Urtarrilaren 1ean TicketBAI erabiltzen hasteko dei egin du foru Ogasunak
Urtarrilaren 1ean TicketBAI erabiltzen hasteko dei egin du foru Ogasunak
Borondatezko epea hasiko da. Proiektua garatzen duen Erregelamendua onartu du Diputatuen Kontseiluak; ekimena 2022 urtean sartuko da indarrean derrigorrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du TicketBAI garatzen duen Erregelamendua, eta honekin osatuta geratzen da proiektu honen marko juridikoa, dakartzan betebeharrak eta funtzionamendua. TicketBAI zerga-betebehar berri bat da, eta, praktikan, jarduera ekonomikoak egiten dituzten eta euskal zerga-ikuskaritzaren eskumenekoak diren zergadun guztiak Gipuzkoako foru Ogasunarekin konektatuko ditu denbora errealean. Gipuzkoan 54.000 zergadun ingururi eragingo dio. Ekimena 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da ezartzen derrigorrean, baina, lehenago, urtarrilaren 1ean hasiko da martxan, borondatezko epean. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak borondatezko epe horretan TicketBAI erabiltzen hasteko gonbita luzatu die lurraldeko zergadunei: “Pausua emateak ez ditu ezertara konprometitzen, eta onura ugari dakartza: erosotasuna, kenkari fiskalak aprobetxatu ahal izatea eta derrigorrezko epea iritsi aurretik tresnarekin ohitzea".
Mendozak zehaztu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua da TicketBAI, baina lurralde bakoitzean modu bereizian ezarriko da. Praktikan, lurraldeko jarduera ekonomiko guztia Ogasunarekin lotuko du eta, Gipuzkoan, foru erakundeak denbora errealean jasoko du erregistratzen den transakzio bakoitzaren informazioa. "Iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia ematea ahalbidetuko digun onura berri bat da, iruzurra egiten duenaren lehia desleiala ezabatzen lagunduko baitu. Aldi berean, zergak ordaintzeko kostuak murriztu eta bezeroen eskubideak hobeto babestuko ditugu ", defendatu du Mendozak. Era berean, azpimarratu du Gipuzkoako sektore ekonomikoa erabat digitalizatuko dela, eta horrek garrantzi berezia hartzen duela COVID-19ren krisi betean.
Era berean, bozeramaileak jakitera eman duenez, Foru Aldundiak bi aplikazio berri jarri ditu martxan gaur Ogasunaren webgunean. Alde batetik, Faktura Bai aplikazioa, zergadunek Zergabideatik fakturak jaulkitzeko eta TicketBAI-ko baldintza guztiak betetzeko aukera emango duena; aplikazio hori 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera erabili ahal izango da, borondatezko epean. Fakturak euskara hutsean edo bertsio elebidunean egin ahal izango dira, foru Ogasunak euskararen alde egiten duen apustuaren adierazle. Bestalde, TicketBAI-ko software-erregistroa aktibatuko da, eta bertan izena eman beharko dute proiektu honetako baldintzak betetzen dituzten programa informatikoak garatzen dituzten enpresek. Horrela, zergadunek datu-base hori kontsultatu ahal izango dute sinadura garatzaileekin harremanetan jarri ahal izateko, beraien fakturazio-sistemak TicketBAI-ra egokitzeko.
Ezarpen egutegia
Derrigorrezko epeari dagokionez, 2022ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta urtean zehar modu mailakatuan hedatzen joango da, sektore ekonomikoka; urte horretako abenduan, TicketBAI hedatzeko prozesua amaituta egongo da. Lehenengo taldea zerga-gaietan kudeaketa-zerbitzuak eman ohi dituzten profesionalak diren zergadunena izango da. Hau da, Gipuzkoako Foru Ogasunaren aurrean bezeroen izenean jarduten duten pertsonak edo erakundeak dira, eta ordezkari gisa inskribatuta daude. Pertsona horiek bitarteko telematikoen bidez jartzen dira harremanetan foru Ogasunarekin, eta lortutako esperientziarekin sistema gainerako kolektiboetan ezartzea erraztu ahal izango dute. Hortik aurrera, irizpide orokorrarekin zabalduko da, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) epigrafeetan aurreikusitako taldeen arabera.
- 2022ko urtarrilaren 1a. Zerga kudeaketako profesionalak.
- Azaroaren 5eko 582/2014 Foru Aginduko 9. artikuluan horrela definituta daudenak.
- 2022ko martxoaren 1a. Jarduera profesionalak.
- 1. sekzioko epigrafeak. 834 eta 849 taldeen artean daudenak.
- 2. sekzioko epigrafeak. 011 eta 841 taldeen artean daudenak.
- 2022ko maiatzaren 1a. Txikizkako merkataritzari, ostalaritza eta ostatatze sektoreari eta gainerako profesionalak.
- 1. sekzioko epigrafeak. 641 eta 665 taldeen artean daudenak; eta 671 eta 687 taldeen artean daudenak.
- 2. sekzioko epigrafeak. 851 eta 899 taldeen artean daudenak.
- 2022ko urriaren 1a. Eraikuntza eta higiezinetako sustapena, garraioa eta jolas, kultura eta pertsona arloko gainerako zerbitzuak.
- 1. sekzioko epigrafeak. 501 eta 508 taldeen artea daudenak; 691 eta 757 taldeen artean daudenak; 833 taldea; eta 851 eta 999 taldeen artean daudenak.
- 2022ko abenduaren 1a. Fabrikazio, handizkako merkataritza, telekomunikazioa, finantza enpresak eta artistak.
- 1. sekzioko epigrafeak. 011 eta 495 taldeen artean daudenak; 611 eta 631 taldeen artean daudenak; 761 eta 832 taldeen artean daudenak.
- 3. sekzioko epigrafeak. 011 eta 059 taldeen artean daudenak.
2022ko abenduaren 1 horretatik aurrera, Ticket BAIren baldintzak betetzen dituen sistemaren batekin igorri beharko dituzte fakturak edo egiaztagiriak jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko guztiek, PFEZk dionaren arabera; edo JEZn jarduera bezala definituta ez dagoen jardueraren bat egiten dutenean, esaterako, nekazaritza jarduerak, menpeko abeltzaintza jarduerak, basogintzakoak eta arrantzakoak, eta pertsona juridikoek ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak egiten dituztenean.
Informazio trukaketak
Bestalde, Kontseiluak Foru Dekretu berri bat ere onartu du, finantza erakundeak finantza kontu jakin batzuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonen egoitza fiskala identifikatzera behartzen dituena. Betebeharra Gipuzkoako Foru Ogasunak Europako zein mundu mailako beste zerga-administrazio batzuekin dituen informazio-trukerako akordioen testuinguruan kokatzen da. Urrats horri esker, Ogasunak modu automatikoan trukatu ahal izango du jasotako informazioa dagokion finantza-kontuaren titulartasuna edo kontrola duten pertsonen egoitza fiskaleko herrialdeko edo jurisdikzioko dagokion zerga Administrazioarekin. Hau guztia Europako zuzentarauen eta agintari eskudunen arteko alde anitzeko akordioaren ondorioa da, finantza-kontuei buruzko informazioa automatikoki trukatzea helburu duten hitzarmenak.
Gizarte politikako partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 166 kasu positibo daude, 14 egoitzetan banatuta: 25 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; 2 Donostiako Txara II-n; 26 Errenteriako Sanmarkosenen; 1 Andoaingo San Juan Bautistan; 18 Donostiako Julian Rezolan; 1 Donostiako Berio egoitzan; 2 Donostiako Sanitas Miramonen; 7 Donostiako Villa Sacramenton; 14 Irungo Inmaculadan; 68 Aretxabaletako Debagoienan; 1 Arrasateko Benito Mennin; eta 1 Oñatiko San Martinen. Hauetatik 55 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 118 egoiliar hil dira, eta 454 sendatu.
Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 131 kasu positibo daude, 24 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 371 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 7 positibo berri atzeman dira, eta beste 5 positibo desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan. Azken honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan ez dago positibo berririk, eta ezta ere adingabeei arreta emateko baliabideen sarean. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 71.562 proba egin ditu, hauetatik 6.227 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.
2711