Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Zazpi milioi gutxiago izango dituzte udalerriek aurten, eta historiako baliabide zuzkidurarik handiena datorren urtean

Zazpi milioi gutxiago izango dituzte udalerriek aurten, eta historiako baliabide zuzkidurarik handiena datorren urtean

Ogasuneko diputatuak “zuhurtziaz” kudeatzeko eskatu die udal arduradunei, pasa den urtean emaitza udalen aldekoa izen zenean egin zuen bezala

2016/10/17

Gipuzkoako udalerriek aurreikusitakoa baino zazpi milioi euro gutxiago jasoko dituzte aurten eta, datorren urteari begira, inoizko Udal Finantzaketarako Foru Funtsik handiena jasoko dute: 467,6 milioi euro. Hau da pasa den ostiraleko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutako banaketak jasotzen duena, eta honen berri eman dio Foru Aldundiak lurraldeko udalerrien ordezkaritzari gaur arratsaldean egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren baitan.

Bilkuran izan dira, Aldundiaren aldetik, Jabier Larrañaga, Ogasun eta Finantza diputatua; Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua; Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politika zuzendaria. Udalerrien partetik, Donostia, Beasain, Elgoibar, Azpeitia eta Oñatiko ordezkariak bertaratu dira.

Ogasunak otsaila, maiatza, abuztua eta azaroan burutzen dituen lau ordainketen bitartez bideratzen du Udal Finantzaketarako Foru Funtsa udalerrietara. Hala ere, aurreikuspenen eguneratzeak ez die baliabide mugimendu hauei eragingo eta foru erakundeak aurrekontuaren arabera egingo du azaroko ordainketa ere. “Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutakoa aurreikuspena da eta, beraz, aurrelikidazioaz ari gara”, gogoratu die Ogasuneko foru diputatuak udal ordezkariei, nabarmenduz otsaileko bileran egingo dela 2016ko likidazioa. “Orduan eguneratuko da benetan saldoa, eta ikusiko da dirurik itzuli behar den edo ez”, esan du.

Larrañagak azpimarratu duenez, “zuhurtzia” izaten ari da legealdi honetan foru Ogasunaren kudeaketaren ezaugarri nagusia. Horrela, gogoratu du pasa den urtean Foru Funtsaren likidazioa positiboa izan zela 7,4 milioi eurotan eta, orduan ere, “zuhurtziaz, agertokian zeuden eta dauden ziurgabetasunak direla medio, arduraz jokatzeko eskatu genien udal arduradunei ordainketa gehigarri hori kudeatzerako garaian. Ziur gaude hala izan direla”. Esan duenez, “Ogasuna zuhur mantendu da bai zerga-bilketa %8 hazten ari zenean zein %2an zegoenean, eta norabide berean jarraituko dugu”

 

2017rako aurreikuspenak

Datorren urteari begira, Foru Funtsaren %3,66ko hazkundea espero da, hau da, 2016ko itxiera aurreikuspena baino 16,5 milioi euro gehiago. Horrela, Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutako aurreikuspenen arabera, erreminta honen zuzkidura 467,6 milioi eurokoa izango da. “Inoizko Foru Funtsik handiena litzateke”, nabarmendu du Larrañagak, gogoratuz 2009tik hona %35 hazi direla udalek jasotzen dituzten baliabideak. “Hazkunde honek udalek eskaintzen dituzten zerbitzuen hobekuntza dakar, eta bide honetatik jarraitzea espero dugu, herritar guztien mesedetan baita”, esan du foru diputatuak.

  

1974