Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Zegamako GI-2637 errepidearen azken zatia hobetzeko proiektua jendaurrean jarri du Aldundiak

Zegamako GI-2637 errepidearen azken zatia hobetzeko proiektua jendaurrean jarri du Aldundiak

1,7 milioi euroko aurrekontua dute lanek, eta Kortaberriako biribilgunetik Zegamako Ondaraldea industriagunera doan zatian egingo da proiektua

2019/02/28

Gipuzkoako Foru Aldundia jendaurrean jarri du GI-2637 errepidea hobetzeko proiektua, Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea industriagunera bitartean. Honekin, Zegama eta N-1 errepidea Idiazabal parean lotzen dituen bidea hobetzeko proiektua itxiko da. Bide Azpiegituretako foru diputatu den Aintzane Oiarbidek Zegaman izan da gaur goizean, eta Joseba Izagirre alkatearekin elkartu da egitasmoaren xehetasunak azaltzeko. “Zegamarentzako oso obra garrantzitsua da, esku hartze honekin amaituko baitugu herriaren orain zein etorkizunarentzat sekulako garrantzia duen azpiegitura”, adierazi du. Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta 6 hilabetetako exekuzio epea, eta jendaurrean jartzea aurrerapauso garrantzitsua da tramitazio prozesuan. 
Oiarbidek gogoratu duenez, Foru Aldundiak hobekuntza nabarmenak burutu ditu GI-2637 errepidean. Lan hauek pasa den urteko maiatzean amaitu ziren. Orduan, Ondaraldeako industriagunea eta Zegamako herrigunearen arteko zatia hobetu zen, eta plataforma berean oinezko eta bizikletentzako bidea eraiki zen. “Bigarren fase honetan, geratzen zaigun GI-2637 errepideko zatia zabalduko dugu, Kortaberria eta industriaren artean dagoena. Honela, bide honen hobekuntza proiektua amaituko dugu”, esan du Oiarbidek, adieraziz bigarren zati honetako bidegorria jada eginda dagoela, aparte dagoen plataforma batean. 
Egun tramite fasean dagoen proiektu honek hiru metroko zabalera izango duten bi errei aurreikusten ditu, eta alde bakoitzean 0,5 metroko artzena, bere geometria ahalik eta gehien egokituz egungo plataforma ahalik eta gehien baliatu ahal izateko. Kortaberriako biribilgunea eta Ondaraldeako industriagunearen arteko zatiak 1,3 kilometro ditu. Ondaraldeako fabriketara sarrera egun bezala geratuko da, ibai ondoko lotunean eskuinetara eginez sartzeko aukera gehituz. Honela, galdarategi aurretik pasa gabe sartzeko aukera irekiko da. Ondaraldea auzoa zeharkatzen duen zatia eta Oria gaineko zubia, bere aldetik, ez dira aldatuko. 

  

1777