Turismo sektoreko 447 autonomok eta ETEk 1,55 milioi jasoko dituzte zuzeneko laguntza gisa
Turismo sektoreko 447 autonomok eta ETEk 1,55 milioi jasoko dituzte zuzeneko laguntza gisa
Aldundiak datozen egunetan emango ditu COVID-19aren inpaktuaren aurrean sektorea babesteko dirulaguntzak.
Foru Aldundiak COVID-19aren krisiaren aurrean turismoaren sektoreari eusteko zuzeneko laguntzen programaren esleipena onartu du, eta 1,55 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Helburua da sektorea babestea eta hari euskarri ekonomikoa ematea, pandemiaren hedapenari eusteko hartutako neurrien inpaktua murriztu eta jarduerari bultzada berria ematea errazteko. Gipuzkoan sektore horretan diharduten 447 ETE zein autonomo, guztira 1.710 langile batzen dituztenak, laguntzen deialdi honen onuradun izango dira. Deialdiaren ordainketa datozen egunetan gauzatzea espero da, dagokion foru agindua onetsi ondoren.
Laguntza horiek Gipuzkoako Ekonomia Indartuz sarearen laguntza eta eraldaketa planaren barnean daude, eta Gipuzkoako turismo sektoreko balio kate osoko autonomoei, mikroenpresei zein enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude. Hala, hartzaileen artean daude 152 hotel, 108 nekazaritza-turismo establezimendu eta landetxe, 62 bitartekaritza enpresa –bidaia agentziak, erreserba zentralak, operadoreak…–, 47 gida turistiko, 30 apartamentu turistiko, turismo aktiboko 26 enpresa, 11 aterpetxe, erabilera turistikoko 7 etxebizitza eta 4 kanpin. Dirulaguntza horiek jasotzeko baldintza da negozio zifraren zenbateko garbia gutxienez % 40 murriztu izana 2020an, aurreko urteko datuekin alderatuta, urte horretan jarduera hasi zuten enpresak badira izan ezik.
Establezimenduan edo lantokian dauden langileen kopuruaren arabera zehaztu da dirulaguntzaren zenbatekoa: 2.248,48 euroren (langile bat dutenak) eta 6.295,73 euroren (8 langile edo gehiago dituztenak) artekoa da. Dirulaguntza horiek bateragarriak dira Estatuak edo beste maila instituzional batzuek ematen dituztenekin. Balio kate turistikoko jarduera profesional guztiak kontuan hartzeaz gain, lehentasuna izan da dirulaguntza horiek ahalik eta azkarren eta arinen izapidetzea, eta, horretarako, lehiarik gabeko konkurrentzia erregimenaren bidez emango dira.
Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak uste osoa du programa horrek lagunduko duela, «nahiz eta premia guztiak bete ez –osasun krisiari erantzuteko hartutako neurriek inpaktu handiagoa izan dutelako turismoan beste ezein jardueratan baino– inpaktu hori arintzeko, enpleguari eta jarduerari eusteko, eta sektorearen susperraldia bizkortzeko». Hori guztia kontuan hartuta «zuhurtasuna eta baikortasuna uztartzen direla nagusi uda honetan. Estatuko turismoa oso ondo ari da erantzuten, oxigeno iturri garrantzitsua da, eta atzerriko turismoa ere pixkanaka itzultzen ari dela ikusten ari gara, oraindik ere krisiaren aurreko mailetatik urrun dagoen arren. Espero dugu uztailean eta abuztuan ekaineko joera ona berrestea. Aurreikuspen batzuen arabera, hilabete honetarako okupazioa % 70etik gorakoa izango da, eta hori nahiko kopuru ona litzateke gaur egungo egoeran».
Krisiaren aurrean sektorea epe laburrean babesteaz gain, diputatuak aurrera begirako lanaren garrantzioa ere aipatu du: «Etorkizunerako prestatzen jarraitu behar dugu, pandemia osteko turismo ereduaren oinarriak eraikiz, turismoaren industriari balioa emango dioten jarduketa eraldatzaileen bidez, sektore ekonomiko lehiakor gisa, enpleguaren, aberastasunaren eta balio erantsiaren sortzaile gisa Gipuzkoan. Lanean jarraitu behar dugu turismoa udan bakarrik ez izateko, Gipuzkoa osoan banatzeko eta kalitatezko eredu turistiko bereizi bat finkatzeko». Aldundiak jada abian jarritako etorkizuneko ekimenen artean daude 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoa zabaltzea eskualdeekin eta eragile turistikoekin batera, eraldaketa digitalaren aldeko apustua egitea 'Arantxat' bezalako kanalen bidez, edo HUB turistikoa irekitzea, enpresa eta ekintza berritzaileak garatzeko.
Donostia, 2021eko abuztuaren 6a
1518