Udalekin elkarlanean, lurralde osoan partekatuko du kultura politikoari buruzko gogoeta maiatzean Aldundiak
Udalekin elkarlanean, lurralde osoan partekatuko du kultura politikoari buruzko gogoeta maiatzean Aldundiak
Udalekin elkarlanean, lurralde osoan partekatuko du kultura politikoari buruzko gogoeta maiatzean Aldundiak
Herritarren jarrera balio eta portaera demokratikoetan sakontzeko ekindako bidean sakonduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen asteetan, urrats berri batekin: tokian tokiko lanketa saioak.
Hausnarketa lurralde osora zabaltzeko nahiarekin gogoeta eragiteko zenbait saio egingo dira hilabete honetan. Lasarte-Orian, Tolosan eta Arrasaten izango dira, hurrenez hurren, lehenak. Urte bukaeran aurkeztutako gipuzkoarren kultura politikoari buruzko ikerketa lana hartuko da oinarri gisa. Datorren astelehenean, hilak 14, hasiko den saio sorta aztertzeko bilera egin du gaur Markel Olano diputatu nagusiak Aldundian, eta bertan izan dira Jesus Zaballos, Olatz Peon eta Maria Ubarretxena alkateak. Hain zuzen, hautetsiek, bai udaletakoak zein Batzar Nagusietakoek protagonismo berezia izango dute prozesuan, eragile sozial eta ekonomikoekin batera, gizartearen eta pentsaera politiko ezberdinen ahalik eta ordezkaritza zabalena bilatuko baita saioetan.
Helburu nagusi batekin hau guztia, "Gipuzkoa kultura politiko demokratikoa sendoa duen herritarrez osatutako lurraldea izatea", diputatu nagusiak aurkezpenean azaldu duenez. Are gehiago, Olanok kultura politiko demokratikoaren gaia zuzenean lotu du Gipuzkoak etorkizunera begira dituen erronkekin. Azaldu duenez, "aurrera begira, gizarte moderno eta plural baten elkarrekin bizitzeak, kudeaketa horrek ahalik eta jarrera demokratikoena eskatzen du eta, gizarte bezala, etorkizuneko gatazkak gainditzeko aukera gehiago izango dugu kultura demokratikoan inbertituz, bizikidetzan eta jarrera kritikoan irmoki oinarritzen den kultura politiko batekin". Gipuzkoan zabaltzen ari den politika egiteko modu berriaren baitan kokatzen da ahalegin hau, Olanoren esanetan.
Konfiantza gizartean eta funtzionamendu demokratikoa
Hausnarketa saioek lanabes gisa abenduan aurkeztu zen Gipuzkoarren Kultura Politikoa izeneko ikerketa lana hartuko dute. Iaz ekainean eta uztailean 1.496 gipuzkoarrei egin zitzaien galdeketan oinarritzen da txostena. Gipuzkoarren balioak, politikari buruzko imajinarioa eta, besteak beste, egungo sistema politiko eta demokratikoaren inguruko balorazioak jaso ziren inkestetan. Ikerketaren emaitzek aurretik susma zitekeen herritarren politikarekiko urruntasuna konfirmatu zuten baina, baita ere, irakurketa zabalagoa eskatzen zuten ondorioak azaleratu ziren. Esate baterako, ikerketak agerian utzi du gipuzkoarren gehiengoak gizartearengan duen konfiantza handia ala Euskadiko funtzionamendu demokratikoaren asebetetze maila altua, Espainiako Estatuarenarekiko mesfidantza gehiagorekin. Erabakitze eskubideak duen onarpen zabalak ere nabarmentzeko moduko datuak utzi zituen. Bestalde, ikerketan garbi jaso dira herritarren multzo handi batek politikarekiko duen interes eta atxikimendu falta, nahiz eta partaidetza handiagoa eta gai sozial eta politikoekiko ardura handia adierazi zuten galdetutakoek (Txostena ikusi hemen: http://bit.ly/2wdd66j).
Prozesua
Ikerketak ateratako argazki horrekin planteatuko dira kontraste saioak: maiatzaren 14an Lasarte-Orian, 17an Tolosan, 21ean Arrasaten. Gehiago iragarriko dira datozen asteetan. Saio bakoitzean eskualde horretako ala dagokion barrutiko talde politikoetako ordezkariek, udal hautetsiek, batzarkideek eta eragile kulturalek, sozialek ekonomikoek, besteak beste, hartuko dute parte. Gizartearen ordezkaritza zabala jasoko duen talde lana egingo da herritarrekin, adituekin eta ordezkari politikoekin. Partaideei Gipuzkoako kultura politikoari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztuko zaizkie eta ondorioak konpartitu eta osatu egingo dira prozesua osatzeko.
1380