gainditu du, 2,2an kokatuz. Beste bi lurraldeetan ez da bi gaueko hesia gainditu. Tolosaldean, adibidez, batez besteko egonaldia 4 egunekoa izan da.
1734