Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak bisita teknikoak antolatu ditu Gipuzkoara, turismoko profesionalek lurraldearen alderdi turistiko erakargarriak bertatik bertara ezagut ditzaten

Aldundiak bisita teknikoak antolatu ditu Gipuzkoara, turismoko profesionalek lurraldearen alderdi turistiko erakargarriak bertatik bertara ezagut ditzaten

Lehen bisita martxoaren 21ean egingo da Inaziotar lurraldera

2018/03/20

Aldundiko Turismo Departamentuak, EXPLORE SAN SEBASTIAN REGION turismo bulegoaren bidez, «Eskualdeen Txokoa» antolatu zuen joan zen urtean; orduko hartan, Gipuzkoako eskualdeak aurkeztu zituzten bulegoan, eta turismo arloko profesional ugari hurbildu ziren hamar eskualdeko eskaintza ezagutzera. 

Aurtengoan, formatua aldatzea erabaki da, eta Gipuzkoako turismo sektoreko profesionalei aukera emango zaie lurraldea eta haren eskualdeak, leku bereziak eta altxorrak bertatik bertara ezagutzeko. Horretarako, bost bisita tekniko antolatu dira urtean zehar.

Lehena, martxoaren 21ean izango da. Urola Erdiko, Urola Garaiko eta Debagoieneko eskualdeekin lankidetzan, Inazionar lurraldea bisitatzeko aukera izango da.

Bisita honetan, ibilbide bat proposatuko zaie profesionalei, Gipuzkoako historian eta ondare erlijiosoan barrena. Arantzazuko santutegia, euskal kulturaren gotorlekua; Antioko ermita, ermiten katedral modura ezaguna,  eta Loiolako santutegi bikaina. Ibilbidean, informazioa emango zaie lurralde horretan bertan ezagutzeko modukoak diren turismo kulturaleko beste proiektu batzuei buruz, hala nola Arrikrutz eta Ekainberri kobazuloak eta Burdin Harana.

Apirilean, Mendebaldeko euskal kostaldea –Urola Kosta eta Debabarrena– bisitatu ahal izango dira; maiatzean, Landa paradisua: Goierri eta Tolosaldea; azaroan, Ekialdeko euskal kostaldea: Bidasoa eta Oarsoaldea, eta abenduan, azkenik, Sagardoaren lurraldea: Donostialdea.

«Gipuzkoako eskualdeek eta herriek ahalegin handia egin dute hamarkada hauetan, eta oso emaitza interesgarriak eta baliabide erakargarriak lortu dituzte. Argi dago gure kostako herri batzuk aski ezagunak direla eta aspalditik izan direla helmuga turistiko edo bisitatzeko leku gipuzkoarrentzat eta mundu osoko lagunentzat. Horiei guztiei beste herri eta hiri batzuk erantsi nahi genizkieke orain, tradizio turistikorik izan ez badute ere, gaur egun bisitatzeko aukera harrigarri eta desberdinak eskaintzen dituztenak», azaldu du Maite Cruzadok.

Ekimen horren bidez, turismo sektoreko profesionalek lurraldea sakon ezagutzea nahi dugu, horrela, Donostiara iristen diren bisitariei lurraldeko beste leku batzuk aholkatzeko modua izan dezaten. 

«Hori lagungarri izango da turista fluxuak geroz eta orekatuagoak izan daitezen. Guztion artean lortzen badugu Donostia lurraldera irekitako helmuga zabal gisa hartzea eta hainbat egun igarotzeko modukoa dela erakustea, ziurrenik egonaldien batez bestekoa hazi, eta bisita errepikatuak areagotu egingo dira», baieztatu du Cruzadok.

 

 

  

1540