Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kultura Digitala, gazteei eta hezitzaileei mundu digitalean behar bezala moldatzeko tresnak eskaintzeko

Kultura Digitala, gazteei eta hezitzaileei mundu digitalean behar bezala moldatzeko tresnak eskaintzeko

Helburua da sareen erabilera kritikoa eta kontzientea sustatzea.

 

Denis Itxaso: “Gure helburua da sareen erabilera kritikoa eta kontzientea sustatzea, teknologia berrien erabileran dagoen gizarte, genero edo lurralde mailako etena gainditzea, eta ziberjazarpenari aurre egiteko tresnak gureganatzea”. 

Kultura eta Gazteria diputatu Denis Itxasok Foru Aldundiak sustatutako Kultura Digitala ekimena aurkeztu du, sarearen eta teknologia berrien erabilera haur, nerabe eta gazteen prestakuntza eta garapen prozesuan txertatzekoa.

Halaber, prentsaurrekoan izan dira Gazteriako zuzendari Goizane Alvarez, eta proiektuarekin lankidetzan ari diren Orona Fundazioko Garapeneko zuzendari Iñigo Marquet, Kode Eskolako zuzendari Nerea Atxega Zubikarai, eta Psikologia Fakultateko katedratiko Maite Garagordobil.

Itxasok nabarmendu du teknologia berriak bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari direla, eta egoera horren aurrean, haur, nerabe eta gazteek ez dutela kanpoko esperientzia eta erreferentziarik aurkezten zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko. “Erabaki dugu programa hau abian jartzea, gazteei eta hezitzaileei irizpideak eta laguntza emateko mundu digitalean ibiltzeko eta teknologia berrien erabilera kritiko eta kontzientea sustatzeko. Horrez gain, gure helburua da teknologiei buruzko prestakuntzan eta erabileran dagoen eten soziala, generokoa edo lurralde mailakoa gainditzea”.

Kultura Digitala proiektuak hiru programa jarriko ditu abian apirilean, haur, gazte eta hezitzaileak esparru hauetan sentsibilizatzeko:

  • Kode_tu. Programa hau Orona Fundazioarekin eta Kode Eskolarekin elkarlanean garatzen da eta 5 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendua dago. Programatzen erakutsiko zaie, ikasleek ikas dezaten programatzen lehenago irakurtzen eta idazten ikasi duen bezala, horrela bakarrik ulertuko baitute tresnek nola funtzionatzen duten eta behar bezala erabiltzen ikasiko dute. Oronako eta Kode eskolako arduradunek azaldu duten bezala, helburua gazteek sormena eta pentsamendu logikoa lantzea da, jarrera ekintzailea gaztetatik sustatzeko. Programaren lehenengo jarduera hiru eguneko ikastaro bat izango da, Aste Santuko oporretan Orona Ideon emango dena.  Halaber, Irizar enpresarekin lankidetzan, ikasgela ibiltari bat antolatuko da, uztailean zehar Gipuzkoan ibiliko dena. Uztailean eta abuztuan Hondarribian barnetegi teknologiko bat antolatuko da, euskaraz eta ingelesez programatzen ikasteko, eta irailetik abendura bitartean kode_tu tailerrak egingo dira programazioa eta teknologia berriak Gipuzkoako hainbat herritara eramateko.
  • Ziberjazarpena. Guraso eta hezitzaileei ziberjazarpenari aurre egiteko prestakuntza eskainiko zaie. Horrela, Maite Garaigordobil aditu eta EHUko Psikologia fakultateko katedratikoaren “Cyberprograma 2.0. Programa de Intervención para prevenir y reducir el ciberbullying” liburua euskaratuko da; izan ere, 1996. urteaz geroztik haur eta nerabeen jazarpenari buruzko hainbat ikerketa lerro zuzentzen ari da. Liburua bigarren hezkuntzako ikastetxeetara  bidaliko da, sareko jazarpen egoerak identifikatu ditzaten, hainbat jarduera proposatzen baititu, jarrera horiei aurre egiteko estrategiak garatzeko. Orobat, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dira Gipuzkoan, guraso eta hezitzaileentzat.
  • Instant1ean. Gipuzkoako nerabeei (12-17 urte) zuzendutako programa bat da, sarean jarrera eta balio positiboak izan ditzaten, arriskuak saihesteko.  Nerabeekin lan egiten duten pertsonen eskura informazio erabilgarria jarriko da sareak erabiltzerakoan sor daitezkeen egoerei nola aurre egin azaltzeko. Helburua da gazteak gai izan daitezela mundu digitalaren eta errealaren artean dagoen desberdintasuna ikusteko; eskuratzen duten informazioa egiaztatu, eta ikuspuntu kritiko bat garatu dezatela teknologiei dagokienez.

Programatutako ekintzak sarea behar bezala erabiltzeko jarraibideak ematera zuzenduta daude, eta, horretarako, argazki lehiaketa bat antolatu da Instagramen, sarea ondo erabiltzeko, eta modu sortzailean adierazteko, traol hauen bidez: #instant1ean eta #sareanOndo; horrez gain, nerabe, guraso eta hezitzaileentzako solasaldi eta hitzaldiak egongo dira.  Era berean, lan tailerrak antolatuko dira nerabeentzat, sarearen erabilerari eta arazo ohikoenei buruz: argazkiak, sareak, nola izan youtuberra, nola egin photocall bat eta abar. 

 

 

Eranskinak:

  

1753