Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Zumarragako 200 etxek aukera izango dute autokontsumo energetikorako, tokiko lehen energia erkidegoaren bitartez.

Zumarragako 200 etxek aukera izango dute autokontsumo energetikorako, tokiko lehen energia erkidegoaren bitartez.

Gipuzkoako lehen energia-komunitateak energia berriztagarria kontsumitzeko eta faktura elektrikoa merkeago egiteko aukera emango die Zumarragako 200 etxebizitzei. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustatutako ekimenaren helburua da lurraldeko energia-mendekotasuna murriztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta autokontsumoa bultzatzea.

2021/02/25

Jose Ignacio Asensio: "Energia-komunitateek energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria bultzatzen dute, kontsumitzaileentzako aurrezkia adierazten dute eta energia-pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira”.

Zumarragako Udalak Izazpiko kantxa balioaniztunen estalkiaren lagapena egingo du energia komunitate bat eratzeko, horren bitartez energia berriztagarria ekoizteko eta, horrela, herritar interesdunen autokontsumoa indartzeko.

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Gipuzkoako lehen energia komunitatearen proiektua aurkeztu dute gaur goizean, Izazpiko kantxa balioaniztunen estalkian. Izazpiko estalkiak 1.500 metro koadroko azalera eskaintzeko du, 25 urterako plaka fotovoltaikoak instalatzeko. Aurreikusita dago 150 kW-ko instalazioa egitea eta 500 m-ko erradioan dauden Zumarragako 200 etxebizitza eta saltoki energia berdez hornitzea autokontsumoko erregimenean. Energia erkidego horretan parte hartuz, etxe edo saltoki bakoitzak urtean % 20 inguru aurreztuko du, gutxi gorabehera, argiaren fakturan. Onura ekonomikoaz gain, ekimen honek ingurumen onura oso positiboa du, instalazioaren balio bizitzan zehar atmosferara 860 tona CO2 isurtzea saihestuko baitu.

Komunitatean parte hartzeko interesa duten herritarrei egingo die estalkian lagapena Udalak, eta bertan plaka fotovoltaikoak instalatuko dira, eta horietatik 500 metroko erradioan dauden etxebizitzak eta saltokiak sartu ahal izango dira komunitate horretan. Komunitatean parte hartzeko interesa dutenek Udalean egin dezakete aurreinskripzioa. Prozesu horretan, arreta berezia eskainiko zaie ahultasun energetikoan dauden familia unitateei. Bestalde, Zumarragako Udalak, dagoeneko aurkeztu den Izazpiko estalkiaz gain, azterketa bat egingo du, jakiteko halako instalazioak zer eraikin publikok har ditzaketen eta zenbateko energia ekoitzi dezaten.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok nabarmendu du horrelako ekimenak bultzatu eta erraztu behar direla, autokontsumoa, mendekotasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, trantsizio energetiko bidezko batera iristeko bidean: “Energia-komunitateek energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria bultzatzen dute, kontsumitzaileentzako aurrezkia adierazten dute eta energia-pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira”.

Era berean, foru diputatuak gogorarazi du Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburua dela energia eskariaren kudeaketa efizientean oinarritutako lurralde eredu energetiko bat lortzea, "Energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakor bateranzko aldaketaren palanka nagusia. Hain zuzen ere, eskaria murriztea da, iturri fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzearekin batera, aurrera egitea ahalbidetzen diguna, bai energia horniduraren kostua murrizteko, bai ingurumen eragina murrizteko eta bai energia-segurtasuna areagotzeko, hori dena ahalik eta modurik ekonomikoenean gainera.

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen bultzatu eta babestuko ditu Gipuzkoako udalerrietan, mendekotasun energetikoa murrizteko, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta autokontsumoa bultzatzeko. Gaur egun, Gipuzkoak duen kanpoarekiko mendekotasun energetikoa %92,77koa da, eta, beraz, gure autohornikuntza %7,23koa baino ez da. Horregatik, Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburuetako bat da, hain zuzen, lehen mailako energia berriztagarria ekoizteko ahalmena handitzea, eraikinetan eta beste unitate batzuetan autokontsumorako hainbat energia banaketa eredu bultzatuz.

Autokontsumoa sustatzeaz gain, beste helburuetako bat da energia berriztagarrien kuota hobetzea, gaur egun ez baita % 20ra iristen. Erabiltzen dugun energia osoan jatorri berriztagarriak (guk geuk ekoitzia edo kanpoan erosia) hartzen duen proportzioa ematen du adierazle honek. Helburu gisa, Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiak berriztagarrietan % 80ko kuotara iritsi nahi du 2050erako.

Testuinguru horretan, tokiko energia komunitateak, Zumarragan aurkeztutako instalazioak kasu, trantsizio energetikorako aldaketa bizkortu dezakete. Bultzatzen den eredu berria deskarbonizazioaren kontzeptuan oinarritzen da; izan ere, fosil jatorriko energia era progresiboan utziz eta deszentralizazioan oinarrituz, garraio beharrak sortutako ingurumen inpaktua ere murriztuko litzateke. O km eredu berri honetan, instalazioak kontsumitzailearengandik gehienez 500 metroko erradioan daude. Kontsumitzailearen ahalduntzea da eredu berri honen hirugarren ardatza, eta herritarrek rol aktiboa jokatzea sustatzen du, energia berriztagarrien ekoizpenean, erosketan, kontsumoan eta biltegiratzean.

Proiektu hori lankidetza-eredu publiko eta pribatu batean garatuko da, eta Edinor, Energía Distribuida del Norte S.A.k parte hartuko du. Energia-trantsizioko proiektuen artean, Tokiko Energia Komunitateak bultzatu eta garatuko ditu hiri-eremuetan.

 

 

 

  

1769