Zerbitzu bide berri bat egingo da Lintzirinen, GI-636 errepidera errazago sartzeko
Zerbitzu bide berri bat egingo da Lintzirinen, GI-636 errepidera errazago sartzeko
Lurraldean zirkulazio handiena duen errepideetako bat izateaz gain, industria eta merkatal jarduera asko dituen tarte horretan bost sarrera zuzen daude, azelerazio erreirik gabe
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oiartzungo Udalak hitzarmen bat sinatu dute, GI-636 errepidean (lehen N-1) zerbitzu bide berri bat eraikitzeko. Horrela, GI-636 errepidera sartzea erraztu nahi da, egun zuzenean egiten baitira inkorporazio horiek, horrek dakarren arriskuarekin. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek obra honen garrantzia azpimarratu du. “Errepide honen batez besteko trafiko intentsitatea eguneko 38.000 ibilgailukoa da, Gipuzkoako altuenetakoa. Gainera, zerbitzu bide berria eraikiko den bide tarte horretan enpresa eta merkataritza gune asko daude, eta GI-636 errepiderako inkorporazioak oso konplikatuak dira. Beraz, zerbitzu bide berriarekin inkorporazioak ordeñatu eta segurtasuna irabaziko dugu”, nabarmendu du Oiarbide diputatuak.
Jarduketa hau N-1 zaharraren 5 kilometro puntuan dagoen zuzenean egingo da. Lartzabal ingurutik Iruneranzko sarbideak hertsiki betetzen du bide horren trafikorako beharrezkoa den luzera. Inkorporazio horiez gain, abiaduraz aldatzeko erreirik ez duten beste lau sarbide daude, eta beste bi goiko pasabidea igarota. Sarbide horiek guztiek, GI-636 errepidearen arintasunean eragina izateaz gain, ez dute bermatzen maniobra segurtasun baldintzatan egin ahal izatea.
Oiartzungo Udalak lizitazio fasean du Lintziringo obra. “Sarbideen ugaritze desordenatu horri irtenbidea emateko, zerbitzu bide batean bilduko ditugu guztiak. Zerbitzu bide hori GI-636 errepidearekiko paralelo eraikiko da: biribilguneko azelerazio erreitik eta gasolindegiaren sarreraraino iritsiko den trentzatuan hasiko da, eta goiko pasabideko sarbidean amaituko da”, azaldu du Jexux Leonet, Oiartzungo alkateak. “Dagoeneko proiektuaren lehen bi faseak gauzatu dira, barneko errepidea konpontzea eta oinezkoentzako espaloiak eta argiteria jartzea eta orain hirugarren eta azken fasea gauzatuko dugu”, gehitu du Leonetek.
Proiektatutako lanekin eraginkortasunez ordenatuko dira ibilgailuek errepidearekiko mugan dauden instalazio eta eraikinetatik egiten dituzten sarrera eta irteera mugimenduak; oinezkoentzako ibilbide argiagoak sortuko dira; eta autobus geltokia lekuz aldatuko da, oinezkoek galtzada zuzenean gurutzatu ordez goiko pasabidea erabil dezaten.
“Bide Azpiegituretako departamentuaren jarduketa estrategikoen barruan, foru sareko errepideen segurtasun estandarrak areagotu nahi dira. Proiektu honek, beraz, helburu horri erantzuten dio. Horrela, koherentea da Foru Aldundiak sustatutako gainerako jarduketekin, eta nabarmen hobetzen ditu foru sareko errepideen aritasun eta segurtasun baldintzak”, erantsi du Aintzane Oiarbidek.
Obra lizitazio fasean dago, eta aurrekontua 919.731,12 eurokoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak ia % 55 finantzatuko du.
1544