Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Zaintza Herri Lab nazioartean saritua izan da QIA sarietako Sektore Publikoko Berrikuntza kategorian

Zaintza Herri Lab nazioartean saritua izan da QIA sarietako Sektore Publikoko Berrikuntza kategorian

· Zaintza Herri Lab mundu mailan saritua izango da Berrikuntza Instituzionalaren kategorian, datorren maiatzean Bangkoken egingo den ekitaldian. · Gaur egun, zainketen tokiko ekosistemak martxan dituzten 18 udalerri daude Gipuzkoan; ekosistema horiek 1.202 erabiltzaile eta programan inplikatutako 167 familia artatzen dituzte zuzenean, 124 zaintzaileren parte-hartze aktiboarekin. Guztira, 240 eragilek parte hartu dute garatutako proiektuetan

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundia nazioartean saritua izan da Zaintza Herri Lab estrategiagatik, eta bigarren saria lortu du Quality Innovation Awards (QIA) sarien Sektore Publikoko Berrikuntza kategorian. Saria maiatzaren 22an emango da Bangkoken.

Lehiaketaren 18. edizio honetan, mundu osoko 557 hautagaitzen artean aukeratutako 23 ekimen berritzaile sarituko ditu epaimahaiak, horien artean Gipuzkoako Zainketen Tokiko Ekosistema. Proposamenak ikuspegi berritzaileagatik jaso du aitorpena, eta gizarte- eta ingurumen-beharretara egokitutako irtenbide eraginkorrak eskaintzeko duen gaitasuna nabarmendu da. Haren eraginkortasuna ere baloratu da, martxan dagoen eredua baita eta dagoeneko emaitza positiboak erakutsi baititu. Era berean, nabarmendu da berrikuntza eta aurretiko ezagutza konbinatzen dituela, ikaskuntza-prozesu egituratu baten ondorioz. Azkenik, haren erabilgarritasuna nabarmendu da; izan ere, erabiltzaileen egungo beharrei erantzuteaz gain, etorkizuneko erronkei ere aurrea hartzen baitie.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak aitorpen horren garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du "duela zortzi urte, apustu politiko eta tekniko bati esker, Pasaian zainketen lehen ekosistema modu esperimentalean martxan jarri ahal izan zela". Era berean, EHUk egindako ebaluazioan islatutako emaitza positiboak azpimarratu ditu. Ebaluazio horren arabera, eredu horrek pertsonen ongizate integrala hobetzen du, etxean denbora gehiago bizitzeko nahia bultzatzen du eta autonomiaren galera eta mendekotasuna atzeratzen ditu.

Gainera, azpimarratu duenez, "sari hau ekimen honetan lan egiten duten erakunde, entitate eta elkarteen ahalegin partekatuaren aintzatespen bat da", eta zainketen tokiko ekosistemak ugaritzen jarraitzera animatzen du, laster 18tik 24ra igaroko baitira, Gipuzkoa osora zabaltzeko helburuarekin.

Lankidetza publiko-komunitarioan oinarritutako eredua

Zaintza Herri Lab Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin eta Adinberri Fundazioarekin lankidetzan sustatutako estrategia bat da. Horren helburua da zaurgarritasun, ahultasun edo mendekotasun-egoeran dauden adinekoei zainketa pertsonalizatuak eta irisgarriak ematea, beren inguruan ahalik eta denbora gehien egon daitezen.

Zainketen tokiko ekosistemen bidez, osasun zerbitzuen, zerbitzu sozialen eta komunitarioen arteko koordinazioa bultzatzen da, eta, gainera, hirugarren sektorearen, esparru akademikoaren eta enpresen inplikazioa sustatzen da. Erabiltzaileek eta haien familiek zainketa planaren diseinuan eta bilakaeran parte-hartze aktiboa izatea ere bilatzen da.

Eredu horrek zuzeneko onurak dakarzkie eredua ezarri duten udalerriei, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetuz, EHUk Pasaiako Zainketen Tokiko Ekosisteman egindako ebaluazioak erakutsi duen bezala. Estrategiak lehentasuna ematen die zaurgarritasun egoeren prebentzioari eta detekzio goiztiarrari, autonomia pertsonalaren narriadura atzeratuz edo saihestuz. Era berean, komunitatearen parte-hartzea indartzen du, isolamendua murriztuz eta auzokoen laguntza-sareak sustatuz. Gainera, zerbitzuak integratzeak aukera ematen du arreta pertsonalizatuagoa eta egoera eta pertsona bakoitzari egokituagoa eskaintzeko. Teknologia berritzaileak erabiltzeak, hala nola telelaguntza prediktiboa, adinekoen segurtasuna eta autonomia hobetzen ere laguntzen du.

18 udalerri, gehi 8

Gaur egun, Gipuzkoako 18 udalerrik zainketen tokiko ekosistemak dituzte garapen-fase desberdinetan: Aretxabaleta, Deba, Donostia, Elgoibar, Hernani, Oiartzun, Orio, Pasaia, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zestoa, Zumarraga, Arrasate, Azpeitia, Errenteria, Legorreta eta Lizartza. Adinberri-Hariak laguntzei esker, beste zortzi udalerrik bat egingo dute ekimenarekin, nahi ez den bakardadearen aurkako borrokan arreta berezia jarriz.

Gaur egun, ekosistema horiek 1.202 erabiltzaile eta programan inplikatutako 167 familia artatzen dituzte zuzenean, 124 zaintzaileren parte-hartze aktiboarekin. Guztira, 240 eragilek parte hartu dute garatutako proiektuetan.

Gainera, estrategiak funtsezko bi tresna garatu ditu eredua hedatzeko: Datu Soziosanitarioen Plataforma Federatua, eragileen arteko informazio-trukea errazten duena, eta Ikaskuntza, Prestakuntza eta Transferentzia Sarea, udalerrien artean esperientziak partekatzeko aukera ematen duena, arreta hobetzeko.

Quality Innovation Awards (QIA)

Quality Innovation Award (QIA) berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko 2007an sortutako nazioarteko lehiaketa bat da. Euskadik 2014tik parte hartzen du eta, 2021az geroztik, EUSKALIT bere aholku-batzordeko kide da. EAEn, erakundeak Innobasque-ren, Unibasq-en eta Ihobe-ren babesa du.

  

4596