Turismo enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalerako eta ekintzailetzarako laguntza berriak
Turismo enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalerako eta ekintzailetzarako laguntza berriak
Aldundiak 250.000 euro bideratuko ditu autonomoentzat eta 10 langile baino gutxiagoko mikroenpresentzat.
Foru Aldundiak laguntza lerro berri bat ireki du Gipuzkoako turismo enpresa txikien ekintzailetza eta eraldaketa digitala sustatzeko, guztira 250.000 euroko zuzkidurarekin. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, programa horren bidez, “Foru Aldundiak sektorea indartzen jarraitzearen aldeko apustua egiten du, pandemiak gehien erasan duen sektoreetako bat baita, berrikuntzatik eta lehiakortasunetik abiatuta, enpresa ekimen berriak abian jartzea erraztuz, eta bereziki ETEei eta autonomoei suspertzen eta etengabe hobetzeko ahaleginean lagunduz”.
Laguntza lerro honetara bildu ahal izango dira beren kontura lan egiten duten pertsona fisikoak edo autonomoak, eta, pertsona juridikoen kasuan, 10 langile baino gutxiagoko mikroenpresak, baldin eta jarduera hauetakoren bat badute: bidaia agentzien lizentzia duten turismo agentzia hartzaileak, turismo gidariak, turismo aktiboko enpresak, hotel establezimenduak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekazaritza turismoko establezimenduak, landetxeak eta aterpetxeak, eta erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak, betiere pertsona juridikoak badira, eta gutxienez besteren konturako langile bat badute.
Pertsona edo enpresa onuradun bakoitzak 7.500 eurora arteko laguntza jaso ahal izango du, eta 10.000 eurora iritsi daiteke enpresa sortu berrien kasuan. Atzo, osteguna, onartu zen deialdirako eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 30ean amaituko da. Internetez aurkeztu beharko dira, Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuta. Deialdiari buruzko informazioa Aldundiaren dirulaguntzen atarian egongo da eskuragarri www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak
Laguntzen xehetasunari dagokionez, lurraldean turisten mugimendua sortzen duten eta gutxienez enpresa ezberdinetako bi zerbitzu turistiko kontsumitzea dakarten produktu turistiko berriak sustatzeko eta merkaturatzeko kanpainak babestuko dira, baita lehiakortasuna, sustapena edo merkaturatzea hobetuko duten tresna teknologikoak eta berrikuntza proiektuak garatzea ere. Enpresa sortu berrien kasuan, enpresa abiarazteko gastuak ere kontuan hartuko dira, hala nola sustapen materiala prestatzea, bideragarritasuna aztertzea, marka erregistratzea, irudia diseinatzea… Enpresa sortu berritzat hartuko dira deialdiaren aurreko urteko urtarrilaren 1etik deialdiaren urteko azaroaren 30era bitartean sortutakoak.
Deialdi horren bidez, Aldundiak “sektorean balioa sortuko duten ideia eta negozio turistiko berriak sortzen lagundu nahi du, bai eta beren ibilbidea hasi berri dutenak sendotzen ere, lehen urratsetan behar duten babesa emanda. Autonomoei eta mikroenpresei gure turismo eskaintzaren lehiakortasuna, sustapena eta merkaturatzea hobetuko duten tresna teknologikoak garatzen lagundu nahi diegu, kontsumo ohitura berrietara egokituz eta informazio, komunikazio eta merkaturatze teknologia berriak sartuz”. Azaldu duenez, “eraldaketa digitala etorkizuneko erronka da sektore turistikoan ere, eta lan egiteko eta bezeroekin eta hornitzaileekin erlazionatzeko modu berriak eta negozio aukerak dakartza. Bide horretan lagundu nahi diegu, hain zuzen ere, txikiagoak direlako baliabide gutxiago dituzten enpresei”.
Beste ekimen batzuk
Trantsizio digitala funtsezko prozesua da lurraldea sustatzeko modu berrietan. Garrantzi horrekin bat etorriz, Aldundiak turismo informazioko zerbitzuen digitalizazioari ekin zion iaz, alde batetik, Arantxat txatbotaren eta Gipuzkoa Passport aplikazioaren bidez, eta, bestetik, joan den azaroan Gipuzkoa Turismoa I. Hackathon ekitaldia antolatuta, Euskadiko punta-puntako enpresa teknologiko batzuekin lankidetzan. Gainera, laguntza horiek bat datoz Gipuzkoa Turismoa HUBaren jarduerarekin; 2021ean jarri zen abian, eta lurraldeko 150 enpresak baino gehiagok hartzen dute parte bertan, sektorearen lehiakortasuna, berrikuntza eta nazioartekotzea hobetzeko elkarlanean.
3903