Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour AEG ikastetxeko ikasleek diseinatu dute Garberako langileen jantzi berria baztertutako oihalak erabilita

AEG ikastetxeko ikasleek diseinatu dute Garberako langileen jantzi berria baztertutako oihalak erabilita

Oihal-hondarrak jantzi berri bihurtzeko Foru Aldundiaren Upcycling proiektuaren esparruan

2017/06/30
  • Garberan jarri dira ikusgai ikasleen lanak. Irabazlea Tara Lucas izan da.
  • Deparatmentua Upcycling II proiektu pilotuan ari da lanean, birziklatutako hariaren fabrikazioaren bideragarritasuna eta ahalmena aztertzeko, moda jasangarria lehiakorragoa izan dadin.
  • José Ignacio Asensio: “Bikaina izan da herritarren erantzuna. Orotara 1.525 kilo oihal jaso dira, guk espero genuena baino hiru aldiz gehiago, eta bigarren fase bat diseinatzen hasi gara dagoeneko hondarra lehengai bihurtzen jarraitzeko, bertako fabrikazioa sustatzeko eta Gipuzkoako moda jasangarriaren industriak duen ahalmena balioesteko”.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok eman du aditzera, Ganbera merkataritza gunean apirilean jarri zen edukiontzi batean utzitako arropetatik abiatuta, bertako topaguneko langileen jantzi berriak diseinatzeko antolatutako lehiaketaren irabazlea.  Irabazlea Tara Lucas izan da. Sei uniforme diseinatu dituzte AEG Ikastetxeko diseinuaren arloko ikasleek, eta lan horren emaitza Foru Aldundiak berak antolatuta, eta Hondakinen Prebentzioaren Astearen barruan, azaroan egingo den moda desfilean ikusi ahal izango da. Lehiaketa hau Sailak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Modak, AEG ikastetxeak eta Garberak lagunduta, sustatutako UPCYCLING ekimenaren baitan antolatu da.

UPCYCLING ekimenaren helburua oihal-hondarrak jantzi berri bihurtzea da. Ez dira materialak eraldatzen berriro erabili ahal izateko, baizik eta lehengai bera erabiltzen jarraitzen da objektu berri bat egiteko, baina inolako prozesu industrialik erabili gabe, betiere diseinatzaileek diseinu alorrean duten gaitasun, esperientzia eta jakintzari esker.

 

Asensiok oso balorazio ona egin du ekimenaren emaitzaz, eta biziki eskertu du herritarrek egindako ahalegina eta erakutsitako konpromisoa; izan ere, 1.525 kilo oihal bildu dira orotara, Sailak hasiera batean espero zuena baino hiru aldiz gehiago.  Ekimenaren arrakasta ikusita, Saila hasita dago proiektuaren bigarren fasea diseinatzen hondarra lehengai bihurtzen jarraitzeko, bertako fabrikazioa sustatzeko eta Gipuzkoako moda jasangarriaren industriak duen ahalmena balioesteko.

AEG ikastetxeak 45 kilo oihal erabili ditu lehiaketara aurkeztu diren 6 uniformeak egiteko, eta beste 215 kilo behar ditu Miramar Jauregian azaroan egitekoa den Moda Jasangarriaren II. Desfilerako diseinu berriak egiteko. Gainerakoa Upcycling proiektu pilotuaren II. faserako gordeko da, eta unibertsitateen, industria-enpresen (horien artean Ekorec) eta birziklatutako hariaren fabrikazioaren bideragarritasuna eta ahalmena aztertzeko lehenengo fasean parte hartu duten eragileen laguntzarekin gauzatuko da.

“Moda jasangarriak, batetik, erreferentziako diseinuak eta maila handiko diseinatzaileak ematen dizkigu, eta, bestetik, ekonomia berdea garatzeko eta tokian tokiko enplegua sortzeko aukera. Jarraitu egin behar dugu I+Gn eta ezagutzan inbertitzen, eta, batez ere, gure gazteak eredu ekonomiko berrietan, negozio berdean prestatzen inbertitu behar dugu, sektore estrategikoak eta erreferentziakoak izango baitira etorkizun hurbilean”, esan du Asensiok. 

Gipuzkoako moda jasangarriaren arloko diseinatzaileek adierazi dute kasu askotan nekeza eta garestiagoa dela ehun organikoak, ehun jasangarriak lortzea, eta, horren ondorioz, moda konbentzionalaren aurrean lehiakortasuna galtzen dutela. Ingurumen Sailak ildo horretatik jarraituz aztertu nahi du kotoi birziklatutik sortutako ehunak fabrikatzeko aukera.   

Upcycling II

“Hauxe da Upcycling II proiektu pilotuaren filosofia: aukera hori aztertzea eta negozio berdean eredu berriak sustatzea, Gipuzkoa jasangarritasunaren erreferentzia izan dadin eta, aldi berean, eredu horiek motor ekonomiko berdea izan daitezen", ziurtatu du Asensiok.

“Kontzeptu-aldaketa bat da berez, produktu baten bizitza amaitzean beste produktu berri bat egiteko erabiltzen da”, azaldu du Asensiok, eta bere Sailak ekonomia-eredu zirkular baterantz aurrera egiteko helburuaren baitan kokatu du Upcycling. Horretarako, politika jasangarriak bultza ditzaketen sektore guztiekin ari da lanean, horien artean modaren sektorearekin; izan ere, Gipuzkoak badu moda jasangarriaren eta birziklatzearen arloan aitzindariak diren enpresa txiki eta ertainen ekosistema.

 

“Ekonomia zirkularra herriaren hazkunderako motorra da, batez ere gure herrian; izan ere, herritarrak erabat kontzientziatuta daude eta horri esker aurrera egiten jarrai dezakegu birziklatzearen arloan erreferentzia diren Europako herrialdeen mailan egon ahal izateko", esan du Asensiok.

Ekimen hau sortu zen modaren sektorea eta herritarrak sentsibilizatzeko. Kontuan izan behar da herritarren ahalegina funtsezkoa dela hondakinak berrerabiltzean oinarritutako kontsumo kontzientea eta adeitsua lortzeko, helburu duena moda arduratsuaren eta ingurumena errespetatzen duen modaren bidean aurrera egitea. 

 “Ekimen honekin erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza-ereduak ere sustatu nahi izan ditugu; izan ere, lankidetza hori funtsezkoa da ekonomia zirkularraren ereduan aurrera egin nahi badugu”, azaldu du Asensiok.

Kasu honetan, Garbera Merkataritza Guneak bideratu du ekimena, eta bere ardura izan da bertan dauden marka eta establezimendu guztiak inplikatzea ere: AEG diseinu-ikastetxearen kasuan, moda eta diseinuko ikasleak oihal horiei bizitza berri bat emateaz arduratu dira. Era horretara, nolabaiteko babesa eman zaie moda jasangarria sustatzen duten eta moda-kontzeptu berri honetan aurrera egiteko bidea erakusten diguten ikastetxeei.  

Sailak Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Donostia Modaren laguntza du ekimen honetan, eta biek parte hartu dute proiektuaren diseinuan. Garberak, bestalde, adierazi bezala, ekimena bideratu eta dinamizatu du.

Herritarren lana izan da, jadanik erabiltzen ez duten arropa eta oihalak Garberako arropa-edukiontzian uztea, bizitza berri bat izan dezaten. Material horixe izan da Garberako informazio guneko langileen jantzi berriak diseinatzeko Upcycling lehiaketan erabili den lehengaia. AEG ikastetxeko moda eta diseinuaren zikloko ikasleek bizitza berria eman diete ehun horiei jantzi berriak diseinatu eta josita. Era horretara, Sailak nolabaiteko babesa eman nahi izan die moda jasangarria sustatzen duten eta moda-kontzeptu berri honetan aurrera egiteko bidea erakusten diguten ikastetxeei.  

AEG ikastetxeko ikasleek eta GK Green Fashion osatzen duten Masterreko diseinatzaileek egindako lana Hondakinen Prebentzioaren Astearen baitan Miramar Jauregian azaroan egitekoa den Moda Desfilearen bigarren edizioan ikusi ahal izango da.

 

  

1682