Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Uruguayko gobernuaren ordezkaritza bat bisitan Gipuzkoan

Uruguayko gobernuaren ordezkaritza bat bisitan Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Caser Betharram egoitza eta Gureak enpresa bisitatu dituzte

Uruguayko Gobernuaren ordezkaritza bat Gipuzkoan izan da gaur, lurraldeko mendekotasun eta desgaitasun arreta zerbitzua gertutik ezagutzeko. Uruguaitarrak hiru eguneko bisita egiten ari dira Euskadira, eskumenen banaketa, Gizarte Zerbitzuen Legea eta hiru lurraldeetako gizarte politikak lehen eskutik ezagutzeko. Hala, aurreko bi egunetan Araba nahiz Bizkaiko baliabideak ezagutu eta gero, gaurkoan Gipuzkoara etorri dira, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak lagunduta.

Goizean, Hondarribiko Caser Residencial Betharram egoitzara egin dute bisita. Zentro horrek hitzarmena du Foru Aldundiarekin (119 plaza hitzartu), eta 96 plaza eskaintzen ditu adinekoentzako egoitzan –horietatik 74 Aldundiarekin hitzartutakoak–, eta beste 30 plaza, berriz, tutoretzapeko apartamentuetan. Azken horietatik 6 plaza itunpekoak dira, eta Aldundiak buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzat erreserbatzen ditu. Gainera, zentroak 30 plaza eskaintzen ditu eguneko zentroan, eta adinekoentzako bi psikogeriatriako unitate ditu, 15 plazakoa bakoitza, horietatik 15 Aldundiarekin hitzartuak. Halaber, buru nahasmendu larria dutenentzako egoitza unitate bat ere badu, eta Aldundiarekin hitzartutako 24 plaza eskaintzen dira bertan.

Arratsaldean, aldiz, Uruguayko Gobernuaren Gizarte Garapeneko Ministerioaren (MIDES) ordezkaritzak Gureak enpresaren gune nagusiko instalazio ikusgarriak bisitatuko dituzte, Donostian. Zuzendaritza, administrazioa eta marketin arloa izateaz gain, 700 langilerentzako bi tailer ere bertan ditu. Gureakek guztira 5.600 langiletik gora ditu Gipuzkoan, horietatik 4.650 desgaitasunen bat dutenak. Autofinantzaketa, gainera, %84tik gorakoa du. Maite Peñak nabarmendu du  Gureakek egiten duen lana “eredugarria dela Europan” desgaitasuna duten pertsonen lan-munduratzean, eta Aldundiarentzat Gureak “sozio estrategikoa” dela gure lurraldearen “ongizate eta kohesio sozialari eutsi diezaiogun”.

Uruguayko Gobernuaren ordezkaritza honako hauek osatzen dute: Renata Scaglione Zaintzen Idazkaritza Nazionaleko Plangintza eta Jarraipen Arloko zuzendaria; Nathalia Balmelli Zaintzen Idazkaritza Nazionaleko Mendekotasun Arloko Ekipo Teknikoko kidea; Juan Carlos Rodríguez Zerbitzuen Arloko zuzendaria - Zaintzen Idazkaritza Nazionala; eta María Lidia Carvajal, Erregulazio Saileko Ekipo Teknikoko kidea-Adinekoen Institutu Nazionala (INMAYORES). Uruguayko Gobernuko ordezkarien bisitaren harira, diputatuak azpimarratu du ekimen hauek “aberasgarriak” direla elkarren lana “hobeto ezagutzeko”, esperientziak “trukatzeko”, eta baita ere “lankidetza posibleak bilatzeko”. 

 

Ekimen hauek aberasgarriak dira elkarren lana hobeto ezagutzeko eta lankidetza posibleak bilatzeko

 

  

1622