Xabier Letek idatzitako poema eta kantuen bilduma argitaratu da: ‘Poema eta abesti guztiak’
Xabier Letek idatzitako poema eta kantuen bilduma argitaratu da: ‘Poema eta abesti guztiak’
Alex Gurrutxagak eta Lourdes Otaegik prestatu duten edizio honetan, hiru liburutan jaso dira lanak, kutxa batean bilduta; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du argitalpena.
Xabier Leteren heriotzaren 12. urteurrenaren atarian, haren lirika osoa (bai poesia, bai abestietako hitzak) biltzen duen bilduma argitaratu dute bost argitaletxeren artean egindako edizio batean (Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta). Ia mila orriko emaitza, formatu eder eta zainduan, azken 50 urteetako euskal kulturan funtsezko ahotsa izan denaren ondarea jaso eta transmisioa zaintzeko helburuz egina. Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi, unibertsitateko irakasle eta Leteren obran adituak izan dira lan hau aurrera eraman dutenak.
Argitaletxeek Euskal Editoreen Elkartearen laguntza izan dute koordinazioan. Aurkezpenean, Xabier Mendiguren editoreak hartu du hitza, argitaletxeak ordezkatuaz, berea izan baita edizioaren ardura. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu duen edizioa da eta, horregatik, prentsaurrekoan izan dira baita ere Markel Olano diputatu nagusia eta Mari Jose Telleria, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua.
Lana gauzatzeko garaian, Gurrutxagak eta Otaegik eskura izan dute poetaren eskuizkribu eta paper pribatuak biltzen dituen Xabier Lete Fondoa. Hala, 100 orri baino gehiagok sarrera jori eta aberats baten ondotik, hiru partetan zatitu dute Leteren lan lirikoa, kutxa batean bilduta.
Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Leteren “lanaren eta ondarearen garrantziaz” mintzatu da. “Bizitza oso batean landutako olerki eta abestien bitartez, euskal arima ukitu eta forma eman zion. Gure herriak izan duen erreferente artistiko eta humano nagusietako bat da”, azaldu du eta, horregatik, bilduma berri honek “gipuzkoar eta euskal herritar handi batean lana sakonean ezagutzeko eta zabaltzeko aukera berri bat” eskainiko du. Egindako “lan eskuzabal eta ederragatik” zoriondu ditu egileak nahiz editoreak, eta argitaletxeen arteko elkarlanak bildumari ematen dion dimentsioa eskertu du, gainera.
Ondoren Xabier Mendiguren editoreak hartu du hitza eta bere poza adierazi du parte hartu duten argitaletxeen izenean proiektu honetan parte hartzeko izandako aukeragatik. Mendigurenek esan du Lete mito bat dela “Xabier Letek mito horietako baten kategoria du: giza bizitzaren korapiloak norbere larruan sentiarazteko gaitasun horrengatik, gai sakonenak hurbil egiteko dohain harrigarri horrengatik, bere karisma izugarri horrengatik, itsasargi baten distiraz egiten du argi gaurik ilunenean ere.” Eta adierazi du tresnak behar ditugula mito horrek argi egiten jarrai dezan, era askotako tresnak, eta tartean bilduma hau.
Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi edizioaren prestatzaileek eman dute edizio lanaren berri. Bi ikerlariak arduratu dira lanak bildu, behar diren zuzenketa egin eta atontzeaz. Lehen liburuan, prestatzaileek egindako sarrera ageri da: Sarreraren egileek diotenez bertan “edizioa egiterakoan hartu ditugun erabakiak eta egin ditugun moldaketak ere agertzen ditugu”. Horrez gain adierazi dute “irakurle orokorrarentzat Lete ezagun bat badago, kantuak sortu eta abestu, bertsoak kantatu eta poema liburu gero eta landuagoak eta espiritualagoak egin zituena. Bada, hain zuzen, azaldu nahi genuen nola Leteren obra, ertz eta konplexutasun handiko bilakabide artistiko hori, estasi-une eta etsipen latzeko amildegietan osatu zen. Esplikatu beharra zegoen hori zerk eraginda gertatzen zen. Horretan saiatu gara”.
Hiru ale
Edizioari dagokionez, honela azaldu dute haien lana: “Hiru aletan egokitu dugu bere obra, hitzaurre eta oharrez hornituz. Horrek esan nahi du Leteren testuei oharrak eta azalpenak gehitu dizkiegula, ahal den neurrian bere testuingurua eta asmoa uler dadin. Honela antolatu ditugu Leteren testu lirikoak:
• Lehenengo alean, lehen hiru liburuak bildu ditugu, 1968 eta 1981 artekoak. Hiru lan horietatik bik sariak jaso zituzten.
• Bigarrenean, azken hiru liburuak: 1990 eta 2008 artekoak. Eta hor ere hainbat sari izan ziren; bereziki, Euskadi saria, Egunsentiaren esku izoztuak liburuarekin.
• Hirugarren aleak dakartza irakurle gehienentzat nobedade gehien: han eta hemen agertutako abestiez eta poema solteez gain, argitaragabeko bi poema-sail eta beste hainbat abesti eta itzulpen ere bai baititu.
Poema horietan egindako oharren arrazoia ere azaldu nahi izan dute edizioaren ardura izan duten Gurrutxagak eta Otaegik: “azken mende erdiko aldaketa linguistiko eta sozio-politikoak testuen oin-oharretan azaltzea beharrezko iruditu zaigu, bai eta Leteren hautu semantiko eta estetiko zenbait azpimarratzea ere”.
Liburu eta aldizkarietan argitaratutako poemak eta abestiak ez ezik, gaur arte argitaratu gabe zeuden zenbait poema ere bildu dira hirugarren liburuan eta horien gaineko azalpena ere eman dute ikerlariek: “Argi esan behar dugu ez ditugula zirriborro moduan zeuden poemak hemen argitaratu; alegia, argitaragabeak izanik ere, inprimatzeko moduan zeuden testuak soilik sartu dira, ez agendetan, paper solteetan eta abarretan dauden eskuz idatzirikoak edo testu zatiak. Leteren Fondoan badago, adibidez, Arrastoa eta itzala izeneko poema-sail bat, portada eta guzti, 1968koa. Prest zegoen, eta Juan San Martinek aipatu ere egin zuen Lete hori argitaratzekoa zela, baina ez zen atera. Hemen Arrastoa eta itzala hori berreskuratu dugu. Eta badago beste multzo bat, irakurleek seguru balioetsiko dutena, Itsaso eragotziaren kanta gogoetatsuak izenekoa. Bi ohar, oso labur, honetaz: 1976 ingurukoa da eta itsasoaren metaforaren bidez, garaiko kezka kultural, sozio-politiko eta ekologikoen ardura adierazten du”.
Gurrutxaga eta Otaegiren iritziz, poema horiek bildu dituen hirugarren liburukiak harrera ona izango du irakurleen artean: “Seguru gaude hirugarren liburukiak Leteren obra maite dutenen plazera eragingo duela, oroitzen edo aurkitzen ez zituen testuak ikusiko dituelako, ustekabeko gaiak kantatu zituela ikusiko duelako…”
5635