Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Zerga iruzurrari aurre egiteko 35 plaza aterako dira

Zerga iruzurrari aurre egiteko 35 plaza aterako dira

Alor horretan giza baliabide gehiago edukitzea ahalbidetuko du neurriak; 2019. urte hasieran izango dira azterketak

2018/06/19

Zerga iruzurrari aurre egiteko pertsonal teknikoaren Lan Publikoko Eskaintzari dagozkion oinarriak onartu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak. Hain zuzen, Foru Aldundiko Ogasuneko goi mailako teknikarien hogeita hamabost plaza txanda librean eta lehiaketa-oposizio bidez betetzeko hautapen prozesuaren deialdia da gaur onetsi dena. Neurri horrek aukera emango dio Ogasun eta Finantza Departamentuari giza baliabide gehiago izateko haren lehentasun nagusietako batentzat: iruzurrezko jardunbide horien aurka borrokatzea, alegia; politika publikoak abiarazteko behar diren baliabideak murrizten dituztenez, “guztion aurka doaz-eta”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Aurreikuspenen arabera, 2019. urte hasieran izango dira azterketak. Eskaerak aurkeztu ahal izango dira deialdia eta oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta, gehienez, deialdiari buruzko iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 20 egun naturaleko epea amaitu arte. GAOn egun gutxi barru izango da argitapena. Oposizioaldian honako hiru ariketa hauek egin beharko dira, hirurak ere derrigorrezkoak eta gainditu beharrekoak izango direnak: ezagutza teorikoen proba, gai praktikoen eta teoriko-praktikoen proba, eta gaitasunak ebaluatzeko probak.  

 Derrigorrezko baldintzetako bat izango da titulu ofizial edo homologatu hauetakoren bat izatea: doktoregoa, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo unibertsitate gradua. Deitutako plazak Ogasuneko goi mailako teknikari lanpostuei lotzen zaizkie, eta lanpostu horiek euskarako 3. hizkuntza eskakizuna dute esleituta. Hortaz, ezinbesteko baldintza da hizkuntza eskakizun hori egiaztatzea. Era berean, merituen atalean, balioetsi egingo dira administrazio publikoetako eskarmentu profesionala; formakuntza akademiko osagarria, baldin eta eskatutako lanpostuaren zereginak betetzeko eragin zuzena eta berariazkoa badute; eta frantsesa eta ingelesa ezagutzea.

 Lasak nabarmendu duenez, “enplegu publikoa berreskuratzeko” mugarri izan da legealdi hau. Aurrekoan bost plaza baino ez ziren eskaini, eta oraingo honetan, gaur onartutakoei, beste 25 erantsi behar zaizkie, suhiltzaileenak -2017an izan ziren azterketak-, 11 administrazio orokorreko teknikarienak (AOT) eta 11 gizarte langileenak, iragan urteko LPEari dagozkionak, eta hurrengo hautapen probak hartuko dituztenak. Gaineratu duenez, Aldundiko langileen erdiak zazpi urteko epean hartuko dute erretiroa, gutxi gora-behera. Hori horreta, “funtsezkoa” da “derrigorrezko belaunaldi aldaketa prozesu hori” aprobetxatzea “etorkizuneko Aldundia denon artean diseinatzeko, talentua, gaztetasuna eta perfil berriak txertatuz, eta erakundearen giza baliabideak eta egitura gizartearen eskaera eta behar berrietara egokituz”.

 LPEak eta lan poltsak aintzat hartuta, legealgi honetan zehar, azterketetara 6.000 lagunetik gora deitu ditu Aldundiak. Foru erakundearen asmoa da estatuak ahalbidetzen dituen “zirrikitu guztiak” aprobetxatzea enplegu publikoa finkatzeko berritze tasen bitartez. Hori dela-eta, Madrilgo Gobernuari dei egin dio arlo honetan traba gutxiago jar ditzan, “Aldundiarentzat hil ala biziko gaia” delako.

Gaur onartutako LPEa Aldundiaren helburu estrategikoetako baten baitan kokatzen da, zerga iruzurraren aurkako plangintzan, alegia. Ildo berean, euskarri informatikoei dagokienez, Gipuzkoako Foru Ogasunak Zerga, Big Data eta Kontua proiektuetan dihardu lanean, prozesuak automatizatzeko eta erakundearen eraginkortasuna hobetzeko plataformak hirurak ere, urtero batez beste lau milioi euroko inbertsioa dakartzatenak. Gainera, legealdi honetan SII Proiektua jarri da abian, informazioa berehala helarazteko; horren barruan, lurraldeko enpresa nagusiak, 1.300 guztira, Foru Ogasunarekin “konektatu” dira.

Esparru kualitatiboan, berriz, Gipuzkoa aitzindari izan da ikastetxeetan unitate didaktikoa ezartzerakoan, ikasturte honetan 57 zentro eta 2.000 ikasleengana iritsi dena; Ogasuneko langileek zerga tailerrak ematen dituzte unibertsitateetan –UPV-EHU, Deusto, Tecnun eta Mondragon-en-; akordioa lortu da lurraldeko eragile ekonomiko nagusiekin informazioa elkarbanatzeko; eta ideia lehiaketa antolatzen da, Gipuzkoako talentua zerga iruzurraren aurkako ahaleginarekin bat egitera animatzeko. 

Elektromugikortasuna

Bilkura berean, Smart Mobility Industry egitasmoaren diru laguntzei oniritzia eman zaie. 925.000 euro bideratuko dira guztira deialdi berri honen bitartez, Mugikortasun Elektrikoko Estrategiari, eta Etorkizuna Eraikiz-eko etorkizuneko apustu estrategikoetako bati jarraituz. Horrela, Gipuzkoa nazioarteko erreferente bezala kokatzen jarraitzea da heburua, mugikortasun elektriko eta energia biltegiratzearen alorrean. Izan ere, aukera asko irekitzen dituen sektorea baita; besteak beste, ekonomia hazteko, enpresa-masa kritikoa sortzeko, enplegu berriak sortzeko, gaitasun berriak lortzeko, eta gaur egungo industria-ehuna eraldatzeko.

            “Gipuzkoak aukera dauka lurraldeak dituen zientzia, teknologia eta industria gaitasunak plazaratu eta hauen balioa azpimarratzeko esparru horietan, horrela jarduera ekonomiko berria sortzeko: balio katean zehar banatutako esperientziadun industria ehun bat, enpresa traktoreen presentzia, teknologia zentroak eta erreferentzia diren hainbat eragile -unibertsitateak, lanbide heziketako zentroak, inkubagailuak eta klusterrak-“, adierazi du Lasak. Hala, Gipuzkoa industria horren “garapen gune” bilakatu nahi da, kalitatezko enplegua sortzeko eta ekintzailetza bultzatzeko duen gaitasuna aprobetxatuz; horretarako, programa bat diseinatu da lurraldeko ekonomia ehunaren eraldaketa bultzatzea helburu duena, bere jarduera elektromugikortasun eta energia biltegiratze sektoreetako negozio aukera berrietara bideratuz.

Mundua mugikortasun jasangarri batera doan trantsizio prozesuan murgilduta dagoela aprobetxatuz, deialdi horren bitartez enpresa berrien sorrera bultzatu nahi da, baina baita egungo enpresa ehuna babestu ere, dibertsifikaziorako eta erronka eta behar berriei aurre egiteko duten gaitasuna indartuz; horretarako sustatuko dira etorkizuneko irtenbideak diseinatuko dituzten profesionalen gaitasunak, enpresa ehun berri baten sorkuntza eta inbertsioaren eta talentuaren erakarpena.

Deialdia laster argitaratuko da GAOn, informazio eta oinarri guztiekin batera. Enpresetara zein irabazi asmorik gabeko entitateetara doa zuzenduta –klusterrak, teknologia zentroak…-. Era askotako proiektuak babestuko dira, hala nola teknologia berrien aplikazioa, produktu berrien eta proiektu pilotuen garapena, formakuntza espezifikoa, eta nazioarteko prospekzioa.

Ildo berean, uztailaren 4an eta 5ean, eta Cidetec-ekin elkarlanean, ‘Start now-Eletromugikortasunaren Etorkizuna Eraikiz’ Kongresua antolatuko du Aldundiak Gipuzkoako zientzia eta teknologiaren parkean, mugikortasunaren etorkizuna aztertzeko: nola eragingo dion ibilgailu elektrikoak autoen industriari; zer egiten ari dira gaur egun Euskadin eta munduan eragile aurreratuenak; zer nolako aukera eskaintzen dizkion elektromugikortasunak Gipuzkoari, eta nolako onurak ekarriko dizkien beste sektoreei eta industria osagarriei.

Hobekuntzak errepideetan

Azkenik, Kontseiluak adostu du Bide Azpiegituretako departamentuko aurrekontuetara 2.558.909 euroko kreditu gehigarria bideratzea, urjentziazko hainbat hobekuntza gauzatu ahal izateko. 2017ko abenduan eta 2018ko lehen lauhilekoan izandako euriteak direla-eta, beharrezkoa gertatu da aurrekontuan aurreikusita ez zeuden zenbait jarduketa gauzatzea lauguneak egonkortzeko. Horiek guztiak presazko obrak dira, ekainean edo uztailean lizitatu eta aurtengo bigarren seihilekoan exekutatu behar direnak, eta 1.296.806,97 eurotan baloratu dira.

Orobat, neguan izan dugun klimatologiaren ondorioz, hasiera batean aurreikusita ez zeuden hainbat obra abiatu behar izan dira, honako hauek zehazki: GI-3220 errepide tartean Sasiolatik Mutrikura doan N-634 errepidea zabaldu eta hobetzea 1,200 kp.tik 1,800 kp.ra, 376.200,13 euroko kostuarekin, eta Araotz auzora (Oñati) doan GI-3592 errepide tartea zabaldu eta hobetzea 1,065 kp.tik 1,300 kp.ra, 159.579,28 euroko inbertsioarekin.

            Neguko hilabeteetan zehar beharrezko gertatu da, baita ere, hainbat errepidetan aparteko bidezaintza lanak egitea. Izan ere, neguko klimatologiak nabarmen kaltetu ditu goi kotetan kokatutako errepideetako zoruak, azkarrago hondatu du haien egoera, eta epe labur eta ertaineko esku hartzeak egitera behartu du Aldundia. 2018ko aurrekontuan premia berri bat sortu da, hain zuzen ere, GI-2634 errepidean (Azkarate mendatean) zoruaren egitura birgaitzea, 726.322,62 euroko kostuarekin.

  

2011