Txirrindularien eta oienzkoen mugikortasunari buruzko
Txirrindularien eta oienzkoen mugikortasunari buruzko
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok lurraldean txirrindularien eta oinezkoen mugikortasunaren egungo egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Batzar Nagusietan, udalerrien premiak ezagutzeko eta sustapen-jarduketak planteatzeko.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean agertu da, pandemia garaitan, Gipuzkoan txirrindularien eta oinezkoen mugikortasun-ohiturei buruz azken hilabeteetan garatutako diagnostikoa aurkezteko. Horretaz gain, lurraldearen barruan txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko premiazko ekintzen proposamen bat ere aurkeztu du.
Erakundeen arteko adostasunaren eta lankidetzaren bidez osatutako diagnostiko horrek, Romerok aipatu bezala, “mugikortasun berriaren bidea erakusten digu, lurraldeko udalerrien eta herritarren eskaerak argi eta garbi erakusten dituelako eta garraio jasangarria mugikortasunerako hautabide gisa ipintzen duelako, milaka pertsonari modu seguruan mugi daitezen laguntzeko.”
Jarraian Bizikletaren Kontseiluan aurkeztuko dugun diagnostikoa ekaina eta urria bitartean landu dugu, zuzenean edo zeharka Gipuzkoan mugikortasunaren esparruarekin lotuta dauden erakundeetako —publikoak eta pribatuak— eragile askori galdeketak eta elkarrizketak eginez. Bertan, 100 eta 25.000 biztanle arteko udalerrien premiak argi eta garbi ikus daitezke. Diagnostikoa osatzeko, Europan argitaratutako artikulu interesgarrien azterketa, Departamentuaren beraren txostenak eta dokumentazio teknikoa edo Ziklotekako atari espezializatutik ateratako dokumentazioa ere hartu ditugu kontuan.
Diagnostikoaren arabera, COVID-19aren ondorioz lehentasunak aldatu egin dira. Lehen, gainerako erabiltzaileekin espazioak partekatuz bizikletaren esparruan herritarrak sentsibilizatzeko premia zegoen bitartean, gaur egun, pertsonak euren lantokietara edo ikastetxeetara garraiatzeko premia nagusitu da eta lehen lekuan ipini da.
Halaber, aurkezten dugun dokumentuak premiazko hainbat proposamen aurreikusten ditu. Orain, zerrenda hori Batzar Nagusiek eta Bizikletaren Kontseiluak egin ditzaketen ekarpenekin osatzeko irekita dago. Horrek guztiak oinarri gisa balioko du, 2020. urtea amaitu aurretik, Txirrindularien eta Oinezkoen Mugikortasuna Sustatzeko Premiazko Jarduketen Plan Integral bat osatzeko. Premiak aztertu ondoren, proposatutako neurriak udalek abiarazi ahal izateko aurrekontu-zuzkidura izango duen ezohiko plan bat.
“Gipuzkoak egungo testuingurura egokitutako plan bat izateko ahal dugun guztia egin behar dugu txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko, izugarrizko zailtasunak eta ziurgabetasunak dauden unean. Herritarrek modu seguruan mugitzeko beharra izaten jarraitzen dutelako. Eta gure betebeharra da, eskubide hori bermatzeaz gain, ingurumen garbiagoa ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurri politiko eta ekonomiko guztiak hartzea aldi berean. Horrek, gainera, lurraldearen dinamismo ekonomikoaren elementu traktorea izan behar du, eta gizarte- eta lurralde-kohesiorako lagundu behar du".
Pandemiako hilabete hauetan, eta, batez ere, deskonfinamenduan zehar, hiri eta herri askok premiazko neurriak hartu dituzte krisi sanitarioaren ondoriozko mugikortasun-premia berrietara egokitzeko. Kasu askotan pandemiaren ondorioz azaleratutako behin-behineko diseinu-soluzioak. Horiek behin betiko bihur daitezke, bide horretatik urratsak eman behar direla dioen iritzi publikoa kontuan hartzen badugu: hiri barruko eta tokiko ibilbideak, eta, ahal den neurrian, hiriarteko ibilbideak —espaloiak behin betirako zabalduz bertatik oinez ibiltzeko—, bidegorri berriak edo beste azpiegitura batzuen gainean eraikiak.
Romerok ere hau adierazi du: “orain, eskuduntzak dituzten botere publikoei dagokie —maila anitzeko eskuduntzatik eta gobernantza partekatu eta lankidetza hobea praktikatuz— mugikortasun hori ahalbidetzeko eta bermatzeko neurriak ezartzea. Hori baita gure herritarren nahia, pandemiaren testuinguruan argi ikusi den bezala”.
1975