ZIUR fundazioak eta EHUk gela bat sortu dute Gipuzkoa zibersegurtasunean indartzeko
ZIUR fundazioak eta EHUk gela bat sortu dute Gipuzkoa zibersegurtasunean indartzeko
Lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ikasleen gaitasunak hobetzen jarraitzeko enpresa sarearekin lankidetzan.
ZIUR fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko harremana areagotzeko, eta horrela ikasleei prestakuntza esparru bat eta, ondoren, lan merkaturako trantsizioa eskaintzeko. Horretarako, zibersegurtasuneko enpresa gela bat sortuko da, EHUko irakasleen, ikertzaileen eta ikasleen gaitasunen garapena hobetzeko, berrikuntzaren, ezagutza sortu eta eraldatzearen, sareko lanaren, eta proiektuen sustapen eta kudeaketaren bidez, bi erakundeek aldez aurretik egindako lankidetzan sakonduz.
Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak eta EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak sinatu dute akordioa Aldundian, eta bertan izan dira ZIUR fundazioko zuzendari Koldo Peciña eta Informatika Fakultateko dekano Alexander Mendiburu ere. Ikasgelak enpresaren beharrak hurbiltzeko balioko du, bai industriarenak, bai zibersegurtasunean espezializatutako konpainienak, etorkizuneko langileen gaitasun teknikoei dagokienez, ikasleek arlo horretan eskatzen diren gaitasunak eta jakintzak ezagut ditzaten, eta ZIURekin nahiz hainbat enpresarekin prestakuntza jarduera espezializatuak garatu ahal izan ditzaten, horietan praktikak egiteaz gain. Ziur eta EHU lanean ari dira zibersegurtasunari lotutako hainbat arlo eta gaitan prestakuntza ibilbide bat sortzeko.
Horrela, ZIURek gradu amaierako lanak eta/edo praktikak egiteko aukera emango die ikasleei urtero, Gipuzkoako zibersegurtasun ekosistema osatzen duten eragileetan: industria enpresetan, zibersegurtasun enpresetan eta zentro teknologikoetan. Era berean, zibersegurtasun ekosistemak erronka batzuk zehaztuko ditu urtean zehar, ikasleek enpresekin elkarlanean irtenbideak bila ditzaten. Fakultateak lantalde bat antolatuko du, bertako ikasleek eta irakasleek osatua, sortzen diren gai eta erronkei erantzuteko, zibersegurtasunarekin lotutako hitzaldien bidez. Jarduketa horiek bultzatzeko, ZIURek 10.000 euroko ekarpena egingo du.
Jabier Larrañagak positiboki baloratu du akordioa, eta azpimarratu duenez, “jada garatzen ari garen lankidetza indartzeko eta egituratzeko baliagarria izango da. Ziur fundazioa zibersegurtasun industrialaren arloan lurraldearen gaitasunak indartzeko sortu zen, horrela, sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko eta gure enpresen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzeko. Argi daukagu hori lortzeko faktore erabakigarria pertsonak direla, haien ezagutza, prestakuntza eta talentua oinarri hartuta, eta hor eragin nahi du hitzarmen honek, zibersegurtasunaren sektore estrategikoak eskatzen dituen profilak sortzen lagunduko baitigu. Etorkizuneko esparru hori funtsezkoa da gure ongizateari eutsiko dion ekonomia indartsua izaten jarraitzeko”.
Bestalde, Agustin Erkiziak adierazi duenez, “Etorkizuna Eraikizen esparruan, hitzarmen honek sendotu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUk zibersegurtasunaren arloan duten aliantza estrategikoa. Horren bidez, zalantzarik gabe oraina eta geroa duen esparru honetan interesa duten Informatika Fakultateko ikasleek goi-mailako prestakuntza jasoko dute, ekonomia eta gizarte ehunak arlo horretan dituen premiei erantzuteko. Horretarako, ZIURek eta fakultateak berak giza baliabide eta baliabide tekniko egokiak emango dizkiote ikasgelari, bai egungo beharrei erantzuteko, bai etorkizun hurbilean sor daitezkeenei erantzuteko”.
2805