Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Unibertsitateekin lankidetza, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko

Unibertsitateekin lankidetza, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia lau unibertsitateetako arduradunekin elkartu da.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bilera izan du gaur goizean lurraldeko unibertsitate nagusietako arduradunekin, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ibilbidearen balantzea egiteko eta erakunde akademikoen eta Aldundiaren artean abian jarritako lankidetza ildoei buruzko azterketa partekatzeko. Bileran, Gipuzkoak gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan izango dituen erronka nagusiei aurre egiteko lankidetza indartzea adostu dute, azken hilabeteetan areagotu egin baitira, COVID-19aren pandemiaren ondorioz.

Bileran parte hartu dute, diputatu nagusiaz gain, Jose Ignacio Asensio Ingurumenko diputatuak, Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategiako foru zuzendariak eta Xabier Barandiaranek, Aldundiko Estrategia arduradunak. Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) aldetik, Nekane Balluerka errektorea eta Agustin Erkizia Gipuzkoako kanpuseko errektoreordea izan dira; Deustuko Unibertsitatearen ordezkari, Jose Mª Guibert errektoreak hartu du parte; Mondragon Unibertsitatekoak, Vicente Atxa errektorea eta Jon Altuna errektoreorde akademikoa; eta, azkenik, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolaren izenean, Raul Anton zuzendaria etorri da. Akordioak bi urteko indarraldia izango du eta Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gauzatzeko.

 

"Besteak beste, gizarteratzea eta laneratzea, adimen artifiziala, turismo jasangarria, zahartze osasungarria, Big Data, barne-ekintzailetza eta euskararen etorkizuna erronka atzeraezinak dira, eta Gipuzkoan lankidetzan ari gara, Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantzako tresnaren esparruan", adierazi du diputatu nagusiak.  Bere ustez, pandemiak "areagotu eta bizkortu" dituen "erronka globalei tokian tokiko erantzunak" emateko, "ezinbestekoa" da bai erakundeek eta bai eragile sozio-ekonomikoek "laguntzea", "lan kolektibotik eta esperimentaziotik" abiatuta.

 

Ekarpen “oso garrantzitsua” COVID-19aren aurkako ahaleginean

"Prozesu honetan guztian, ezinbestekoa da gure lurraldeko ezagutza zentroen ekarpena", adierazi du Olanok, eta "oso positibotzat" jo du lau unibertsitateek (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnun) Gipuzkoako etorkizuneko erronkei aurre egiteko egin duten ekarpena. "Ezagutza aurreratu hori gabe, eta berrikuntzarako gaitasun eta talenturik gabe,  ezinezkoa izango litzateke abian ditugun programak aurrera eramatea eta Etorkizuna Eraikiz berrikuntza kooperatiboko gunea eraikitzea", laburbildu du. Horrez gain, diputatu nagusiak gaurko hitzordua probestu du COVID-19aren aurkako ahaleginean Gipuzkoa eta Euskadi mailan unibertsitateek egindako “ekarpen oso garrantzitsua” aitortzeko.

Horrela azaldu du gaur Markel Olano diputatu nagusiak egoitza gure lurraldean duten lau unibertsitateekin Gipuzkoako Foru Aldundiak duen lankidetza hitzarmena berritzeak Gipuzkoarentzat duen garrantzia. Etorkizuna Eraikiz da akordio horren ardatz nagusia, eta, horri esker, unibertsitateek proiektuari lotutako ikerketa, azterketa eta zabalkunde lanak egiten jarraitu ahal izango dute.  Era berean, lau unibertsitateek konpromisoa hartu dute Etorkizuna Eraikiz Think Tank delakoan parte hartzeko, beren unibertsitateetako aditu nagusien bitartez. Etorkizuna Eraikiz Think Tank "hausnarketarako eta esperimentaziorako espazio komunitarioa" aste honetan bertan aurkeztu da, eta gizarte eta ekonomia sareko ordezkari kualifikatuak bilduko ditu.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, berriz, unibertsitateen lankidetza eta parte-hartzean jarri du azpimarra: “Inoiz baino beharrezkoagoa, jasaten ari garen osasun- eta ekonomia-krisiei irtenbidea emateko”. “Krisiaren irteera definituko duen terminoa  ‘azelerazioa’ izango da. Azken lauzpabost urteotan unibertsitateekin ditugun lankidetza-aurrekariek bermatzen dute aurrerabidea. Haiekin hitzarmenak ditugu, besteak beste, klima-krisiaren, GIHen eta ekonomia zirkularraren alorretan. Prozesu horiek azkartu egin behar dira, eta erakundeok horiek gauzatzeko arau eta aurrekontu egokiak jarri behar ditugu”, iradoki du.

 

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

EHUren kasuan, bere lana adimen artifiziala, zahartze osasuntsua, jasangarritasuna eta kontziliazio erantzukidea esparruetara bideratuko da, besteak beste. Hala, behatoki teknologiko bat aktibatzea aurreikusi da, adimen artifizialarekin eta hainbat eremutan izan dezakeen aplikagarritasunarekin lotutako teknologiak aztertzeko, bai eta eremu horretako hainbat proiektu abiarazteko ere; ikerketa lan berriak egingo dira adinekoen ongizatea hobetzeko; Gipuzkoan jasangarritasunari buruzko nazioarteko ikerketa sustatuko da; eta Erantzunkide sarearekin lankidetzan jardungo da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa eraginkortasunez ezartzeko, horrela, enpresetan kontziliazio erantzunkidea lortzeko.

Hori horrela, Nekane Balluerka errektorea pozarren azaldu da lankidetza akordio berri hau dela eta. “Elkarlan hitzarmen hau berritzeak –adierazi du– erakundeen arteko harremana sendotzeko balio du eta agerian uzten du unibertsitate publikoaren eta bere ikerketa lanaren aldeko Foru Aldundiaren jarrera. Elkarlan eredu baten oinarriak ezartzeko balio izaten ari da Etorkizuna Eraikiz programa. Horri esker, disziplina anitzeko lantaldeak finkatzen ari gara, hainbat foru egituraren arduradunekin erlazio estua dutenak, guztiak ere. Aipatzekoa da 2020-2021 biurtekorako zazpi ikerketa lerro markatu direla, zeinak 26 proiektutan mamitu diren eta 100 ikerlari baino gehiagoren partaidetza eragingo duten. Gure unibertsitatean jakintza lerro guztiak ditugu langai eta, horri esker, oso eremu zabalean lankidetzan aritzeko eta ikerkuntza alor anitz jorratzeko aukera dugu, adimen artifiziala, zahartzaro osasuntsua eta jasangarritasuna, kasu. Guztiak ere erabakiorrak gizarte garatu baten ikuspegitik, are gehiago gaur egun bizi dugun egoeraren aurrean”.

 

Deustuko Unibertsitatea

Deustuko Unibertsitateak, bestalde, Elkar-Ekin proiektuan bete-betean sartuta jarraituko du, orain arte bezala, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko. Horrez gain, adinekoek etxean bizitzen jarraitzeko gobernantza sistema bat garatzen parte hartuko du, bai eta gazteen emantzipazioarekin eta turismo adimendunarekin lotutako proiektu berritzaileetan ere. Sistema horretan, teknologien erabilera aztertuko da, turismo eredu jasangarriagoa bultzatze aldera.

            Jose Maria Guibert errektoreak ere gogobetetasunez hitz egin du, sistemako lau unibertsitateen eta foru erakundearen arteko lankidetzaren harira. “Guztien ongizatea lortzearen aldeko apustuak batzen gaitu, Gipuzkoaren beharrizan eta desafioak zientziaren bitartez gainditzeko konpromisoak. Horregatik, Etorkizuna Eraikizen testuinguruan, Deustuko Unibertsitateak bi alor nagusitan egiten du ekarpena, biak ere estrategikoak, azken hilabeteotako egoera berretsi duenez: gizarte zerbitzuetan –lurralde baten ongizatearen, kohesioaren eta justizia sozialaren zutabe– eta turismoan –teknologia eredu jasangarri baten alde erabiltzeko lanean–”, sakondu du.

 

Mondragon Unibertsitatea

Mondragon Unibertsitateak hizkuntza berrikuntzarako laborategia abian jartzen lagunduko du, Big Datarekin eta adimen artifizialarekin lotutako ikerketa prozesuetan parte hartuko du, gazteen artean ekintzailetzarekin eta enpleguaren etorkizunarekin lotutako ekintza berriak sustatuko ditu, eta berrikuntzarako metodo eta espazio berriak aztertuko ditu Gipuzkoako ikastetxeetan.

           Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak azaldu duenez, “Mondragon Unibertsitateak bere egiten ditu Etorkizuna Eraikizen helburuak”. “Gipuzkoa lehiakorrago eta jasangarriago baten aldeko lanean, Aldundia, Unibertsitatea eta enpresen arteko elkarlana da bidea”, azpimarratu du. Gehitu duenez, “industria aurreratu bat garatze aldera, baldintza ezinbestekoa da ekintzailetasuna, adimen artifiziala eta mugikortasun jasangarria sustatzea, etorkizunean balio erantsi handiko lanpostuak sortzen jarraitzeko berme gisa. Bide horretan, Mondragonek erakundeekin eta enpresekin lankidetzan segiko du, eremu horietan egindako ikerketa eta transferentzia proiektuen bitartez”. Amaitzeko Atxaren esanetan, Mondragon Unibertsitateak “hezkuntzaren alorreko berrikuntzarekin” duen konpromisoaren lekuko, Gipuzkoako eskoletan berrikuntza proiektu bat garatuko da.

 

Tecnun

Azkenik, Tecnunek adimen artifizialaren, Big Dataren eta zahartze osasuntsuaren arloan lan egingo du.  Zehazkiago, Gipuzkoan mendekotasuna duten 65 urtetik gorako biztanleekin lotutako hainbat aurreikuspen egitea proposatzen den proiektu batean lan egingo du, aurreikuspen horiek pertsona talde horri arreta egokia emateko erabiltzeko. Halaber, Tecnunek barne ekintzailetzari lotutako prestakuntza eta berrikuntza ekintzak sustatuko ditu.

Tecnuneko zuzendariak, Raul Antonek, lurraldean gizartearen zerbitzura dauden lau unibertsitate edukitzearen “aberastasuna” nabarmendu du. “Etorkizuna Eraikiz Foru Aldundian egitasmo egokienetako bat da, inondik ere, zeinetan gure ikerketa lanak lerrokatu ditzakegun herritarren beharrizanekin. Tecnuneko Bionformatika taldeak ITZErekin lan egingo du, adimen artifizialeko tresnak jarriz adineko eta menpeko pertsonen zerbitzura, haien bizi kalitatea hobetzea helburu. Tecnunek ia 20 urte daramatza BIC Gipuzkoa eta Nafarroako Unibertsitateko Innovation Factory-rekin batera lanean; Etorkizuna Eraikizen bitartez, enpresa barneko ekintzailetasuna sustatzeko jarraituko dugu, Gipuzkoako enpresetan negozio ideia berriak garatze aldera”, azpimarratu du.

  

2365