Urtezahar gaueko ospakizunetan tentu osoz jokatzea eskatu du Aldundiak
Urtezahar gaueko ospakizunetan tentu osoz jokatzea eskatu du Aldundiak
Pertsonentzat eta ondasunentzat material piroteknikoa erabiltzeak dakarren arriskua gogorarazi die foru erakundeak herritarrei.
Prebentzioa, Su Itzalketa eta Salbamendurako Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendaritzak egunotan zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei, batez ere suteak sor ditzaketen elementuak erabili aurretik. Eider Mendozak, zuzendaritzaren arduradun politikoak, herritarrei eskatu die “arreta osoz” eta “sen onarekin” jardutea Urtezahar gaueko ospakizunetan zehar. Izan ere, ohikoa da material piroteknikoaren erabilera dela eta, ezbehar eta istripu kopuruak gora egitea.
Suziriak, bengalak, eta bestelako piroteknia artikuluak erabiltzeak dakarren arriskua azpimarratu du Mendozak, bai pertsonentzat, eta baita ondasunentzat ere. “Material piroteknikoaren manipulazioak arrisku handia dakar, ez bakarrik petardoak edo suziriak jaurtitzen dituztenen, baita hirugarren pertsonen segurtasunarentzat ere, gailu hauek nora joko duten ezin baita aurreikusi”, gaineratu du foru arduradunak.
Udal ordenantzak betearazterakoan zorrotzak izateko eta prebentzio neurriak indartzeko eskatu die udal ordezkariei, baina, batez ere, “norberaren erantzukizunari” heldu dio. Araudia udalerri bakoitzaren menpe badago ere, foru zerbitzuak suteak eta horien hedapena saihesteko egiten duen prebentzio lanaren barruan, gomendio hauek errespetatzeak duen garrantzia nabarmendu du:
- Ez jaurti piroteknia gailurik suteak sor daitezkeen elementuei: ibilgailuak, edukiontziak…
- Su artifizialak erabiliz gero, ez jaurti espazio itxietan, edo eraikinak dauden inguruetatik gertu, leihoetatik edo balkoietatik sartu, edo irisgarriak ez diren estalki eremuetan geldi daitezkeelako.
- Halako materialak erabiliz gero, espazio irekietan erabili, su har dezaketen materialik gabekoetan (zaborra, zuhaiztiak, begetazio hondarrak pilatzen diren eremuak…).
- Ez erabili bengalarik, su eragileak diren materialik, eta ezta sua har dezaketen materialik ere (gasolinak, disolbatzaileak, spray-ak…).
- Haizearen menpe gelditzen diren eta kontrolagarriak ez diren su-materialik ez erabili, bereziki faroltxo hegalariak.
- Suak itzaltzeko bitartekoak lokalizatuak eta eskura eduki (su-itzalgailuak edo ur ontziak).
- Su txikirik edo sute-hasierarik gertatuz gero, berehala deitu 112 larrialdien telefono zenbakira.
- Sen ona eta zibikoa erabili, beste herritarrek festaz bakean gozatzeko duten eskubidea errespetatuz.
3212