Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Urola Erdiak bere turismo eskaintza aurkeztu du Explore San Sebastian Region turismo bulegoan

Urola Erdiak bere turismo eskaintza aurkeztu du Explore San Sebastian Region turismo bulegoan

Urola Gustagarri: Hainbat ekitaldi antolatuko dira udaberrian eta udan, eskualdeko gastronomia tipikoaren inguruan.

  • Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde ekimenaren barruan
  • Otsailaren 4an, haurrei zuzendutako jarduera bat egingo da Boulevard zumardian. Tailerrak «EKAIN ABENTURA» du izena, eta historiaurreko gizakiak bizirik irauteko egunerokoan egin beharrekoak jorratzen ditu

Gaur aurkeztu dute Urola Erdia eskualdea –Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa udalerriek osatua– Explore San Sebastian Region turismo bulegoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Turismo Departamentuak sustatutako Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde ekimenaren barruan. Aurkezpenean izan dira Maite Cruzado Turismoko zuzendaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Jesus Mujika Iraurgi Berritzenen turismo ataleko zuzendaria eta Cristina Iturriagagoitia Explore San Sebastian Region bulegoko zuzendaria. 

Ekimen honen bidez, Gipuzkoako eskualdeek eta herriek eskaintzen dituzten aukera guztien berri eman nahi zaie bai gipuzkoarrei, bereziki donostiarrei, bai eta lurraldea bisitatzen duten turistei ere. 

Ostiraletik aurrera, astebetez, Urola Erdiak presentzia izango du San Sebastian Region bulegoan, gipuzkoarrek eta donostiarrek eskaintza osoa eskuragarri izan dezaten. Ostiralean bertan, 18:00etan, sektoreari aurkeztuko zaio eskualdea. Gainera, otsailaren 4an, haurrei zuzendutako jarduera bat egingo da Boulevard zumardian. Tailerrak «EKAIN ABENTURA» du izena, eta historiaurreko gizakiak bizirik irauteko egunerokoan egin beharrekoak jorratzen ditu. Jarduera eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta ordubeteko iraupena izango du.

«Ekimen honen bidez donostiarrak lurraldearen gainerako lekuetara mugiarazi nahi ditugu; izan ere, Gipuzkoako eskualdeek eta herriek azken hamarkadetan egin duten ahaleginak emaitza oso interesgarriak eta baliabide oso erakargarriak ekarri ditu. Gipuzkoako kostaldea ezaguna eta estimatua da, baina orain gure eskaintzari beste herri eta hiri batzuk gehitu nahi dizkiogu; tradizio turistikorik izan ez badute ere, gaur egun bisita harrigarri eta desberdina eskaintzen dutenak», azaldu du Maite Cruzado Turismoko zuzendariak.

Cruzadoren arabera, garrantzitsua da gipuzkoarrok gure herri eta hiriek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzea, eta, orobat, gure lurraldera iristen diren turista fluxuak gero eta orekatuagoak izan daitezen laguntzea. Helburua, azken finean, hori da: turistek Donostia lurraldearekin lotutako hiritzat eta egun batzuk pasatzeko norakotzat hartzea.    

Urola Erdiak aurkeztu duen turismo eskaintza bestelakoa da, askotarikoa eta eskaeraren arabera segmentatua. Etxeberriak eta Mujikak azaldu duten moduan, eskaintzen duten turismoa kulturari eta erlijioari, naturari eta gastronomiari loturikoa da, familian planak egiteko modukoa. Esperientziak, museoak, kirol ekitaldiak, festak, azoka tradizionalak eta beste aurkituko ditu bisitariak Urola Erdian. Eskaintza horren erakusgarri dira, halaber, urte osoan zehar gozatzeko modukoak diren produktuak, baliabideak eta ekitaldi turistikoak.

Turismo kulturala:

  1. Loiola Santutegia (Azpeitia) Euskadiko turismo jardueraren ikonoetako bat da, eta horren inguruan biltzen da Urola Erdiko Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta inguruko udalerriek (Azkoitiak eta, batez ere, Azpeitiak) urte osoan zehar taxutzen duten turismo eskaintza. Aukerak askotarikoak dira:
  • Loiola Santutegira egindako bisitak, euskaldun unibertsalena den San Inazioren irudia eta haren omenez eraikitako monumentu harrigarria bertatik bertara ezagutzeko.
  • Inaziotar Bidea, Azpeitia (Loiola) – Manresa: erromesbideen mapamundira atxikitako azken erromesbide handia.
  • Hiru Tenpluen Ibilbidea, Loiola (Azpeitia) – Antigua (Zumarraga) – Arantzazu (Oñati): xendazaletasuna, natura, touringa, ondarea eta kultura batzen dituen gure lurraldeko ibilbide kultural eta erlijiosoa; Inaziotar Bidearen bertsio txikia.
  • Bisita gidatuak antolatzen dira, urte osoan zehar, Loiolako San Inaziori lotutako ondare historiko-artistiko aberats eta askotarikoa –Santuaren lurraldean, bereziki Azpeitian eta Azkoitian presente dagoena– ezagutzeko. Aurrez programatutako bisitez gain, taldeen eskariz ere antolatzen dira bisitak.
  • Inaziotar Bidearen 0 etapak, Azpeitian.

Gastronomia

  1. UROLA GUSTAGARRI, Urola Erdiko produktu turistiko gastronomikoa.

Gastronomiari lotutako ekitaldiak, menu bereziak jatetxeetan, ekoizleekin egindako bisita gidatuak, dastatzeak… Eskualdeko bertako produktuak, ekoizleak, sukaldariak eta jatetxeak dira ekimen honen osagai eta aktore nagusi.

2017rako berrikuntzak

  • Urola Gustagarri Running & Fest: Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren barruan, eta probaren kirol zirkuituarekin batera, bertako produktuekin egindako pintxo ibilbide gastronomiko bat antolatuko da. Ibilbide hori atleten laguntzaileei, ikusleei eta atletei berei eskainiko zaie proba amaitutakoan.
  • Urola Gustagarri, udaberriko edizioa (apirila-maiatza): Artikulazio fasean dago. Edizioa ekitaldi berezi batekin hasiko da, eskualdeko espazio ikoniko eta bakarrean bertako produktuak eta euskal sukaldaritza batuz. Ekitaldi horren ondorengo zikloan, eskualdeko jatetxeetako menu bereziak eta ekoizle desberdinak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira.
  • Urola Gustagarri, udako zaporeak (uztaila-abuztua): Udaberriko edizioaren ildoari eutsiko zaio, baina nabarmendu nahi diren produktuak udako produktu tipikoak eta produktu freskoak izango dira, hala nola, artisau izozkiak, Urolako baratzetako entsaladak eta abar.
  • Azoka Herritik Azpeitia (iraila, abendua): Azpeitian egiten den azoka berezia da; Urola Gustagarriren barnean, menuak, zirkuituak, tomate zatarrenaren lehiaketa eta beste antolatzen dira, betiere bertako produktua oinarri hartuta.
  • Errezil Sagarraren Azoka (Errezil, abendua). Ekitaldi honetan, eskualdeko produktu paregabe eta tipiko bat nabarmentzen da: errezil sagarra, jatorria izen bereko herrian duen produktua.

Natura

  • Xendazaletasuna Izarraitz natura eremuan: Ibilbide homologatuak, igoerak gailurretara eta ostalaritza zerbitzuak, natura eremuan bertan.
  • Urolako Azpeitia-Legazpi Bide Berdea, turismoa bizikletaz: Aukera paregabea kirola eginez eta pedalen erritmoan eskualdea ezagutzeko. Familientzat aproposa.

Bost geldialdi Historian, familientzako produktu turistikoa

  • Eskualdea modu desberdin batean ezagutzeko proposamena da, Gipuzkoako bost museo eta puntu turistiko esanguratsuenak ezagutuz. Haurrekin egiteko aproposa (jolasak, deskontuak, zozketa eta abar).
  • Algorriko interpretazio zentroa, Ekainberri, Lili Jauregia, Loiola Santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa. Aste Santutik abendura bitartean.

Top esperientzia, euskal pilotaren magia pilotaren sorlekuan, Azkoitian

  • Azkoitia pilotari txapeldunen sorlekua da –esaterako, Atano familiarena–, eta Jorge Oteizak egindako monumentu artistiko multzo bat dago bertan. Monumentua Euskal Herriko zazpi probintziak ordezkatzen dituzten zazpi frontoik osatzen dute, artista bikainaren ukitu bereziarekin.
  • Gure-gurea dugun kirol horren sekretuak zuzenean eta aktiboki ezagutuko dituzu, ez soilik begira geratuz, jokatuz baizik. Taldeei zuzentzen diegun eskaintzan, pilotari profesional ohi baten eskutik ikasteko, jokatzeko, barre egiteko eta ondo pasatzeko aukera ez ezik, hamaiketako tradizionala egiteko aukera ere badute taldeek.

Museoak eta interpretazio zentroak

  • Burdinbidearen Euskal Museoa, Azpeitia: Museoan ikusgai dago tren-makinek, bagoiek eta burdinbideetako makinek osatzen duten bilduma bikaina. Gainera, Urolako tren mitikoaren bagoi originaletan iraganerako bidaia berezi bat egiteko aukera ere badu bisitariak, XIX. mendeko lurrun bidezko tren-makina batek tiratuta.
  • Ekainberri: Ekain haitzuloko margoen bilduma harrigarria –UNESCOk gizateriaren ondare izendatua– zehatz-mehatz jasotzen duen erreplika. Hori gutxi balitz, 1968an margo horiek aurkitu zituen Antxieta taldeko arkeologoen sentipenak eta bizipenak ezagutzeko aukera ere eskaintzen du Ekainberrik.
  • Lili Jauregia: Gipuzkoan hainbat dorretxe izateko ohorea dugu, baina Zestoako Erdi Aroko dorretxe hau ez da ohiko dorretxe bat, ez, behintzat, hura bisitatzeko moduari dagokionez. Izan ere, zestoarrek dorretxea ezagutzeko bisita antzeztua prestatu dute: Lilitarren matriarka, Liliko Andre Madalen, arduratzen da bisitariei etxea erakusteaz eta bere familiaren istorioak, sekretuak eta kontuak kontatzeaz. EEzagutu beharrekoa da.

Kirol ekitaldiak eta festak

  • Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia, Diego Garciaren omenez (apirila).
  • Festak eta azoka herrikoiak: San Sebastian eta San Tomas Azpeitian, eta San Andres Azkoitian.
  • San Inazio Gipuzkoako patroiaren omenezko festak.

Eskualdeko turismo bulegoa

Urola Erdiko Eskualdeko Turismo Bulegoa, Loiola Santutegia

Tel.: 943 151 878

i-loiola@urolaturismo.eus

www.urolaturismo.eus

www.tierraignaciana.com

  

2239