Urte bete egin du ZIURen proba laborategiak
Urte bete egin du ZIURen proba laborategiak
Inauguratu eta urtebetera, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren laborategia bisitatu du. Erreferentziazko azpiegitura bihurtu da Gipuzkoako enpresentzat, zibermehatxuen aurkako babesa handitzeko orduan.
Gipuzkoako bost enpresak (Alkar, Arregui, Lazpiur, GH eta ABC Compressors) ZIURren laborategiko instalazioak erabili dituzte euren produktuen zibersegurtasunarekin erlazionatutako alderdiak ebaluatzeko. Hainbat startup-ek, halaber, soluzioen jokabide-probak egin dituzte industria-inguruneetan, eta funtzionamendu-erakustaldiak egin dizkiete bezeroei.
Ildo horretan, “enpresek produktu industrialen segurtasunaren ebaluazioa bultza dezaten lanean ari da ZIUR”, azaldu du Koldo Peciña zentroko zuzendariak. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Departamentuak “Industria Produktu Zibersegurua” laguntza-programa du. Programa horren bidez, enpresek zibersegurtasuna diseinu-fasetik ezar dezatela sustatu nahi da, eta industria-inguruneetan beren produktuen segurtasuna aztertzeko aukera erraztu.
ZIURreko laborategian, gainera, prestakuntza-saioak egin dira Mondragon Unibertsitateko Zibersegurtasun Masterreko eta Zubiri Manteo eta EASO Politeknikoa LHko zentroetako ikasleekin. 40 enpresak zibereraso bat detektatzeko eta kudeatzeko prestakuntza-tailerretan hartu dute parte, eta Iraurgi Berritzen, Urola Kosta eta Oarsoaldea garapen-agentziekin eta Ingeniarien Elkargoarekin ere egin dira saioak.
Foru bisita
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia ZIURren egoitzan, Donostiako Zuatzu enpresa-parkean, izan da gaur goizean, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuarekin eta Unai Andueza Proiektu Estrategikoetako zuzendariarekin batera. Bertan lan-bilera egin dute Koldo Peciña ZIUReko zuzendariarekin eta María Penilla zuzendari teknikoarekin, 2019an martxan jarri zenetik zentroak izan duen bilakaera ezagutzeko.
Olanok azpimarratu du ZIURek aurreikusten zituen zerbitzuak martxan dituela jada eta zibersegurtasunaren alorrean kolaboratzaile sare bat eratu dela. Ohartarazi duenez, zibersegurtasuna mehatxu bat da, eta datozen urteetan zabalduko da, Gipuzkoako eta munduko ekonomia bizitzen ari diren digitalizazio prozesuaren eskutik. Horregatik, foru arduradunak azpimarratu du ZIURen proiektuak inoiz baino zentzu handiagoa duela. “Industria da gure ekonomiaren muina, gure nortasunaren parte da, eta aldaketa prozesu betean dago. Digitalizazioak abantaila ugari dakartza, baina baita mehatxuak ere, eta ZIURen zeregina alderdi hori babestea da, gure enpresen eraldaketa digitala ezustekorik gabe gauzatzen dela zaintzea. Eta, era berean, enpresa eta produktu ziberseguruak izateak sor ditzakeen lehiakortasun-abantailak sustatzea”, azaldu du diputatu nagusiak.
Horregatik, gaineratu du denborak erakutsi duela “erabaki egokia” izan zela Gipuzkoan zibersegurtasun industrialeko zentro bat martxan jartzea. Bi urte hauetan, zibererasoek gora egin dute esparru guztietan, baita industrian ere, eta hori erronka handia izan da Gipuzkoako industria-enpresentzat. Pandemiak bultzatutako telelanaren gorakadak eragin zuzena izan du enpresen zibersegurtasunean. Horregatik, ZIURek garatutako aholkularitza-, azterketa- eta sentsibilizazio-lana beharrezkoa da zibererasoen aurrean enpresen babesa indartzeko.
Bi urte hauetan, zibererasoak areagotu egin dira eremu guztietan, baita industrian ere, eta hori erronka handia izan da Gipuzkoako industria-enpresentzat. Pandemiak bultzatutako telelanaren gorakadak eragin zuzena izan du enpresen zibersegurtasunean. Horregatik, ZIURrek egiten duen aholkularitza, analisi eta sentsibilizazio lana beharrezkoa da enpresak zibererasoetatik babesteko.
ZIURren laborategia 2021ean ezarri izana aurrerapen erabakigarria izan zen zentroaren jardueran. Azpiegitura hori industria arloko enpresen, zibersegurtasun-fabrikatzaileen, soluzio teknologikoen integratzaileen eta lurraldeko prestakuntza-zentroen eskura dago, doan.
Laborategiak, industria-instalazioetan zibererasoen benetako simulazioak egiteko, segurtasun-funtzionalitate berriak aztertzeko eta industria-inguruneetara egokitzen direla egiaztatzeko, Gipuzkoako enpresek garatutako gailu edo produktu berriak probatzeko, berrikuntza-proiektuak gauzatzeko eta profesionalak trebatzeko eta prestatzeko saioak egiteko aukera ematen du.
ZIURri buruz
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortutako erreferentziazko zentroetako bat da ZIUR Fundazioa, lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko, sektore pribatuarekin, enpresekin, unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan.
ZIUR zibersegurtasun industrialarekiko kezkan oinarrituta ari da lanean, industria arloko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzeko eta, aldi berean, Gipuzkoan sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko. 2019an abian jarri zenetik, ZIUR 800 industria-enpresa, elkarte, zibersegurtasunaren arloko eragile, erakunde publiko eta ikastetxe ingururekin aritu da lankidetzan, eta Gipuzkoako industriarentzat konfiantzazko aliatu gisa finkatu da zibersegurtasunaren arloan.
2825