Turislanen 180 kontratu sinatu ziren eta bisitari kopurua % 15 hazi da
Turislanen 180 kontratu sinatu ziren eta bisitari kopurua % 15 hazi da
Bi edizioen arteko aldea nabarmena izan da ia parametro guztietan.
2.619 bisitari izan ziren azokan astelehenean eta asteartean. 217 lanpostutarako 131 lan eskaintza egin ziren, eta 1.829 elkarrizketa. 65 erakusketari izan ziren, eta prestakuntzari eta helmuga arduratsu bat sortzeari buruzko 14 hitzaldi eskaini zituzten.
Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak sustatuta, Ficobarekin eta Garapen eskualdeetako garapen agentzien elkartearekin lankidetzan, otsailaren 26an eta 27an egin zen Turislan turismoko enpleguaren azoka; 2.619 bisitari bertaratu ziren, 180 kontratu itxi ziren, eta 2.014 curriculum inguru entregatu.
Turismoko zuzendari Maite Cruzado pozik agertu da bigarren azoka honetan lortutako emaitzengatik eta sektoreak zein lan bila dabilen jendeak emandako erantzunagatik. «Edizio hau oso ona izan da, benetan positiboa eta pozgarria, adierazle guztiek lehenengo ediziokoak gainditu baitituzte. Bestalde, erakusmahaietako parte-hartzaileen balorazioak altuak dira; izan ere, Ficoban egon ziren 65 erakusmahaien % 86k parte hartuko luke hurrengo edizioetan. Beraz, azoka egonkortu bati buruz ari gara. Argi utzi du sektorean horrelako azoka baten beharra zegoela, helburutzat izango zituena kalitatezko enplegu profesionala sortzea eta sektorea profesionalizatzea, eta, horrela, helmugaren kalitatea hobetzea», adierazi du.
Azokan 65 erakusketari izan ziren, Gipuzkoakoak gehienak. Bizkaiko bat eta Hendaiako bi ere izan ziren bertan. Sektoreka, honelakoa izan zen sailkapena: hotelak eta ostatuak (% 21-32), agentziak eta DMCak (% 10-15), zerbitzu enpresa osagarriak (% 7-11), baliabide turistikoak eta ekitaldiak (% 7-11), marketina eta kudeaketa (% 5-8) eta ostalaritza eta merkataritza (% 5-8). Enpleguaren eta prestakuntzaren sektorea ere ordezkatuta egon zen azokan (% 10-15).
Aurreko edizioan bezala, azokak enplegu eskaintzaile gisa parte hartzeko aukera ematen zuen, erakusketari izan beharrik gabe. Parte hartzeko modu horrek Lanbidek homologatutako eta baimendutako lau enplegu agentziaren lankidetza eta bitartekaritza izan zituen, gainera: Bidasoa activa, Oarsoaldea, Tolosaldea eta Urola Garaiko Uggasa. Parte hartu zuten erakusketarien bidez nahiz agentziek berezko dituzten kanalen bidez, otsailaren 8tik 18ra, 131 lan eskaintza jaso eta argitaratu ziren web orrian. Guztira, 217 lanpostu eskaini ziren: % 86 ostalaritzan eta gastronomian; % 7 ostalaritzan eta ostatuetan; % 3 gidari, DMC eta turismo aktiboko enpresetan; eta % 4 bestelakoetan.
Lurraldeka, Gipuzkoan egin ziren kontratuen % 67; Hendaian, % 20; Nafarroan, % 9, eta beste leku batzuetan % 4. Udalerrika, Donostian 88 lan kontratu sinatu ziren; Hendaian 44, Hondarribian 23, Igantzin 20, Irunen 13, Pasaian 7, Astigarragan 5, Zumaian 4, Bakion 3, Saloun 3 eta beste leku batzuetan 7.
Erakusketarien % 88k ondo edo oso ondo baloratu dute azoka oro har (kokapena, data, iraupena, programa…), eta % 86k adierazi dute hurrengo edizioetan parte hartzeko prest daudela. Erakusketarien % 40k joan zen urtean ere parte hartu zuten, eta % 80k Turislanen ezagututako norbait kontratatu du.
Data horietan, interesatuek aukera izan dute curriculum vitaea webaren bidez bidaltzeko eta, horrela, enplegu eskaintzaile eta/edo erakusketari gisa izena eman zuten enpresekin elkarrizketak hitzartzeko. Epea amaitutakoan, 2.014 curriculum vitae zenbatu ziren, eta 413 hitzordu jarri ziren enpresek eta hautagaiek azokan elkarrizketa egiteko. Elkarrizketa hitzartu horiek pabiloiko eremu bereizi batean egin ziren, jendaurreko azoka batekoa baino eremu diskretu eta isilago bat bermatze aldera.
Bi edizioen arteko aldea nabarmena izan da ia parametro guztietan. Datak aurreratu, eta askoz ere azalera handiagoko eremu batera aldatu bada ere, azokak argi erakutsi du lehen edizioan susmatu zen hazteko potentziala izan baduela.
«Zifra horiek hazkunde eta etorkizun handiko helmuga bihurtzen dute Gipuzkoa turismo arloan, eta horri esker, lan bila ari diren pertsonentzako aukera handi bat ere bada. Sektore hori lurraldearen garapen ekonomikorako motor garrantzitsuenetakoa da, aberastasuna sortzen ari da, eta ikusi dugunez, enplegua ere bai. Guztiok, administrazioak, eskualdeek zein enpresek ahalegin handia egin behar dugu sektore turistikoen kalitate adierazleak hobetzeko, eta, horretarako, enpleguaren kalitatearen eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustua egin behar dugu. Espero dut azoka hau bietarako baliagarri izatea», adierazi du Cruzadok.
Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izan da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere izan da.
Turislanen parte hartu duten enpresa batzuek bete beharreko lanpostuak izan dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai izan zitezkeenak ezagutu nahi zituzten. Azokan parte hartu dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek.
1703