Zarauzko Antoniano Ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa
Zarauzko Antoniano Ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa
Azkeneko ikasturtean, 92 ikastetxek eta 3.253 ikaslek hartu dute parte Gipuzkoako foru Ogasunak sustatzen duen zerga heziketako unitatean.
Zarauzko Antoniano Ikastetxeak lehen saria lortu du Fiskalitatea Berritzeko Ideiak gazteei zuzendutako lehiaketan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko ikastetxeetan ematen duen zerga-hezkuntzako unitatearen esparruan antolatzen da lehiaketa hau. Proiektu irabazleak gazteenei zuzendutako komunikazio ekintza proposatzen du, modu erraz eta didaktikoan uler dezaten iruzur fiskala zer den eta zer ondorio dakartzan; gero, gaztetxoak beraiek bihurtu daitezen zerga-ihesaren aurkako enbaxadore. Bigarren saria Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolak jaso du, zerbitzu publiko bakoitzaren kostua islatzen duten fakturak jaulkitzea proposatzen duen ideiarekin.
Sari banaketa gaur arratsaldean egin da Donostian, Foru Jauregiaren beheko solairuan dagoen Etorkizuna Eraikiz Gunean. Bertan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia; Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua eta lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariak. Guztira, zazpi ikastetxek hartu dute parte ekimenean, eta 11 ideia berritzaile aurkeztu dituzte guztira: Mundaizko Sagrado Corazón (Donostia), Deutsche Schule San Alberto Magno (Donostia), Antoniano Ikastetxea (Zarautz), Haztegi ikastola (Legazpi), Mutriku BHI (Mutriku), Zumaiena (Zumaia) eta Mariaren Lagundia ikastola (Bergara).
Olanok, bere hitzaldian, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia dela lurraldea Europa mailan desberdintasun-maila txikienak dituztenen artean kokatzea. Helburu hori lortzeko, administrazio publikoek jokatzen duten paperaren garrantzian jarri du azpimarra, aberastasuna birbanatzeko rola betetzen baitute. “Hau horrela izan ohi da gizarte aurreratu guztietan, eta hori da hain zuzen ere Gipuzkoan izan nahi duguna”, azpimarratu du. Horretarako, gogorarazi du administrazio publikoek baliabideak behar dituztela, errepideetako mantentze-lanak, gizarte-politikak edo suhiltzaileen zerbitzua bezalako esparruak finantzatu ahal izateko, adibide batzuk aipatzearren.
Ildo horretan, nabarmendu du Ogasuna dela finantzaketa hori bermatzen duen erakundea, eta iruzur fiskalak zuzenean erasotzen diola eskema horri. “Iruzur egindako euro bakoitza euro bat gutxiago da gure osasun-sistema edo jasotzen dugun hezkuntza finantzatzeko. Eta ez hori bakarrik: jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik, betetzen duten zergadun guztiei lehia desleiala egitea dakar”, azaldu du diputatu nagusiak. Horren aurrean, berretsi du Ogasunak ezin duela bakarrik lan egin: “Gizartearen konplizitatea behar dugu, batez ere gazteena, zuek baitzarete etorkizuna. Hori da unitate didaktiko honen helburua: zerga-kultura izan dezazuela, eta jakin dezazuela iruzur fiskalak zer kalte eragiten duen, eta horrek horrelako jarreren deslegitimizazio soziala zabaltzen lagunduko du. Zergak saihesteari aurre egin diezaiokegun neurririk eraginkorrena zarete”, azpimarratu du.
Ideia irabazleak
Ideia berritzaileen lehiaketa irabazi duen Antoniano Ikastetxearen ideiari "Munduko bi errealitateak" deitu diote. Erakusketa bat abiaraztea proposatzen du, formatu ikusgarri eta erakargarrian, publiko guztiei zuzenduta, baina, bereziki, gazteenei. “Planteatzen dugu haurrei zuzenduta egotea, kontzeptuak modu erraz eta zuzenean azalduz. Helburua da gazteek txikitatik ulertzea zer den iruzur fiskala eta zer egin litekeen halakorik ez balego. Gero, haur horiek etxera itzultzen direnean, gurasoak ere kontzientziatzen laguntzea nahi dugu”, azaldu du ikasle irabazleen taldeak.
Bigarren saria lortu duen Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolak, berriz, "Zer gertatuko litzateke denok zergak ordainduko bagenitu?" izeneko ideia aurkeztu du. Ikasleek azaldu dutenez, ekimenak herritarrak zergak ordaintzearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu. Horretarako, proposatzen duena da herritar batek edozein zerbitzu publiko erabiltzen duen bakoitzean zerbitzu horren kostua islatzen duen faktura bat igorri eta herritarrari ematea. “Faktura paperezkoa izango da oraingoz, guztiengana iristeko, oraindik jende askok ez baititu teknologia berriak menderatzen. Gero, denboran iraunez gero, pixkanaka formatu digital batera pasako ginateke”, azaldu du saria eskuratu duen taldeak.
Unitate didaktikoa
Peronak ikastetxeak ekimen honetan parte hartzen jarraitzera animatu ditu. “Orain arte lan egin dugun zentroekin daukagun esperientzia oso positiboa da eta, horregatik, interesa duen oro pausua eman eta proiektuarekin bat egitera animatu nahi dugu”, esan du. Interesa duten ikastetxeek web orri honetan jasotzen den eskaera orria bete eta aurkeztu behar dute: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/zerga-iruzurraren-prebentzioa/fiskalitatearen-inguruko-unitate-didaktikoa. Unitate didaktiko honen helburua, webgune baten bidez, ekonomiari eta zergei buruzko oinarrizko jakintza ikasleengana hedatzea da, DBHko 4. mailatik aurrera, kontzientzia fiskala handiago bat pizteko xedearekin. Webgunean, euskal zerga sistemaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzen dira, Administrazioak zerga bidez jasotako diruarekin zer zerbitzu publiko eskaintzen dituen identifikatzen da eta, azkenik, iruzur fiskalaren aurkako borrokaren inguruko eztabaida sustatzen da. “Kontzientziazioan aurrera egiteak sekulako jauzi kualitatiboa emate dakar iruzurraren kontrako borrokan, eta helburu horretara bideratzen da gure ahalegina”, osatu du.
Unitate didaktikoa 2014 urtean jarri zen martxan Gipuzkoan, eta 2017an Araba eta Bizkaira hedatu zen. Lehen kurtso hartan, sei ikastetxek hartu zuen parte ekimenean, 190 ikasleko talde batekin. Lehenengo urte hartatik, unitate didaktikoa gero eta ikastetxe gehiagora hedatzen joan zen, urtez urte. Azken ikasturtean, 2020/2021an, Gipuzkoan 92 ikastetxek hartu zuten parte ekimenean, guztira 3.253 ikaslerekin. Euskal Autonomia Erkidegoko mailan, parte hartzen ari diren ikastetxeak 250 baino gehiago dira, eta urtero 8.000 ikasle baino gehiagok jasotzen dute Ogasunak sustatzen duen zerga heziketako formakuntza.
3004