Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Unai Andueza izango da Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu berria

Unai Andueza izango da Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu berria

· Anduezak Ane Insaustiren lekukoa hartuko du, azken honek kargua utzi ostean, bere jatorrizko sektorera itzuli eta atzerrian proiektu profesional berria hasi asmoz. · Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkio Insaustiri Gipuzkoaren alde egindako lan eskergagatik; aldi berean, Anduezak enpresekin eta lurraldeko ehun ekonomikoarekin lankidetza estuan pilatu duen ibilbidea nabarmendu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Unai Andueza Iraetak (Azkoitia, 1973) hartuko du lekukoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu gisa, orain arte karguan zen Ane Insaustik ardura hori uzteko erabakia hartu ostean, bere jatorrizko sektore profesionalera itzuli eta atzerrian proiektu profesional eta pertsonal berria abiaraziko duela eta. Azken urteotan Proiektu Estrategikoetako (2020-2023) eta Ekonomia Sustapeneko (2023-2025) foru zuzendaria izan da Andueza eta, aurretik, enpresa munduan nahiz eskualde garapenean eskarmentu esanguratsua pilatua da.

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Anduezak lurraldeko enpresa sarearekin, garapen agentziekin eta ekonomiaren alorreko eragileekin “elkarlan estuan” dihardu azken urteotan eta, beraz, “ezagutza zabala eta oso gertukoa” dauka gipuzkoar ekonomiak bizi duen egoeraren inguruan. Aldi berean, gainontzeko erakundeekin eta eragileekin “lankidetzan buru-belarri” aritu da azken urteotan lurraldeko hainbat proiektu estrategiko gauzatzeko eta indartzeko, MUBIL, Ziur eta Elkar Ekin Lanean, kasu. Anduezak, ingeniari industriala izateaz gain, MBA masterra dauka eta aditua da enpresen lehiakortasunean eta eskualde garapenean.

“Profil ezin aproposagoa du ahalegin partekatu horretan lekukoa hartzeko, etorkizuneko desafioei elkarlanean ekiten jarraitzeko eta, europar industria bidegurutzean dagoen honetan, gipuzkoar enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza hauspotzen segitzeko. Une erabakiorra bizi dugu eta Foru Aldundiak bere ekarpena egiten jarraituko du ongizatera bideratutako ekonomia garatzen jarraitzeko garaian”, azpimarratu du Mendozak.

Aldi berean, Mendozak esker onezko hitzak izan ditu Ane Insaustirentzat, zeinek bizitza eta lan etapa berri bat hasiko duen atzerrian, bere jatorrizko sektore profesionalera itzuliz. “Bere jakintza eta gaitasun guztiak Gipuzkoaren zerbitzura jarri ditu azken urteotan eta egindako lan emankorra aitortu nahiko nuke”, gehitu du diputatu nagusiak, eta “bihotzez zorterik onena” opatu dio aurrera begira ekingo dion bizitza proiektu berrian.

Foru diputatu berriaren benera jartzeko ekitaldia bihar bertan egingo da Gipuzkoako Foru Aldundiko Iargi Aretoan eta datorren asteko Diputatuen Kontseiluan dagoeneko diputatu gisa parte hartuko du Anduezak.

  

6480