Zumarragak bidegorri berri bat du Mugikortasuneko foru laguntzei esker
Zumarragak bidegorri berri bat du Mugikortasuneko foru laguntzei esker
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak 75.000 eurorekin finantzatu du Argixao eta Kaminpe arteko bidegorria.
Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak (PSE-EE) eta Zumarragako alkate, sozialista ere, Mikel Serranok inauguratu dute gaur Argixaoko poligono industrialerako sarbidea Kaminpeko zonarekin lotzen duen bidegorria: txirrindulari eta oinezkoentzako 505 metroko bidea, bai txirrindulariek bai oinezkoek sarritan erabili ohi duten trazatu baten irisgarritasun-baldintzak hobetzen dituena. Bidegorri berri hau eraiki den arte, Zumarragako herritarrek bazterbidea erabili behar izaten zuten ibilbide hori egiteko; aurrerantzean, ordea, trazatu erosoagoa eta seguruagoa izango dute oinez edo bizikletaz ibiltzeko, kontuan hartuta, gainera, Azkoitia eta Legazpi lotzen dituen bidegorriarekin konektatzen dela.
Mugikortasun jasangarriaren eta osasungarriaren alde bai Mugikortasuneko Foru Departamentuak bai Zumarragako Udalak egindako apustuak ahalbidetu du bidegorri hau eraikitzea; 164.000 euro baino gehiagoko aurrekontua izan du, eta zenbateko horretatik 75.000 € finantzatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Marisol Garmendiak bizikletaz egin du bidegorri berriaren trazatua Serrano alkatearekin batera, eta bisita honetan nabarmendu duenez, "Mugikortasuneko foru departamentuak eutsi egiten dio bere konpromisoari Gipuzkoako bidegorrien sarea zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko, bai foru erakundeari dagokiona bai lurraldeko udalen menpekoa, kasu honetan, Zumarragakoa. Are gehiago ahalegindu gara eta joan den urtean bi aldiz handiagoa izan zen udal bidegorrietarako zuzendutako aurrekontua (75.000 eurotik 150.000 eurora), eta proiektu nagusietako bat Zumarragako bidegorri hau da".
Oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna eta erosotasuna bermatzea da Zumarragako trazatu berri honen helburua, kontuan hartuta jende asko ibiltzen dela hemendik eta bazterbidea erabili beharrean bidegorri bat izango dutela mugitzeko bai txirrindulariek bai oinezkoek.
1737