Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Urnietako biribilgune berriak inguruko segurtasuna hobetuko duela azpimarratu du Bide eta Azpiegitura diputatuak

Urnietako biribilgune berriak inguruko segurtasuna hobetuko duela azpimarratu du Bide eta Azpiegitura diputatuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lanek 182.000 euroko aurrekontua izan dute eta 2 hilabetez luzatu dira

2016/07/26
Urnietako Irurain gaineko biribilgune berrira egindako bisitan, azpiegitura honen garrantzia azpimarratu du Aintzane Oiarbide Bide eta Azpiegitura diputatuak: “ Oinezkoentzako edo txirrindularientzako bideak, baserri baterako sarbideak eta industrialde baterako sarrera-irteerek bat egiten duten puntua izaki, inguru arriskutsua zen eta bertako segurtasuna hobetzea izan da lan hauen helburu nagusia. Bide batez, trafiko dezenteko ingurua ere bada eta, zirkulazioa arinduta, pilaketak sahiesten lagunduko du azpiegitura berri honek”; argitu du diputatuak.
Irurain gaineko biribilgune berriak Andoain eta Urnieta lotzen dituen GI-3722 eta GI-3721 errepidearen arteko lotunea hobetuko du. Ibilgailuen joan etorri handia ez ezik, Ergoiengo industrialdea bertan egonda, ibilgailu astun asko hartzen dituen errepidea da; eta horregatik erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan biribilgune berri bat eraikitzea, Urnietako alkate Mikel Pagolaren eskaerarekin bat eginez. Bide batez, inguruko argiteria eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako igarobideen seinalizazioa ere hobetu dira lan hauek eginda.
Lanek 182.0000 euroko aurrekontua izan dute eta 2 hilabetez luzatu dira, ohiko lanetan baino denbora gehixeago, trafiko handiko ingurua izanda, lanen gehiengoa gauez egin behar izan dutelako.
Mikel Pagola Urnietako alkateak ere azpiegitura berria txalotu du, “ Bi aste dira biribilgunea bukatuta dagoenetik eta urnietarrek, dagoeneko, igerri dute trafikoari egin dion mesedea “.
Aintzane Oiarbide Diputatuak eta Mikel Pagola alkateak erakundeen arteko elkarlana azpimarratu dute, aurrerantzean ere Urnietak izan ditzakeen errepideetako behar berriei irtenbidea emateko tresnarik egokiena berau baita.
  

1746