UCGL Peace Prize sariaren antolakuntzan parte hartuko du Aldundiak
UCGL Peace Prize sariaren antolakuntzan parte hartuko du Aldundiak
Diputatu nagusia gaur batzartu da Pax for Peace GKEaren ordezkariekin
Gipuzkoako Foru Aldundia Peace Prize hiru urtean behineko sariaren bigarren ekitaldiaren sustatzaileetako bat izango da. Sariak saritu ohi ditu mundu osoko tokiko gobernuek bakearen alde egiten dituzten ekimen berritzaileak, eta 2019an emango da. Toki eta Eskualdetako Hiri eta Gobernuen Munduko Sareko kide den aldetik, hura baita ekimen honen sustatzailea, foru erakundeak antolakuntzan parte hartuko duen 5 sustatzaileetako bat izango da, hain zuzen, elkarbizitza programetan eta gatazka osteko kudeaketan duen esperientzia luzeari esker. Gonbidapena gaur arratsaldean formalizatu da Dion van den Berg eta Inge Baanders Pax for Peace antolakuntza holandarraren ordezkarien bisitan. Izan ere, GKE hori ere Peace Prize saria sustatzeko ekimenaren bazkide da. Bilerara, orobat, Maribel Vaquero Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiako foru zuzendaria eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendaria ere joan dira.
Markel Olanok nabarmendu du Gipuzkoak eta beste tokiko gobernu batzuek rol garrantzitsua dutela elkarbizitza eta elkarrizketa sustatzeko orduan, herritarrengandik gertu daudenez gero. Diputatu nagusiak antolakuntzaren ordezkariei azaldu die nola Gipuzkoa den indarkeriak asko zigortu duen lurraldea, biktima kopuruarengatik eta gatazkak hamarkada luzeetan zehar sortu duen tentsioagatik ere bai. Ondoren, nabarmendu du: «Lurralde honetan ahalegin berezia egin da elkarrizketaren eta elkarbizitzaren alde, bai erakundeetatik, bai herritarren artetik». Foru diputatuaren ustez, Gipuzkoak ongi erakusten du zein balio handia duten elkarbizitzaren aldeko tokiko ekimenek, izan ere: «gure lurraldeak 10 urte baino gehiago darama elkarbizitzaren tokiko ekintzarako programa bereziak sustatzen». Toki mailako eragileen bidaide izanik, Olanok esan duenez, «Aldundiak bere esperientziak partekatu nahi ditu, eta nazioartean interesa piztu nahi du». Diputatu nagusiak bereziki nabarmendu du «gure lurraldearen etorkizunaren alde egiten dugun apustua, kultura politikoan eta demokratikoan oinarritzen den gizarte baten alde», non Aldundia, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, indarrak biltzen ari baita.
Bizikidetza Lantzen eta antzeko programetan sentikortasun eta ibilbide desberdinak dituzten pertsonek hitz egiten dute, eta elkarbizitzarena aldeko akordioetara iristen dira, foroak, esperientziak eta toki mailako ekintzak sustatuz. 2017an Gipuzkoako herritarren % 67a ordezkatzen duten 24 udalerritara iritsi zen programa zabal honi esker. Diputatu nagusiaren esanetan, «programa hauen irismenak eta erakundeen, ordezkari politikoen eta herritarren inplikazioak Gipuzkoak elkarbizitzaren alde duen konpromisoa erakusten dute, eta uste dugu konpromiso hori interesgarria izan daitekeela nazioartean». Etorkizunerako apustuen barruan, "aniztasuna babestuz, ikusaraziz eta diskriminazioaren aurka eginez kohesio soziala sendotzeko" planak ere aipatu ditu Olanok.
Bakearen Saria, Toki eta Eskualdetako Hiri eta Gobernuen Munduko Sarea
Lehen edizioa Bogotan izan zen (Kolonbia), 2016an. Saritua Kauswagan Filipinetako hiriaren From Arms to Farms proiektua izan zen. Proiektu hori lurraldeko kristau eta musulman komunitateen arteko elkarbizitzarako zubiak eraikitzen eta garatzen ahalegintzen da, ikuspegi sozio-ekonomikotik.
UCLG Peace Prize-ren edizio berrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste 5 bazkideekin batera, tokiko gobernuek abiarazitako tokiko ekimenak sarituko ditu, beste eskualde batzuei indarra emango diotenak antzeko esperientziak sustatzeko. Horrela, sariaren bigarren edizioak hauen finantzaketa izango du: Gipuzkoako Foru Aldundia, VGN International (prozesuaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzen den Holandako fundazioa), Bartzelonako Diputazioa, Bakerako Holandako Funtsa eta Tromsø hiria (Norvegia). Orobat, bertan izango dira Madrileko Udala, PAX for Peace (Herbeheretako GKEa) eta Granollerseko Udala.
Toki eta Eskualdetako Hiri eta Gobernuen Munduko Sarea mundu mailan eskualdeei eta tokiko gobernuei ahotsa ematen dien erakunderik garrantzitsuenetako bat da. Sarea 2004an sortu zen Parisen, helburu zuelarik tokiko eta eskualdetako gobernu elkarte nagusiak biltzea, baina mende oso bateko historia du berez, Gant-en (Belgika) 1913an sortu zen nazioarteko udal mugimendutik sortu baitzen, herrialdeek aurrean zituzten erronka globalez eta tokiko erakundeek etorkizunean zuten rol erabakigarriaz jabetuta.
Nazioarteko sari honen bigarren edizioa Durban-en izango da (Hego Afrika), Sareak Nazioarteko Kongresua bertan ospatzen duela baliatuz.
1543