Udalek 22 milioi berreskuratu dituzte, maiatzeko doiketarekiko
Udalek 22 milioi berreskuratu dituzte, maiatzeko doiketarekiko
Udalek 450,6 milioi euro jasoko dituzte aurten Udalen Finantzaketarako Foru Funts honetatik.
Gipuzkoako udalek 450,6 milioi euro jasoko dituzte aurten Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), lurraldeko udalen diru-sarrera nagusia dena. Ondorioz, udalerriek 22 milioi euro berreskuratu dituzte (+% 5,1) aurtengo maiatzean UFFFan egin zen doikuntzarekin alderatuta. Moldaketa haren arrazoia funtsaren zuzkidura COVID-19k eragindako zerga-bilketaren beherakadara egokitzea izan zen. Gipuzkoako udalerriek UFFFaren laugarren hiruhilekoko ordainketan jasoko dute aparteko zenbateko hori, azaroan. 2019ko datuekin alderatuta, aldiz, funtsaren zuzkidura 78 milioi eurotan murriztu da (-% 14,8). Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak gogorarazi duenez, zerga-bilketak pandemiaren eraginpean jarraitzen du, eta horrek maila instituzional guztietako finantzaketari eragiten dio, udaletakoari barne.
Gipuzkoako Udalek UFFFaren banaketaren berri izan dute gaur eguerdian, Gipuzkoako Finantza Kontseiluak Donostian egin duen bileran. Parte hartzaile gehienak modu telematikoan konektatu dira. Topaketan parte hartu dute, Foru Aldundia ordezkatzen, Larrañagak berak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Ingurumeneko foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak. Eudelen aldetik, bertan izan dira Ane Beitia Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza Oñatiko alkatea; Miguel De los Toyos Eibarko alkateak; Eneko Maioz Orexako alkatea; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria. Ogasun diputatuak azpimarratu duenez, foro horrek aurten egin duen laugarren bilera da.
Halaber, Larrañagak gogorarazi du urtea itxierari dagozkion aurreikuspenak direla mahai gainean jarrita direnak, eta otsaileko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan egiten dela ekitaldiaren behin betiko likidazioa: zerga-bilketa errealak aurreikuspenak gainditzen baditu, Udalek aparteko ordainketa bat jasotzen dute; aurreikusitakoaren azpitik geratzen bada, udalek aldea itzuli behar dute. "Kasu honetan, adierazi dizuegun kopuruek errekuperazio bat suposatzen dute, maiatzean egin behar izan genuen UFFFaren doikuntzarekin alderatuta. COVID-19ren ondorioek zerga-bilketa kolpatzen jarraitzen dute, baina Gipuzkoako erakundeak gai izango dira urtea koadratu eta pandemiak aurrean jartzen dizkigun erronkei sendotasunez erantzuten jarraitzeko ", adierazi du.
Testuinguru horretan, Aldundiak Gipuzkoari esleitutako defizit muga udalekin partekatuko dela azaldu du. Zorpetzeko gaitasun hori Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren irailaren 30eko bileran lortutako akordioaren emaitza da. Itun horren arabera, hiru Aldundiek BPGren % 0,9ko defizita hartu dezake ekitaldi honetan, eta % 0,8koa 2021ean. “Ehuneko horietatik, % 60 Aldundiarentzat izango da, eta gainerako % 40a udalentzat; beraz, udalen kasuan, denen artean izango duten zorpetzeko gaitasuna 80 milioi euro ingurukoa izango da", aurreratu du. Zorpetzeko gaitasun hori UFFFa arautzen duten ehunekoen arabera banatuko dela ere gaineratu du Larrañagak du.
"Zorrarekin finantzatzen den defizitaz hitz egiten dugunean, gogoratu behar da zor hori gero interesekin itzuli behar dela", gogoratu du Larrañagak. Hori dela eta, kontu publikoak arduraz eta zuhurtziaz kudeatzen jarraitzeko deia egin die udalei, “orain arte egin duten bezala”. "Erronka handiak ditugu aurrean, bai orainaldian zein epe luzeagoan, eta administrazio publikoek momentuko beharrei erantzuteko gai izan behar dugu, baina biharko beharrei aurre egiteko beharko dugun gaitasuna hipotekatu gabe", gaineratu du.
2021
Datorren ekitaldiari dagokionez, eta betiere aurreikuspenen arabera, 47 milioi euro (+% 10,3) gehiago izango dira 2020ko aurre-likidazioarekin alderatuta; beraz, UFFFaren zuzkidura 498 milioi eurokoa izango da. Ogasun diputatuak azpimarratu duenez, igoera "nabarmena” litzateke, eta, honi esker, udalek baliabide gehiago izango dituzte beraien politika publikoak garatzeko. Hala ere, egungo pandemia egoeran aurreikuspenak egitea "oso zaila" dela ohartarazi du, "gauzak egun batetik bestera aldatzen direlako", baina konfiantzazko mezua zabaldu nahi izan du: "Konfiantza oso dut, gure erakundeek datozen erronkei aurre egiteko sendotasuna eta gaitasuna badutelako".
1531