Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Zestoako sarreran dagoen neguko bide-zentro berri batek emango dio zerbitzua AP-8ari

Zestoako sarreran dagoen neguko bide-zentro berri batek emango dio zerbitzua AP-8ari

Lau estazio meteorologiko berrik mapa termikoa indartuko dute datorren azaroaren 15ean abiatuko den 2020-2021 Neguko Planean.

2020/11/13

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020-2021 Neguko Bidezaintza Planaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Aurtengo edizioak Planaren 3,1 milioi euroko aurrekontuari, 1,4 milioi euro gehituko zaizkio  AP-8 autobidearen Zestoako sarreran dagoen neguko Bidezaintza Zentro berria eraikitzeko. Neguko bide-plan hori azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean, eta Euskal Meteorologia Agentziak izotzagatik (edozein mailatan) edo elurragatik (1.000 metrotik behera) abisuak ematen dituenean aktibatuko da. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur azaldu duenez, planak 86 kamioi izango ditu, eta urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-1 eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak gehituko zaizkie, ibilgailu astunen batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko direnak. 

Guztira 9.700 tona gatz biltegiratuko dira, 38 gordailutan banatuta. Urtero bezala, erakundeen arteko koordinazioa izango da elementurik funtsezkoena Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, lankide izango ditu erakunde hauek: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua, eta Arabako nahiz Bizkaiko Aldundiak.  Mantendu egiten da arrisku koten aldaketa, iaz egin zena Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalmeten kotetara egokitzeko. Hortaz, 0 arrisku maila aktibatuko da elurra 700 metroan egitea iragarrita dagoenean, “bat eginez, horrela, Plana aktibatzen duenarekin eta gure errepideetako kotekin”.

Berritasun gisa, negu honetan AP-8 autobideak Neguko Bidezaintza Zentro berri bat izango du, Zestoan, autobidearen sarreran. "Proiektuaren helburua da dispositibo osoa –elurra kentzeko makinak, gatza eta gatzuna zabaltzeko makinak, gatz-biltegia eta gatzuna ekoizteko eta biltegiratzeko deposituak– zentro berrian zentralizatzea, AP-8 autobidearen Gipuzkoako zatiari zerbitzua emateko", jakinarazi du Bide Azpiegituretako diputatuak. "Zentro berria urtarrilean egongo da martxan eta 1,4 milioi euroko aurrekontua izan du, hau da, Neguko Planaren 3,1 milioi gehituta, 4,5 milioi euroko inbertsioa", gaineratu du.

Instalazioek estalitako aparkaleku bat izango dute, 15 elurra kentzeko makinetarako edukiera izango duena, 1.500 tonako gatz-biltegi bat, gatzuna prestatu eta biltegiratzeko biltegiak, elurra kentzeko kamioientzako gatz-kargako gunea eta garbitegi-gunea. Esparru osoak itxitura perimetral bat izango du, argi eta garbi mugatuko dituena bidesariaren eremua eta neguko bide-zentroa, eta Zarauzko pantailen zentrotik monitorizatuko da.

Zestoan eraikuntza berria amaitu arte, AP-8rako neguko bide-antolamenduak gaur egun Bidegik Zarautzen duen zentroan jarraituko du.

 

Meteorologia estazioak

          Bide Azpiegituretako diputatuak ere jakinarazi du 2020an lau estazio meteorologiko berri instalatu direla. "Azken neguetan egin dugun mapa termikoari esker, estazio berriak jarri ditugu mapa termikoaren arabera tenperatura baxuena zuten puntuetan, galtzadaren batez besteko tenperatura baino gradu batzuk beherago. Estazio berri horiei esker, hobeto doitu ahal izango ditugu galtzadaren egoeraren aurreikuspenak, eta horrek urgarrien erabilera aurreztea ekarriko du", zehaztu du Oiarbidek

Estazioek bi sentsore dituzte: termohigrometro bat tenperatura eta hezetasuna neurtzeko, zeinak, gainera, ihinztatze-puntuaren berri emango baitigu; eta galtzadako sentsore bat, galtzadaren egoeraren berri emango diguna (gainazaleko tenperatura, zorupeko tenperatura, izozte-tenperatura eta ur-mintza galtzadaren gainean).

          Estazio berriek 103.876,60 €-ko inbertsioa behar izan dute, Arlabanen (GI-627 errepideko 20,200 KP), Legazpin (GI-2630 errepideko 6,700 KP), Zozabarroko bidean (Ezkio-Itsaso A-636 errepidean) eta Legorretako tunelaren irteeran (N-I). Zozabarroko zubibidearen kasuan, galtzadako bi sentsore jarri dira: bata, zubibidearen eremuan –agerian dagoen eremua, teorikoki hotzagoa–; eta bestea, galtzadaren zonan, lurraren gainean.

Azken instalazio horiekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak 24 estazio ditu guztira, eguzki-plaken eta baterien bidez elikatzen direnak eta kontrol-zentrora haririk gabe konektatuta daudenak; eta datuak SIM telefono-txartelaren bidez bidaliko dituzte. “Horrela, sakondu egiten dugu teknologia berrien erabilera errepideak hobeto kudeatzeko; hori, funtsezko elementu bat da lurraldeko lehiakortasunerako eta mugikortasunerako, bat baitator legealdi honetako lehentasunetako bat izango denarekin: sarearen modernizazio adimentsua eta digitalizazioa”, adierazi du diputatuak.

Kontu handiz ibili

Bidezaintza Planaren helburua da lurraldeko errepide sarea baldintza egokietan edukitzea: izotzik gabe eta elurrik gabe. Hala eta guztiz ere, diputatuak azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. “Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin”, azpimarratu du Oiarbidek. Orobat, dei berezi bat egin die ibilgailu astunak gidatzen dituztenei, eta gogorarazi die ezen, elurra badago, guztiz debekatuta dagoela aurrea hartzea eta ezkerreko erreitik joatea. “Ertzaintzaren ardurapean egongo da debeku hori errespetaraztea. Eskaera hori gainerako ibilgailuentzat ere egiten dut: errepidea egoera txarrean dagoenean, komenigarria da ezkerreko erreia libre uztea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten”, amaitu du. 

  

1867