Foru Aldundiak bukatutzat emango du Oroimen izpiak erakusketa ETAren biktimei babesa eta empatia adierazteko ekitaldi baten bidez
Foru Aldundiak bukatutzat emango du Oroimen izpiak erakusketa ETAren biktimei babesa eta empatia adierazteko ekitaldi baten bidez
Foru Aldundiak bukatutzat emango du Oroimen izpiak erakusketa ETAren biktimei babesa eta empatia adierazteko ekitaldi baten bidez
Erakusketa aurreikusitakoa baino gehiago luzatu da, erakusketaren bukaerak talde terroristaren behin betiko amaierarekin bat egin dezan
Erakusketa aurreikusitakoa baino gehiago luzatu da, erakusketaren bukaerak talde terroristaren behin betiko amaierarekin bat egin dezan.
Foru Gobernuak terrorismoaren bidegabekeria jasan dutenei omenaldia egin nahi die ekitaldi honen bidez. Bertan izango dira Karlos Gimenez piano-jotzailea, Juan Kruz Igerabide eta Aritz Gorrotxategi idazleak, eta Maixabel Lasa Terrorismoko Biktimei Laguntzeko zuzendari ohia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei omenaldi ekitaldi bat egingo die datorren maiatzaren 5ean, Oroimen izpiak. Artea eta hitzak, ETAren basakeriari aurre proiektuaren barruan. Erakusketa bi hilabetez egon da ikusgai Koldo Mitxelena Kulturunean, eta beste bi aste luzatu da, jakin ondoren ETA bere jardueraren amaiera iragartzekoa dela maiatzaren lehenengo asteburuan. Foru arduradunek erabaki dute erakusketa amaitutzat emateko ekitaldi bat antolatzea «arreta indarkeria, estortsioa eta larderia pairatu dutenen gainean jartzeko. Gizon eta emakume horiek ditugu gogoan, eta beste edozein gogoeta baino lehen, argi eta garbi utzi behar dugu igaro berri dugun gure historiaren garai ilun hori erabat bidegabea eta alferrikakoa izan dela. Ezinbestekoa da gure atzetik datozen belaunaldiei garbi adieraztea erailtzea gaizki egon zela, bihar-etzi berriz halakorik gerta ez dadin».
Markel Olano diputatu nagusia eta Denis Itxaso lehen diputatu nagusiordea izango dira buru ekitaldian eta Gipuzkoako gizarteko hainbat pertsona egongo dira gonbidatuta; bertan izango dira, besteak beste, Juan Kruz Igerabide eta Aritz Gorrotxategi idazleak, eta Maixabel Lasa Terrorismoko Biktimei Laguntzeko zuzendari ohi eta Juan Mari Jauregiren alarguna. Karlos Gimenez pianista ere han izango da eta euskal errepertorioko hainbat obra eskainiko ditu. Ekitaldia Kultura Departamentuak antolatu du, eta horrela, amaitutzat emango da Foru Aldundiak Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuaren laguntzaz antolatu duen Oroimen izpiak erakusketaren barruan eskaini diren hitzaldi, mahai inguru eta aurkezpen zikloa.
«Sentimendu gazi-gozo arraro bat nagusitu zaigun une hauetan, beharrezkoa iruditu zaigu biktimei begira jartzea eta zentzugabekeria hori gehien pairatu duten pertsonak gogora ekartzea. Oroimena, justizia, esperantza eta etorkizuna ardatz dituen mezu argia sortzen lagundu nahi dugu, eta horretarako modurik onena da hausnarketa, hitza, enpatia eta hainbeste aldiz gordetako emozioak bidelagun hartzea. ETAren amets gaiztoa atzean gelditu da, baina intolerantzia bortitzaren ondorioak hor daude oraindik. Gure helburua etorkizuna elkarbizitzan oinarrituta eraikitzea da, eta ez gaude prest horri uko egiteko; horretarako, egia, justizia eta biktimen erreparazioa zutabe nagusi dituen oinarri etiko bat partekatu behar dugu».
1757