Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Urretxuk desgaitasuna duten pertsonentzako zentro berria izango du 2021erako

Urretxuk desgaitasuna duten pertsonentzako zentro berria izango du 2021erako

Pagoeta auzoan kokatuko da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urretxuko Udalak eta Aspace elkarteak adostutako protokoloaren emaitza da

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urretxuko Udalak eta Aspace elkarteak adostu dute zentro integral berria eraikitzea desgaitasuna duten pertsonentzako. Pagoeta auzoan egingo dute, eta aurreikusi dute 2021erako amaituta egotea. Hala iragarri dute Markel Olano diputatu nagusiak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak, gaur goizean udalerrian egin duten bisitan. Zentro berri hau hiru erakundek laster sinatuko duten protokoloaren emaitza da, eta diputatu nagusiaren esanetan, «oso eragin positiboa» izango du Urola Garaian desgaitasuna duten pertsonei ematen zaien arretan.

Halaber, Olanok, bisitan ere Maite Peña Gizarte Politikako Diputatua ondoan izan duela, berretsi du Foru Aldundiaren «konpromisoa» desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna errazteko eta zentroak egokitzeko, apustu eginda «pertsona oinarri» duen arreta eredu berri baten alde, zeinean pertsonaren «autonomia eta independentzia bultzatzen ditugun», beti ere lurralde oreka bilatuz.  

Horretarako,  diputatu nagusiaren arabera, erakundeak «ahalegin handia» egin du lurralde osoan, modu orekatu batean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen «estrategia integral» bati esker, desgaitasunaren arloan, «egoitzetan eta eguneko zentroetan guztira 213 plaza» sortuko dira legealdi amaierarako eta 2.324 pertsona artatu». Eta gaineratu du, estrategia integral hori 2018-2021ko Gizarte Zerbitzuen Mapan islatuta dagoela, eta horri esker «869 plaza berri sortzea proposatu dugula, horietatik 155 plaza lurralde osoko desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta».

Alkateak, berriz, azaldu du Pasiotarrak proiekturako, komentu zaharrean, «hiru helburu izango dituela Urretxuko Udalak. «Lehena da Aspaceri zentro integral berri bat ematea, zeren elkarte hau gure komunitatearen partaide bizia da, aspaldidanik oso lotua Urretxurekin. Eta gaur egun ez dute instalazio onik haien lana ongi egiteko». Bigarren helburua –esan du- Urola Garaiako Gizarte Zerbitzuen Mapari dago lotua, eta adineko pertsonentzako apartamentuak egitea ekarriko du. Eta erantsi du azken helburuak zerikusia duela gaur egun «gero eta nabarmenagoa» den errealitate batekin, alegia, pertsona zaintzaileei zuzendutako zerbitzuekin, «oso kolektibo feminizatua, gainera».

Egun, desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa Labeaga kalean dago, eta Aspacek kudeatzen du, baina erabiltzaileek irisgarritasun arazoak dituzte. Hori dela medio, eta Urretxuko Udalak Pagoeta auzoko 2 zenbakian hainbat eraikin dituenez –Pasiotarrak izenez ezagunak-, Udalak doan lagako du aipatu eraikin multzoko lehen solairua. Bertan, eta erakunde arteko lankidetza honi esker, beste gizarte baliabideen artean, desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integrala eraikiko da, modu horretan Labeaga zentroak dituen irisgarritasuneko arazoei konponbidea emanez.

Horren ildotik, Luquik nabarmendu du proiektuaren abiapuntua izango dela aurten bertan idatziko den eraikinaren birmoldaketa; eta gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa «ezinbestekoa» dela hurrengo legealdian «tankera honetako proiektuak martxan jarri ditzagun».

 

Irisgarritasun arazoak

Hala, adostutako protokolo honi jarraiki, Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromiso hauek hartu ditu: Batetik, pasiotarrak eraikinak birmoldatzeko proiektuaren idazketa finantzatzea, bertan desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integral bat egiteko. Bestetik, desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integral berriko obrak eta beharrezkoa den ekipamendua finantzatzea. Eta hirugarrenik, Aspace Gipuzkoarekin hitzartzea oraingo Labeaga kaleko eguneko zentroko plazen zerbitzuak Pasiotarrak zentro integral berrian ematea.

Udalak, aldiz, konpromiso hauek hartu ditu bere gain: Aspace elkarteari doan lagatzea Pasiotarrak eraikin multzoko lehenengo solairua erabiltzeko eskubidea, bertan gauzatu ahal izateko desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integral berri bat irekitzeko proiektua, eguneko zerbitzua eta bizilekuak izango dituena. Bigarrenik, beste bi entitateekin batera birmoldaketa proiektu bat prestatzea desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integral berria egiteko laga diren eraikinentzat.

 

Eta azkenik, Aspace Gipuzkoa elkarteak konpromiso hauek hartzen ditu: Desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integral berriko lanak egitea. Zentro berria birmoldatua izan den xederako erabiltzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztuko duen denboraz. Zentro integral berrira aldatzea Labeaga kaleko zentroan lan egiten duten langileak eta bertako materiala. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartzea zentro integral berriko plazen zerbitzuak ematea. Eta Urretxuko Udalarekin adostea Labeaga kaleko zentroaren lagapenaren amaiera.

 

Komunitatean parte hartuz

Laburbiltzeko, diputatu nagusiak gogorarazi du «Gipuzkoan gizarte kohesionatu bat» dugula, «gizarte-ehun sendo eta gizarte zerbitzu aurreratu batzuei esker».  Dena den, gizarte kohesiorako «ezinbestekoa da gizarte politiken eredu honi eustea, eta Gipuzkoan lanean ari gara ez bakarrik desgaitasuna duten pertsonek nahiz haien familiek ongizatea eta bizi maila duina izan ditzaten; baita ere komunitatean parte hartu dezaten, hori ezinbesteko elementua baita pertsona horien gizarte inklusioa lortu dezagun».

Amaitzeko, esan du jarduketa protokolo honen bidez, eta Urretxu Udalarekin batera, Foru Aldundiak «ekarpena» egiten diola Urola Garaian eta Gipuzkoan modu orekatuan garatzen ari den arreta ereduari. «Eta bide horretan eragin behar diogu lankidetzan tokian tokiko administrazioek, bai aldundiak bai lurraldeko udal guztiek”, ondorioztatu du.                                                      

Foru Aldundiak abian jarritako estrategia integralari esker, desgaitasunaren arloan guztira 213 plaza sortuko dira legealdi amaierarako, eta 2.324 pertsona artatu
  

2009