Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan: 2010-2020 epealdia

Sarrera

Azken urteotan gazteen kezka nagusienetako bat emantzipatu ezina da. Eusko Jaurlaritzaren Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-premia Euskadin 2019 txostenak bi datu adierazgarri ematen ditu: 18-34 urte bitarteko gazteen % 36,0a bakarrik dagoela emantzipatuta, eta emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 urte dela. Europar Batasuneko herrialdeekin alderatuta egoera kritikoa da (Eusko Jaurlaritza, 2020).

Azken urteetako demografia-adierazleek, halaber, herrialde garatuetako adin-egitura zahartzen ari dela adierazten dute. Bide horretan, gazteen emantzipazio-gaitasuna lurralde bateko biztanleriaren biziberritzea bermatzeko ezinbestekoa gertatzen da. Izan ere, gazteak garaiz emantzipatuz bizi-proiektua atzerapenik gabe garatu dezakete.

Prozesu horrek Gipuzkoan izan duen bilakaera ezagutzeko, lurraldeko datuekin aztertu beharra dago. Txosten honek 2010-2020 artean erregistratutako 18 eta 34 urte bitarteko herritarren bizileku-aldaketak aztertzeak utzitako emaitzak dakartza. Bizileku-aldaketa da administrazioak erregistratuta daukan daturik zehatzena bizilekuari dagokionez. Horixe da azterlan honek egin duena. Lan honetan ematen diren datu eta ondorioak 2010-2020 epean Gipuzkoako gazteen % 99,7 biltzen duten udalerrietako 200.000 bizileku-aldaketetan oinarrituta daude.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak argitaratutako Gazteak eta Etxebizitza 2019 dokumentuan gazteen emantzipazioa mugatzen duten bi faktore nagusi azpimarratzen dira: enpleguaren ezegonkortasuna eta etxebizitzaren eskuragarritasun-eza (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, 2020).

Pertsonen bizi-proiektuekin lotutako erabakiak konplexuak izan ohi dira. Azterlan honek, bizileku-aldaketak erregistratutako hainbat datu sozioekonomikorekin uztartuz, bi helburu nagusi ditu: 1) 2010-2020 aldian bizileku-aldaketa erregistratu duten gazteen mugikortasun-dinamikak ezagutzea (nondik nora) eta kuantifikatzea; 2) mugikortasun-dinamiketan eragiten duten faktore nagusiak identifikatzea.

Txosten honen lehen atalean proiektua garatzeko erabili den metodologia zehazten da, baita baliatu diren datuen balioztatzea egin ere. Hurrengo atalean lurraldeko gazte-kopuruak 2010-2020 epealdian izan duen bilakaera azaltzen da.

Gazteen mugikortasuna atalean, berriz, datuen ustiapenak eta azterketak utzi dituen emaitza nagusien berri ematen da, hau da, 18-34 urte bitarteko pertsonen errolda-aldaketak eskualde-, udalerri- eta sekzio-mailan. Errolda-aldaketekin batera, eremu bakoitzeko migrazio-saldoak1 izan duen bilakaera kalkulatu da eta bertan daude emaitzak kontsultarako.

Lurralde-dinamika atalak migrazio-fluxuen nondik norakoak deskribatzen ditu lurralde-tipologian arreta jarriz.

Azterketa sozioekonomikoa atalean gazteen migrazio-saldoak adierazle sozioekonomiko desberdinekin duen lotura azaltzen da. Azken atalean, berriz, txosten osoan zehar jasotako ondorioak modu sintetikoan biltzen dira.

Proiektu honetan ustiatutako datu-multzoa handia eta konplexua da. Kontsultarako askatasun handiagoa eman asmoz panel interaktibo bat garatu da: Gazteen Mugikortasun Panela. Azterlana egiteko baliatu diren datuak xehe-xehe kontsulta daitezke bertan. Informazio-panela ondorengo estekan dago eskuragarri:

https://www.gipuzkoa.eus/gazteria/panel-movilidad-residencial-juventud/



Metodologia

Azterketa hau egiteko lehengaia Gipuzkoako udal gehienek IZFEren laguntzarekin Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eskura jarritako datuak izan dira: 2010 eta 2020 bitartean Gipuzkoako udal-erroldetan erregistratutako adin gazteko herritarren altak eta bajak hain zuzen. Datu horiez gain, INEk, Eustatek, Eusko Jaurlaritzak zein Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak ematen dituzten datuak baliatu dira.

Udal-erroldako gazteen alta eta bajako datuak 2010-2020 epealdirako jaso dira; informazio hau erroldan aldaketa egin zutenean zegokien adinaren arabera multzokatuta dago (18-19 urte, 20-24 urte, 25-29 urte eta 30-34 urte). Alegia, azterlan honetan baliatutako datu-erregistro bakoitzak, bere horretan, zentsu-sekzio batetik beste batera mugitu diren gazteen kopurua adierazten du. Gipuzkoa kanpotik datozen edo Gipuzkoatik doazen gazteen datuak ere aintzat hartzen dira bertan. Zentsu-sekzioa izan da aztertu den lurralde-unitate txikiena. Azterlan honek ezin izan ditu errolda-helbide zehatzak ustiatu, jatorriko eta helburuko etxebizitza-poligono zehatzak aztertzeko moduan.

Gazteen errolda-aldaketen bilakaera (kop.)

Gipuzkoa, 2010-2020
Adinaren arabera

Iturria: GFA

2.1. Gazteen errolda-aldaketen bilakaera


Sexuaren arabera

Iturria: GFA

2.1. Gazteen errolda aldaketen bilakaera


Ikerketa honek suposizio argi bat baliatzen du: 18 eta 34 urte arteko herritarren errolda-aldaketek emantzipazioari buruzko informazioa dute eta, kopuru esanguratsuetan aztertuz, Gipuzkoako emantzipazio-prozesuen azken hamarkadako ardatzak ezagutzen lagunduko dute. Hainbat kasutan suposizio hori erlatibizatu beharra badago ere, baliatu diren datuen dimentsio kuantitatiboa kontuan hartuz, problematikara egoki hurbiltzeko modua, aurretik inoiz egin gabekoa, eskaintzen dute. Behin datuak landuta, Gipuzkoako gazteek azken hamarkadan izan dituzten mugikortasun-patroiak aztertu dira, bai eta patroi horiek adierazle sozioekonomiko desberdinekin duten erlazioa ere.

Esan beharra dago azterketa hau egiteko orduan ez dela Berrobi, Gaintza, Legorreta, Orexa, Zaldibia eta Zerain udalerrietako daturik izan eta, beraz, azterlanetik kanpo geratu direla. Nolanahi ere, udalerri horiek Gipuzkoako gazteen % 0,3a biltzen zuten 2020. urtean eta, beraz, Gipuzkoa mailako azterketak egiteko unean horrek ez du eragin estatistikorik.

Erabili diren datuen baliagarritasuna bermatzeari begira, Gipuzkoak 2010-2020 epealdian izan duen migrazio-saldoa kalkulatu da. Adierazle hori INEtik eskuratu daitekeen 16-34 urte bitarteko pertsonen estatistikarekin eta Eustatek eskaintzen duen biztanleria osorako ematen duen migrazio-saldoarekin alderatu da. Hiru serieek balio proportzionala eta joera berdina erakusten dute eta, beraz, udalek helarazitako datuak baliozkotzat hartu dira (ikus 2.2 irudia).

Migrazio-saldoaren bilakaera (kop.)

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: INE, Eustat eta GFA

2.2. Migrazio-saldoaren bilakaera


Txosten honen azken atalean adierazle sozioekonomikoen eta gazteen migrazio-saldoaren arteko lotura aztertzeak utzitako emaitzak ikus daitezke. Horretarako, udalerrien zein zentsu-sekzioen mailan ageri diren korrelazio eta sakabanatze grafikoak kalkulatu dira. Edonola ere, azterketa honen helburua errealitate konplexu honetara estatistikoki hurbiltzea besterik ez da; izan ere, aurretik esan moduan, prozesu hauek konplexutasun handikoak dira.



Gazteen bilakaera

Gipuzkoako biztanleria % 2,8 hazi da aztertutako hamarkadan. Bi faktorek eragin dute bilakaera horretan: bizi itxaropenaren gorakadak, eta migrazio-saldo positiboak. Inguru horretan, ordea, biztanleria gaztearen galera oso handia izan da: hamarkada hasieran 18-34 urte bitarteko 145.000 herritar baino gehiago izatetik 2020. urtean 120.000 baino gutxiago izatera igaro da Gipuzkoa; % 17,5eko galera, alegia (ikus 3.1 irudia).

Biztanleria osoaren eta gazteen bilakaera (%)

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: INE

3.1. Biztanleria osoaren eta gazteen bilakaera


Gazteen kopuruaren galera bortitz horren arrazoia 80ko hamarkadako krisiak ondorengo urteetan jaiotza-tasan eragindako beherakada da. 18-34 urte bitarteko biztanleriak ez du erreleborako gaitasunik (etorkizun hurbilean ere urria izango da) eta, ondorioz, gazteen kopuruak behera egin du. Adierazgarria da herrialdean gazteen tasak2 hamar urteotan izan duen beherakada: 2010. urtean 18-34 urteko gazteen tasa % 20,5ekoa izatetik 2020. urtean % 16,5a izatera igaro da, lau puntuko jaitsiera, alegia. Azken urteetako migrazio-saldo positiboa ere ez da gazteen galera ekiditeko gai izan (ikus 3.2 eta 3.3 irudiak).

Gazteen tasaren bilakaera (%)

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: INE

3.2. Gazteen tasaren bilakaera


Izan ere, 2010-2020 epealdian Gipuzkoak gazteen migrazio-saldo positiboa izan du; hau da, erroldan alta emandako gazteak baja emandakoak baino gehiago izan dira: 17.000 gazte baino gehiagok aukeratu dute Gipuzkoa bizitoki berri gisa, orotara. 2010etik 2015era bitarteko migrazioaren balantzea eginda, lurraldeak 1.000 gaztetik gora irabazi ditu urtero. Hurrengo urteetan gazteen migrazio-saldo positiboak gora egiten du eta 2018-2019 urteetan maximora iristen da (2.600 gaztetik gora). 2020. urtean, ordea, COVID-19aren pandemiaren eragina nabari da eta balioak behera egiten du, modu puntualean bada ere (ikus 2.2 irudia).

Biztanleria piramidearen bilakaera (kop.)

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: INE

3.3. Biztanleria piramidearen bilakaera


Hala ere, nahiz eta migrazio-saldoa positiboa izan, adin-egitura zahartzearen ondorioz gazteen proportzioaren galera ia orokorra izan da Gipuzkoako udalerri guztietan, baina udalerri txikiak dira galera hori bortitzen jasan dutenak: Albiztur (-% 53,8), Aizarnazabal (-% 44,8), Alkiza (-% 42,5) edota Zegama (-% 42,1). Nolanahi ere, Elgoibar (-% 27,4), Azkoitia (-% 26,5), Errenteria (-% 26,0) edota Arrasate (-% 22,6) bezalako tamaina ertaineko udalerriek ere galera esanguratsua izan dute 18-34 urte bitarteko biztanle-kopuruan (ikus 3.4 irudia).

Donostiak, esaterako, biztanleria gaztearen % 10,9 galdu du 2010-2020 epealdian: ia 4.000 gazte. Datu esanguratsua da, Gipuzkoako hiriburuak epealdi horretan gazteen migrazio-saldo positiboa izan duela aintzat hartuta (4.800 gazte hartu kanpo-migrazioaren3 bitartez eta 564 gazte galdu ditu barne migrazioaren4 ondorioz) (ikus 3.4 eta 4.3 irudiak).

Dena den, badira biztanleria gaztearen hazkundea izan duten hainbat udalerri. Horietako batzuk udalerri txikiak dira eta, beraz, gazteen kopuru absolutuaren igoera txikia da. Udalerri handiagoen artean gazteen kopurua emendatu dute, esaterako Astigarragak (% 20) eta Tolosak (% 0,4). Txosteneko hurrengo ataletan aztertu da biztanleria gaztea erakarri duten dinamikak zenbatekoak izan diren, bai eta aldagai sozioekonomikoekiko korrelazioak zenbatekoak diren ere.

Gazteen bilakera udalerriaren arabera (%)

Gipuzkoa, 2010-2020

3.4. Gazteen bilakaera udalerriaren arabera



Gazteen bizileku-aldaketak

Ezaugarri orokorrak

Gazteen errolda-aldaketen historikoak adierazten du 2010-2020 epealdian erregistroen gorakada iraunkor bat egon dela, hau da, errolda-aldaketak gero eta gehiago izan direla. Joera positibo hori 2020. urtean bakarrik hautsi zen, krisi sanitarioak mugikortasuna gehien mugatu zuen urtean. Datu horrek gazteen mugikortasun-dinamikak gora egin duela adierazten du ezinbestean (Gipuzkoako migrazio-saldoaren datuek gertaera hori berresten dute5).

Bestalde, azpimarratu behar da gazteen mugikortasun datuetan ez dagoela genero-desoreka azpimarragarririk: errolda-aldaketen % 51,5 emakumeak dira eta % 48,5a, berriz, gizonak. Adin-tarteari dagokionez, ordea, argi ikusten da 25-29 urte (% 30,4) eta 30-34 urte (% 45,6) bitarteko pertsonak direla bizilekua gehien aldatu dutenak. Datu hau bat dator urte horietako batez besteko emantzipazio-adinarekin (ikus 2.1 irudia).

Gazteen erroldako alten eta bajen nondik norakoa aztertuta, patroi argi bat antzematen da eskualde guztietan: desplazamenduen gehiengo nagusia tokikoa da, hau da, udalerri barruan egindako bizileku-aldaketak dira. Joera hau nabarmenagoa da Donostia, Debagoiena, Urola-Erdia eta Urola-Kosta eskualdeetan, nahiz eta eskualde barruan udalerri bakoitzak bere joera izan dezakeen (ikus 4.1 eta 4.2 irudiak).

Errolda-aldaketen nondik norakoa eskualdearen arabera (%)

Gipuzkoa, 2010-2020
Alten jatorria

Iturria: GFA

4.1. Errolda-aldaketen nondik norakoa eskualdearen arabera


Bajen helburua

Iturria: GFA

4.1. Errolda aldaketen nondik norakoa eskualdearen arabera


Errolda-aldaketen nondik norakoa udalerriaren arabera (%)

Gipuzkoa, 2010-2020
Alten jatorria

4.2. Errolda-aldaketen nondik norakoa udalerriaren arabera


Bajen helburua

4.2. Errolda aldaketen nondik norakoa udalerriaren arabera


Eskualde barneko interakzio handiena duten eremuak Goierri eta Tolosaldea dira. Goierriren kasuan, esaterako erroldako alten jatorriaren % 13,3 eskualdeko beste udalerriak izan dira, eta baita bajen helburuaren % 15,8 ere. Tolosaldearen kasuan ehuneko horiek % 14,8 eta % 17,4 dira, hurrenez hurren (ikus 4.1 eta 4.2 irudiak).

Buruntzaldeko (% 20,8) eta Oarsoaldeko (% 24,4) eskualdeen kasua aztertuta, erroldako altetan Gipuzkoa barneko jatorria duten pertsonen ehunekoa gainerako eskualdeetakoa baino altuagoa da. Berdina gertatzen da erroldako bajen helburuarekin: Oarsoaldea (% 24,9), Buruntzaldea (% 15,6) eta kasu honetan Tolosaldea (% 17,7) dira Gipuzkoako gainerako eskualdeetara gazteak bidaltzen dituztenak. Oarsoaldearen eta Buruntzaldearen kasuan Donostiarekiko harremana argia da (5.2 atalean aztertzen da) (ikus 4.1 eta 4.2 irudiak).

Gipuzkoa kanpotik etorritako gazteen alta proportzio handiena duten eskualdeak dira Goierri (% 35,7), Debabarrena (% 35,4) eta Bidasoa (% 33,1). Gipuzkoatik kanpora doazenen artean, berriz, Debabarrena (% 27), Donostia (% 25,4) eta Bidasoa (% 24,5) eskualdeek dituzte ehuneko handienak. Dinamika horretan lan-merkatuaren eskaintzak eragiten du gehienbat (ikus 4.1 eta 4.2 irudiak).

Migrazio guztiak

Horiek horrela, 2010-2020 epealdian Gipuzkoako ia udalerri guztiek izan dute gazteen migrazio-saldo positiboa. Saldo negatiboa izan dutenak batik bat txikiak dira: Albiztur, Larraul, Altzo, Arama, Ikaztegieta edota Ezkio-Itsaso. Tamaina handiagoa dutenen artean Antzuola eta Legazpi dira errolda-aldaketei dagokienez biztanleria gaztea galdu duten udalerri bakarrak (ikus 4.3 irudia).

Epealdi horretan, bere tamaina dela-eta, Donostia da nagusi (4.236 gazte) biztanleria gaztea bereganatu dutenen artean. Dena den, gazteen migrazio-saldoa modu erlatiboan aztertuta, balioak orekatu egiten dira. Kasu honetan, Gaztelu (% 7,7), Baliarrain (% 6,3), Altzaga (% 4,5) eta Itsasondo (% 4,4) bezalako herri txikiak edota tamaina handiagoa duten Astigarragak (% 2,8), Irunek (% 2), Hernanik (% 1,7), eta Errenteriak (% 1,6) dute ratiorik handiena. Nolanahi ere, azterketa udalerri barruko sekzio mailan eginez gero, errolda-aldaketen ondorio den gazteen migrazio-saldoan desoreka handia dagoela ikusten da (ikus 4.3, 4.4 eta 4.5 irudiak).

Migrazio-saldoa udalerriaren arabera

Gipuzkoa, 2010-2020
Balio absolutuak

4.3. Migrazio-saldoa udalerriaren arabera


Balio erlatiboak

4.3. Migrazio-saldoa udalerriaren arabera


Migrazio-saldoa sekzioaren arabera

Gipuzkoa, 2010-2020
Balio absolutuak

4.4. Migrazio-saldoa sekzioaren arabera


Balio erlatiboak

4.4. Migrazio-saldoa sekzioaren arabera


Bilakaera honen atzean dauden gazte gehienek Espainia edo Europako Batasunaz kanpoko estatuetan dute jatorria. Izan ere, Gipuzkoako eskualde guztiek gazte gehiago bereganatzen dituzte lurralde horietatik galtzen dituztenak baino. Kasu horretan, balantze positibo handiena duten eskualdeen artean aipatzekoa da Donostia (4.546 gazte). Hortik kanpo paretsu dabiltza Debagoiena (1.316 gazte), Debabarrena (1.300 gazte), Buruntzaldea (1.238 gazte), Bidasoa (1.192 gazte) eta Oarsoaldea (1.017 gazte) (ikus 4.5 irudia).

Halaber, Gipuzkoaren eta Espainiako lurraldeen arteko gazteen mugikortasunari dagokionez, gehiago izan dira Espainiatik Gipuzkoara etorri diren gazteak alderantzizko bidea egin dutenak baino. Donostia eta Bidasoa dira Espainiarekiko migrazio-saldo positibo handiena duten eskualdeak (720 eta 435 gazte, hurrenez hurren). Aldiz, Urola Kosta eta Urola Garaia izan dira azken urteetan Espainiarekin balantze negatiboa izan duten eskualde bakarrak (20 eta 25 gazte) (ikus 4.5 irudia).

Eskualdeek Europar Batasunarekin duten harremanean, Goierri eta Bidasoa dira balantze positibo esanguratsua duten eskualde bakarrak (678 eta 507 gazte); gainerako kasuetan balantzea orekatua da. Donostia da salbuespen bakarra, izan ere, hiriburuak 2010-2020 epealdian gazteen migrazio-saldo negatiboa izan du Europar Batasunarekin (282 gazte). Motibazioen azterketarik egin ez bada ere, aldagai nagusiak kontuan hartuz, pentsa daiteke Goierriko industria espezializatuak eta Bidasoaren muga izaerak (logistikari lotutako ekonomia) prestakuntza maila jakineko gazteak erakartzen dituztela. Donostiaren kasuan, berriz, prestakuntza maila handieneko gazteek Europar Batasunean lana bilatzen dutela pentsa daiteke (ikus 4.5 irudia).

Aztertu diren gainerako eremuei dagokienez (Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Frantzia), esan behar da, batik bat, mugakideak diren Gipuzkoako eskualdeetan dutela eragina. Horiek horrela, Arabaren kasuan azpimarratu behar da Debagoienak migrazio-saldo negatiboa duela (206 gazte). Bizkaiarekiko harremanean, berriz, eskualde gehienek gazteak galdu dituzte, Debagoienak (123 gazte) eta Debabarrenak (93 gazte), bereziki. Aipagarria da Bidasoa (70 gazte) dela Bizkaiarekiko migrazio-saldo positiboa duen eskualde bakarra; hau da, Bizkaitik Bidasoara joan diren gazteen kopurua kontrako bidea egin dutenena baino handiagoa da (ikus 4.5 irudia).

Nafarroarekiko gazteen mugikortasun-patroiak antzeko dinamika izan du: eskualde gehienek migrazio-saldo negatiboa izan dute, Bidasoa da salbuespen bakarra. Eskualde horrek 222 gazte irabazi ditu 2010-2020 epealdian. Datu horrek ongi adierazten du zein den Bidasoaren eta Nafarroako ipar-mendebaldeko bailaren (Bortziriak, Malerreka edota Baztan) arteko lurralde-dinamika (ikus 4.5 irudia).

Azkenik, aipatu behar da Gipuzkoa eta Frantziaren arteko erroldatze-aldaketetan Bidasoak eta Donostiak bakarrik dituztela balio esanguratsuak. Bi eskualdeek Frantziarekiko migrazio-saldo negatiboa dute: Donostiak 164 gazte galdu ditu, eta Bidasoak, berriz, 108 gazte. Eurohiriaren baitan, etxebizitza eskuratzeko erraztasunak edo babes sozialeko politika indartsuak erakargarriak dira muga inguruan eta eleaniztasunean hazitako gazte zenbaitentzat (ikus 4.5 irudia).

Migrazio-fluxuak eskualdeen eta gainerako eremuen artean

Gipuzkoa eta gainerako eremuak, 2010-2020

Iturria: GFA

4.5. Migrazio-fluxuak eskualdeen eta gainerako eremuen artean


Barne migrazioak

Nolanahi ere, migrazio-saldoa aztertzen denean bi faktore aintzat hartu behar dira: Gipuzkoatik kanpoko migrazioen zenbatekoa (aurreko puntuan azaldu dena), batetik, eta herrialdearen baitako gazteen migrazioa, bestetik. Izan ere, migrazio-saldo positiboa duten udalerriak Gipuzkoa kanpotik datozen biztanleen zordun dira.

Barne-migrazioak bakarrik aintzat hartuz gero, hau da, Gipuzkoa barruko mugimenduak, udalerriak bi taldetan banatzen dira: biztanleria gaztea bereganatu dutenak, batetik, eta biztanleria gaztea galdu dutenak, bestetik (ikus 4.6 eta 4.7 irudiak).

Barne-migrazioen saldoa udalerriaren arabera

Gipuzkoa, 2010-2020
Balio absolutuak

4.6. Barne-migrazioen saldoa udalerriaren arabera


Balio erlatiboak

4.6. Barne-migrazioaen saldoa udalerriaren arabera


Donostiak, esaterako, 564 gazte galdu ditu dagoeneko Gipuzkoan erroldatuta dauden gazteen errolda-aldaketak aintzat hartuz. Hurrengo atalean xehetasun handiagoarekin ikusiko den bezalaxe, Gipuzkoako hiriburuak balantza negatiboa du herrialdeko udalerriekiko, Buruntzaldearekiko (457 gazte) eta Oarsoaldearekiko (408 gazte), bereziki (ikus 4.6 eta 4.7 irudiak).

Badira biztanleria gaztearen balantze ezkorra duten udalerri gehiago ere. 2010-2020 epealdian tamaina esanguratsukoen artean aipatzekoak dira Beasain (142 gazte), Arrasate (132 gazte), Zarautz (131 gazte), Azkoitia (49 gazte), Azpeitia (44 gazte) edota Deba (35 gazte). Datu horiek kostaldeko udalerrietan edo ezarpen industrial berritzailea duten herrietan gazteek errotzeko duten zailtasuna adierazten dute. Eskualde barruko mugimenduei erreparatuta, 2010-2020 aldian nagusitu den joera eskualde buruak utzi eta inguruko herrietara jotzea izan da, aurreko hamarkadetan gertatu denaren kontrakoa (ikus 4.6 irudia).

Gipuzkoako gainerako udalerrietatik biztanleria gaztea bereganatu duten udalerrien artean, berriz, Astigarraga (230 gazte), Pasaia (218 gazte), Irun (187 gazte), Hernani (172 gazte) edota Lazkao (117 gazte) dira nagusi (ikus 4.6 irudia), alegia Donostiaren eremu metropolitarrekoak eta Goierriko eremu industrialaren ingurukoak.

Migrazio-fluxuak eskualdeen artean

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA

4.7. Migrazio-fluxuak eskualdeen artean


Hurrengo atalean xehetasunez aztertzen dira Gipuzkoako gazteen mugikortasunari lotutako lurralde-dinamika nagusiak: Donostia hiriburuaren baitakoa; hiriburuarekiko lotura estua duten eskualdeena (Bidasoa, Buruntzaldea eta Oarsoaldea); barne-dinamika propioak dituzten eskualdeena; eta azkenik, udalerri txikiena.



Lurralde-dinamikak

Hiriburua

Donostiak eta bere inguruak metropolizazio prozesua bizi dute; hiriburuaren eragin-eremua gero eta zabalagoa da. Bide horretan, 2010-2020 epealdiko Gipuzkoako gazteen mugikortasun-dinamikak hiriburuarekiko dependentzia handia duela erakusten du. Hiriburuak 4.236 gazte irabazi ditu migrazio-saldo positiboari esker (balio erlatiboetan gainerako udalerriekin parekatzen da), baina balio positibo hori Gipuzkoatik kanpo datozen gazteei esker izan da: Espainiatik eta munduko gainerako estatuetatik (Europar Batasunetik kanpokoak), bereziki (ikus 4.3 eta 4.5 irudiak).

Gipuzkoa barneko migrazio-fluxuetara mugatuz, Donostiak 500 gazte baino gehiago galdu ditu epe horretan. Hiriburuak gazteen harreman indartsua du Bidasoa, Buruntzaldea eta, bereziki, Oarsoaldearekin. Kasu guztietan Donostiatik eskualde horietara joan diren gazteak herri horietatik Donostiara joan direnak baino gehiago izan dira. Buruntzaldearekin harremanean, esaterako, Donostiak 457 gazte galdu ditu: 1.474 gazte joan dira Donostiatik bertara bizitzera eta handik 1.017 jaso ditu. Oarsoaldearen kasuan, berriz, 408 gazte galdu dira: erroldako bajak 1.901 izan dira eta altak 1.493 (ikus 4.6 eta 4.7 irudiak).

Gazteen galera hori hiriburuak Gipuzkoako gainerako eskualdeekin duen gazteen joan-etorriarekin emendatzen da nolabait. Kasu horietan migrazio-saldoa positiboa da, baina eremuen arteko harremana apala dela ikusi daiteke (ikus 4.6 eta 4.7 irudiak).

Migrazio-fluxuak Donostiako auzoen artean

Donostia, 2010-2020

Iturria: GFA

5.1. Migrazio-fluxuak Donostiako auzoen artean


Donostia barruan ere gazteen bizilekuari lotutako mugikortasun-dinamika desberdinak antzeman daitezke. Auzoen bereizte maila handia den heinean kasuistikak ere ugariak dira. Dena dela, argi ikusten da aztertutako epealdian zeintzuk izan diren donostiar gazteak jaso dituzten auzoak: Loiolako Erriberak (221 gazte), Txominenea (156 gazte), Aiete (133 gazte, Morlanseko eremua hartzen du bere barnean) eta Martutene (61 gazte). Esan gabe doa azken urteetan etxebizitza-parkearen hazkundea izan duten auzoak direla (ikus 5.1 puntua).

Galera dute Ibaeta (203 gazte), Gros (181 gazte), Egia (133 gazte), Zentroa (89 gazte), Ategorrieta-Ulia (84 gazte) edota Antiguoko (81 gazte) auzoek: eremu horietako gazteak Donostiako beste auzo batzuetara joan dira bizitzera (ikus 5.1 puntua).

Hiriburuarekiko lotura duten eskualdeak

Aurreko puntuan azaldu bezalaxe, Oarsoaldeak, Buruntzaldeak eta Bidasoak interakzio estua dute Donostiarekin: hiriburutik biztanleria gaztea bereganatzen dute. Gainera, azpimarratu behar da eskualde horietako udalerriek Donostiarekiko galdu dituzten gazteak baino gehiago jaso dituztela hamarkada horretan. Hondarribia da salbuespen bakarra: Pasaia (195 gazte), Errenteria (194 gazte), Astigarraga (188 gazte) eta Hernani (135 gazte) dira balantze positibo handiena dutenak (ikus 5.2 irudia).

Dena den, aurreko atalean aztertu bezalaxe, eskualde horietako udalerriek Donostiatik ez ezik Gipuzkoaz kanpoko eremuetatik ere bereganatzen dituzte gazteak: Espainiatik eta Europar Batasunaz kanpoko estatuetatik, bereziki. Mugikortasun-fluxu guztiak aintzat hartuta, Irun (2.315 gazte), Errenteria (1.053 gazte) eta Hernani (650 gazte) dira guztietan migrazio-saldo positibo handiena duten udalerriak (ikus 4.3 irudia).

Pasaiaren kasua, ordea, desberdina da: bere migrazio-saldo positiboa (143 gazte) Gipuzkoa barnetik bereganatutako gazteen ondorioa da. Udalerri honek Gipuzkoatik kanpora joan diren gazteak galdu ditu (75 gazte), baina, besteak beste, Donostiatik (195 gazte) eta Errenteriatik (27 gazte) jaso ditu (ikus 4.3 eta 5.2 irudiak).

Buruntzaldearen kasuan azpimarragarria da ez dagoela eskualdeko udalerrien artean gazteen irabazi-galera kasu nabarmenik. Aipatu bezalaxe, Hernani (650 gazte) eta Astigarraga (336 gazte) dira, bereziki, biztanleria gaztearentzat bizitoki bilakatu diren udalerriak. Hernaniren kasuan kopuru horren gehiengoa Espainiatik eta Europar Batasunetik kanpoko estatuetatik jasotako biztanleriaren ondorioz gertatu da. Astigarragaren kasuan, ordea, bere migrazio-saldoaren erdia baino gehiago zuzenean Donostiatik jasotako gazteek eragindakoa da (ikus 4.3 eta 5.2 irudiak).

Migrazio-fluxuak Donostialdeako udalerrien artean

Donostialdea, 2010-2020

Iturria: GFA

5.2. Migrazio-fluxuak Donostialdeako udalerrien artean


Bidasoa da, mugikortasun-dinamiketan berezitasun gehien duen eskualdea. Irun (2.315 gazte) eta Hondarribiaren (225 gazte) migrazio-saldo positiboa, gainerako eskualdeen kasuan bezalaxe, Espainiako eta Europar Batasunaz kanpoko gazteei zor bazaie ere, gainerakoek baino interakzio handiagoa du Nafarroa Garaia eta Frantziarekin duen mugakidetasunaren eraginez (ikus 4.3 eta 5.2 irudiak).

Horrezaz gain, bi fenomeno azpimarratu behar dira: a) Donostiak bere eremu metropolitarreko udalerrien artean Hondarribiarekin bakarrik du saldo positiboa (25 gazte); eta b) Errenteria-Irun ardatza mugikortasun handikoa da. Errenteriatik Irunera 270 gazte joan ziren bizitzera, eta Irundik Errenteriara, berriz, 223 gazte; hau da, Irunek (47 gazte) migrazio-saldo positiboa izan du Errenteriarekiko, nahiz eta Donostiatik urruntzen den norabidean izan. Eskualde horietako gainerako udalerrien artean ez dago gazteen harreman-dinamika azpimarragarririk (ikus 4.3 eta 5.2 irudiak).

Barne-dinamika duten eskualdeak

Gainerako eskualdeen artean Tolosaldea, Goierri eta Urola-Garaia dira eskualdeko udalerrien artean gazteen bizileku-aldaketako dinamika handiena dutenak. Tolosaldearen kasuan, esaterako, Tolosak eskualdeko udalerrietatik biztanleria gaztea bereganatzeko joera izan du (Ibarra, Alegi, Anoeta, Zizurkil…). 21 gazteko saldo positiboa eskualdeko udalerriekiko hain zuzen (ikus 4.3, 4.5, 4.6 eta 4.7 irudiak).

Goierriren kasuan, berriz, Beasain, Ordizia eta Lazkaoren arteko interakzio indartsu bat antzematen da, Urola-Garaiko Urretxu eta Zumarragaren artean bezalaxe. Beasainek (142) eta Ordiziak (7 gazte), esaterako, Gipuzkoako udalerriekiko harremanean gazteak galdu dituzte, eta kontrara, Lazkaok (117 gazte) inguruko udalerrietatik gazteak bereganatu ditu (ikus 4.3, 4.5, 4.6, 4.7 eta 5.3 irudiak).

Bestalde, Urola-Kosta, Urola-Erdia eta Urola-Garaia eskualdeetako udalerriek elkarren arteko biztanleria gaztea trukatzeko joera argia badute ere, aipagarria da Azkoitiak (49 gazte) eta Azpeitiak (44 gazte) Gipuzkoako udalerriekin gazteak galtzeko izan duten joera. Zestoa da eskualdean barne mugikortasun bidez biztanleria gaztea maila esanguratsuan bereganatu duen udalerri bakarra (27 gazte) (ikus 4.3, 4.5, 4.6, 4.7 eta 5.3 irudiak).

Debabarrenako eta Debagoienako eskualdeek ere badituzte eskualde barneko zein inguruko eskualdeekiko gazteen truke-patroiak. Halere, eskualde horietako udalerrietan handiagoa da bertan gazteak errotzeko gaitasuna. Sekzioaren araberako barneko mugikortasun-fluxuei erreparatuta, dinamika hori oso indartsua da Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Deban, Elgoibarren eta Eibarren. Nolanahi ere, Oñatik izan ezik, aipatutako gainerako udalerriek biztanleria galdu dute Gipuzkoako udalerriekiko harremanean (ikus 4.3, 4.5, 4.6, 4.7 eta 5.3 irudiak).

Aipatu diren barne-mugikortasuneko patroiekin batera, ezin da albo batera utzi kasu guztietan udalerri horiek Donostiarekiko biztanleria gaztea galtzeko izan duten joera (ikus 4.7 irudia).

Udalerri txikiak

Gazteen mugikortasuna atalean azaldu den bezalaxe, udalerri txikiak dira migrazio-saldo negatiboa izateko joera handiena duten udalerriak (Albiztur, Larraul, Altzo, Arama, Ikaztegieta edota Ezkio-Itsaso). Dena den, udalerri txiki gehienek 2010-2020 epealdian saldo positiboa izan dute, hau da, galdu dutena baino gehiago jaso dute. Esan gabe doa migrazio-saldo positibo hori Gipuzkoa kanpotik datozen gazteei esker dela, atzerritarrak nagusiki. Udalerri horietako erroldan izandako altak bajak baino gehiago izan dira (ikus 4.3 irudia).

Kanpo-migrazioaren fluxuak alde batera utzita, Gipuzkoa barneko gazteen mugikortasunaren baitan, bi joera kontrajarri antzematen dira udalerri txikietan: gazteak bereganatu dituzten herriak, batetik, eta galdu dituztenak, bestetik. Herrialdetik gazteak jaso dituzten udalerrien artean daude Orendain, Amezketa, Baliarrain, Ataun, Zegama edota Elgeta. Gazteak inguruko udalerri nagusiagoetatik etorri dira, batik bat (ikus 4.3 eta 5.3 irudiak).

Kontrako kasua bizi duten udalerrietako batzuk Aia, Alkiza, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil, Ibarra, Idiazabal, Leaburu, Leintz-Gatzaga edota Ormaiztegi dira. Kasu horietan, udalerri txikietako gazteek eskualdeko udalerri nagusietara bizitzera joateko joera izan dute (ikus 4.3 eta 5.3 irudiak).

Migrazio-fluxuak udalerrien artean

Gipuzkoa, 2010-2020

5.3. Migrazio-fluxuak udalerrien artean


Migrazio-fluxuak sekzioen artean

Gipuzkoa, 2010-2020

5.4. Migrazio-fluxuak sekzioen artean



Azterketa sozioekonomikoa

Atal honetan gazteen errolda-aldaketak (gazteen migrazio-saldoaren tasaren6 bidez) aldagai sozioekonomiko desberdinekin duten erlazioa aztertzeko egindako korrelazioak eta sakabanatze-diagramek utzitako emaitzak azaltzen dira.

Gazteen tasa

Sekzio mailako datuak baliatuta, gazteen migrazio-tasaren eta gazteen tasaren artean korrelazio baxua dagoela frogatu da (0,16). Gainera, sakabanatze-diagraman ere antzematen da, bi aldagaien artean egin den erregresio linealean, gazteen tasak ez duela gazteen migrazio-saldoaren tasa azaltzeko balio. Esan daiteke, beraz, gazteak ez doazela berariaz gazteak dauden lekura (ikus 6.1 irudia).

Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta gazteen tasaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA eta INE

6.1. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta gazteen tasaren sakabanatze-diagrama


Atzerritarren tasa

Bestalde, INEtik eskuratutako atzerritarren tasak eta gazteen migrazio-saldoaren tasak korrelazio indartsuago bat dutela ikusi da (0,36). Erregresio linealak ere erakusten du erlazio zuzenki proportzional bat dagoela: atzerritarren tasak gora egin ahala, gazteen migrazio-saldoak ere gora egiten du.

Aurreko ataletan azaldu den bezalaxe, sekzioetako zein udalerrietako migrazio-saldo positiboa Gipuzkoatik kanpoko gazteen migrazioaren ondorioa da, eta kasu horietan pisu handia dute estatutik kanpo jaiotako gazteek (ikus 6.2 irudia).

Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta atzerritarren tasaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA eta INE

6.2. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta atzerritarren tasaren sakabanatze-diagrama

Etxebizitza-parkearen hazkundea

Etxebizitza-parkearen hazkundea neurtzeko, Eustatek 2013-2020 epealdirako eskuragarri jarri dituen familia-etxebizitzen datuak baliatu dira. Etxebizitza-parkearen hazkunde-tasak korrelazio indartsua du gazteen immigrazio-tasarekin (0,48). Sakabanatze-diagramako erregresio linealak argi erakusten du etxebizitza-parkearen hazkundea zenbat eta handiagoa izan, gazteen migrazio-tasa orduan eta handiagoa dela (ikus 6.3 irudia).

Ondorioz, aurreko ataletan aipatutakoa berresten da: etxebizitzaren eskuragarritasunak, berriak kasu honetan, biztanleria gaztea bereganatzen du, izan etxe berriak edo hutsik geratutako zaharrak. Bide horretatik jarraituz, interesgarria litzateke bigarren eskuko etxebizitzaren eskuragarritasunak (edo honen gabeziak) gazteak eremu batetik jasotzean edo bertatik joatean zer eragin duen aztertzea.

Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta etxebizitza-parkearen hazkundearen sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA eta Eustat

6.3. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta etxebizitza-parkearen hazkundearen sakabanatze-diagrama


Etxebizitzen salerosketa

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak azken urteetan udalerri mailan egon diren etxebizitzen salerosketa-datuak ematen ditu. Aztertu diren aldagai sozioekonomikoen artean etxebizitzen salerosketa-tasak7 du gazteen migrazio-tasarekin korrelazio indartsuena (0,56) (ikus 6.4 irudia).

Horiek horrela, etxebizitzen salerosketa maila handiena izan duten eremuek bereganatu dute gazte gehien. Adierazle honek erlazio zuzena du etxebizitza-parkearen hazkundearekin; izan ere, etxebizitza-parkea handitzea da salerosketa handitzeko modu zuzenena.

Tamaina txikiko udalerrietako etxebizitzen salerosketa-datu urriek ez dute uzten etxebizitzen jabetzak (babestua edo librea) edota etxebizitzen antzinatasunak (eraikuntza berria edo bigarren eskukoa) gazteen erakarpenean duten eragina aztertzen.

Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta etxebizitzen salerosketa tasaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agenda Ministerioa

6.4. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta etxebizitzen salerosketaren sakabanatze-diagrama

Alokairuaren datuak

Eusko Jaurlaritzak alokairuei buruzko hainbat datu ematen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerrientzat zein Donostiako auzoentzat (Eusko Jaurlaritzaren Donostiako auzoen banaketa erabili da). Datu horiek, ordea, 2016-2020 epealdirako bakarrik baliatu dira. Aztertutako datuak izan dira urtez urte biztanleko egon diren alokairu berrien tasa8 eta alokairu berrien batez besteko errenta.

Datu-kopurua aurreko azterketetan baino txikiagoa bada ere, lehenengo kasuan adierazleen arteko erlazioa zuzenki proportzionala da (0,39): azken urteetan biztanleko alokairu-kontratu gehiago izan dituzten eremuek (udalerriek edo Donostiako auzoek) proportzioan gazte gehiago bereganatu dituzte. Halaber, etxebizitzen salerosketa-tasak eta alokairu berrien tasak gazteen migrazio-saldoaren tasan eragin oso antzekoa dutela azpimarratu behar da (ikus 6.5 irudia).

Gazteen migrazio-saldoaren eta alokairu berrien tasaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2016-2020

Iturria: GFA eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agenda Ministerioa

6.5. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta alokairu kontratu berrien tasaren sakabanatze-diagrama


Alabaina, alokairu-errentaren batez besteko prezioak eta gazteen migrazio-saldoaren tasak ez dute korrelaziorik (-0,01), nahiz eta grafikoan joera negatibo txiki bat antzeman. Nolanahi ere, baliteke bi parametroek erlazio lineala ez izatea. Izan ere, sakabanatze-diagramaren hasieran joera positibo bat ikusten da: errentaren prezioak gora egin ahala, gazteen migrazio-saldoaren tasak gora egiten du. Puntu batetik aurrera (700€), ordea, joera negatiboa dela ikusten da (ikus 6.6 irudia). Horiek horrela, badirudi alokairuaren prezioak arras mugatzen duela gazteen migrazioa Gipuzkoan.

Gazteen migrazio-saldoaren eta alokairu-errentaren batez bestekoaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2016-2020

Iturria: GFA eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agenda Ministerioa

6.6. Gazteen migrazio-saldoaren eta alokairu-errentaren batez bestekoaren sakabanatze-diagrama


Errenta maila

Errenta mailak gazteen migrazio-saldoaren tasan eragina duen aztertzeko, INEren estatistika esperimentaleko “batez besteko errenta pertsonal garbia” adierazlea baliatu da (INE, 2022). Errenta mailaren datuek korrelazio handia izan ohi dute etxebizitzaren prezioarekin eta, beraz, lurralde osoko etxebizitza-parkearen prezioaren hurbilpen aproposa da, beste informaziorik ezean.

Azterketak adierazten du errenta mailaren eta gazteen migrazio-saldoaren artean erlazio baxua dagoela (-0,17). Erregresio linealak joera beherakorra erakusten badu ere (errenta mailak gora egin ahala, migrazio-saldoaren tasak behera egiten du), lausoa da eta modeloaren emaitzak ez dira esanguratsuak. Joera negatibo horrek adieraziko luke, eremu bateko errenta mailak gora egin ahala, gazteak erakartzeko gaitasuna galtzeko joera (ikus 6.7 irudia).

Azterketa honek adierazten digu xeheago aztertu behar direla biztanleak hartu eta galdu dituzten sekzioetan zer errenta mailako biziguneak dauden. Izan ere, esku artean ditugun datu orokorretan ez dago baieztatzerik datu hori, alegia zonalde bateko errenta maila eta gazteen migrazio-tasaren arteko harremana.

Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta errenta mailaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA eta Eustat

6.7. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta errenta-mailaren sakabanatze diagrama


Langabezia-tasa

Errenta mailarekin ikusi bezalaxe, langabezia-tasak eta gazteen migrazio-saldoaren tasak korrelazio txikia dute (0,17). Erregresio linealaren emaitzak ere adierazten du langabezia-tasa ez dela balekoa gazteen migrazio-saldoa azaltzeko (ikus 6.8 irudia).

Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta langabezia-tasaren sakabanatze-diagrama

Gipuzkoa, 2010-2020

Iturria: GFA eta Eustat

6.8. Gazteen migrazio-saldoaren tasaren eta langabezia-tasaren sakabanatze-diagrama


Aztertutako adierazle sozioekonomikoak dagokion desagregazio mailaren arabera

Gipuzkoa, 2010-2020

6.9. Aztertutako adierazle sozioekonomikoak dagokion desagregazio mailaren arabera



Ondorioak

Gazteen galera orokorra izan da Gipuzkoan

Gipuzkoak duen adin-egituraren ondorioz, modu esanguratsuan galdu du biztanleria gaztea aurreko hamarkadan. Galera estrukturala da, beraz. 2010etik 2020ra herrialdeak 18-34 urte bitarteko 25.000 biztanle gutxiago ditu, % 17,5eko galera, alegia.

Gazteen kopuruaren beherakada orokorra izan da Gipuzkoaren luze-zabalean: oso udalerri gutxik dute gaur egun duela hamar urte baino gazte gehiago. Gipuzkoa kanpotik etorri diren gazteen saldo positiboak ere ez du gazteen galera hori ekiditea lortu. Eta etorkizun hurbilean ere horrela izaten jarraituko duela aurreikusi daiteke.


Gazteen mugikortasunak gora egin du

Azken hamarkadan gazteen mugikortasunak (erroldako altak eta bajak) gora egin du etengabe. Mugikortasun-datu horiek ez dute genero-desorekarik erakusten: % 51,5 emakumeak dira eta % 48,5, berriz, gizonak. Adin-tarteari dagokionez, nabarmena da gazteen adinak gora egin ahala haien bizilekua aldatzeko joerak gora egiten duela: errolda-aldaketen % 45,6ek 30-34 urte bitarte ditu eta % 30,4 25-29 urte bitarteko gazteak dira.

Bestalde, azpimarratu behar da errolda-aldaketa gehienak tokikoak direla (bi heren inguru): hau da, udalerri barruan egiten diren aldaketak dira. Dena den, badira aldeak eskualdeen artean: Buruntzaldeak eta Oarsoaldeak eskualdeaz landako lekualdaketen proportzio handiagoa dute, Donostiarekiko duten harremanagatik, nagusiki.


Gipuzkoak migrazio-saldo positiboa izan du azken hamarkadan

Gipuzkoak, 2010-2020 epealdian, gazteen migrazio-saldo positiboa izan du: 17.000 gazte baino gehiago bereganatu ditu orotara. 2010etik 2015era bitartean lurraldeak 1.000 gaztetik gora irabazi zituen urtero. Ondoko urteetan gazteen migrazio-saldo positiboak gora egin zuen eta 2018-2019 urteetan izan zuen maila gorena, urtero 2.600 gaztetik gora bereganatuz. 2020. urtean, ordea, COVID-19aren pandemiaren eraginagatik datuak behera egin zuen.

Migrazio-saldo positiboa Europar Batasunetik kanpoko estatuetatik eta Espainiatik etorri diren gazteei esker izan da. Toki mailan ere, salbuespenak salbuespen, patroi bera antzematen da: udalerriek izan duten migrazio-saldo positiboa Gipuzkoatik kanpo datozen gazteei esker izan da, batik bat.


Gipuzkoa barneko gazteen mugikortasunean lurralde mailako desorekak daude

Gipuzkoa barruan bakarrik mugitzen diren gazteen mugikortasuna aztertuta, oso argi bereizten da zein eremuk bereganatu dituzten gazteak eta zeinek galdu. Donostiak, esaterako, 564 gazte galdu ditu Gipuzkoako udalerriekin izan duen harremanean. Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko udalerriak bereganatu dituzte gazte horiek.

Gainerako eskualdeetan ere joera argia izan da: eskualdean indarra duten hainbat udalerrik (Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar edota Elgoibar) gazteak galdu dituzte inguruko tamaina txikiagoko udalerrien mesedetan. Tamaina esanguratsuko beste udalerri batzuek ordea (Lazkao, Mutriku, Oñati edota Zestoa) inguruko udalerri txikietako gazteak jaso dituzte.


Donostiak Gipuzkoatik kanpoko biztanleria gaztea bereganatzen du, baina herrialde mailan galdu

Donostiak, 2010-2020 epealdian, 4.800 gazte irabazi ditu Gipuzkoatik kanpoko eremuekin izan duen harremanean: Europar Batasunaz kanpoko estatuetatik eta Espainiatik bereganatu ditu gazteak, batik bat. Dena den, aipagarria da hiriburuak Frantziara zein Europar Batasuneko estatuetara doan biztanleria galtzeko duen joera, baita Nafarroara ere. Interesgarria litzateke kanpoko lekualdaketa horien atzean dauden arrazoi sozioekonomikoen azterketa xeheago bat egitea.

Bestalde, epe berean udalerriak 564 gazte galdu ditu Gipuzkoako gainerako udalerriekin izan duen balantzean. Galera Bidasoaldea, Buruntzaldea eta Oarsoaldeko udalerri ia guztiekiko izan du (Hondarribia da salbuespena), batik bat. Eskualde horiekin izan duen harremanean 900 gazte baino gehiago galdu ditu hiriburuak: Astigarraga, Errenteria, Hernani eta Pasaia izan dira donostiar gehien jaso dituztenak. Dinamika horiek Donostialdeko udalerriek hiriburuarekin duten loturaren ondorioa dira. Gainerako eskualdeekiko Donostiak biztanleria gaztea irabazi du, modu apalean bada ere.


Bidasoako, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko udalerriek Donostiako gazteak bereganatu dituzte

Bidasoako, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko udalerriek azken hamarkadan Donostiako gazteak bereganatu dituzte. Nolanahi ere, eskualde horiek kanpotik ere biztanleria gaztea irabazi dute; herrialde osoak bezalaxe, Europar Batasunetik kanpoko estatuetatik eta Espainiatik, nagusiki. Eremu honetan Irun (2.315 gazte), Errenteria (1.053 gazte) eta Hernani (650 gazte) dira migrazio-saldo positibo handiena izan duten udalerriak.

Azpimarratu behar da eskualde horien artean dagoen gazteen harreman-dinamika oso urria dela: Irunek Errenteriatik jaso dituen 270 gazteak dira salbuespen bakarra. Bide berean, Bidasoak (Irunek bereziki), Europar Batasunetik, Nafarroatik eta Bizkaitik ere gazteak irabazi ditu. Irunen muga-izaerak gazteak erakartzen dituela esan daiteke.


Eskualdeetako udalerri nagusietako gazteak udalerri txikiagoetara mugitu dira

Herri txikiak dira, nagusiki, biztanleria gaztea galdu dutenak: Albiztur, Larraul, Altzo, Arama, Ikaztegieta edota Ezkio-Itsasoren kasuan Gipuzkoatik kanpoko migrazioak ere ez dira biztanleria gaztearen galera emendatzeko nahikoa izan. Bide horretan, aintzat hartu behar da herri txikiek biztanleria-egitura zahartzearekin arazo gehigarri bat dutela.

Gipuzkoa barneko migrazioei bakarrik erreparatuta, esan behar da gainerako eskualdeetan handiagoa izan dela gazteek bailara mailako lekualdaketak egiteko joera. Nolanahi ere, hainbat udalerri esanguratsuk (Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar edota Elgoibar) biztanleria gaztea galdu dute, txikiagoak diren udalerrien mesedetan. Dinamika hori ezinbestekoa da herri txikien biziberritze demografikorako.


Etxebizitza-eskuragarritasuna da gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia

Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, etxebizitza-parkearen hazkundea, etxebizitza-salerosketaren tasak eta alokairu berrien tasak gora egin duten eremuetan migrazio-saldoak gora egiten duela frogatu da.

Azterketaren mugak direla medio, alokairuen errenta mailaren eta migrazio-saldoaren artean ez da erlazio linealik antzeman, baina badirudi alokairuen prezioak altuak diren eremuetan gazteen etorrerak behera egin duela. Beraz, alokairua sustatzea eta horren kostua mugatzea gazteak errotu edo erakartzeko estrategia aproposa izan daiteke.



Eranskinak

Gipuzkoako eskualdeen banaketa9

8.1. Gipuzkoako eskualdeen banaketa


Donostiako auzoen banaketa

Azterlanerako erabili den banaketa10

8.2. Azterlanean erabili den Donostiako auzoen banaketa


Eusko Jaurlaritzaren banaketa11

8.3. Donostiako auzoen banaketa Eusko Jaurlaritzaren arabera


  1. Migrazio-saldoa: eremu konkretu bateko errold(et)an alta eta baja ematen duten pertsonen diferentzia.↩︎

  2. Gazteen tasa: 18-34 urte bitarteko pertsonen ehunekoa biztanleria osoarekiko.↩︎

  3. Kanpo-migrazioa: Gipuzkoa kanpotik etorritako eta Gipuzkoatik kanpora joandako gazteen erroldako altak eta bajak bakarrik hartzen dira aintzat. Hau da, Gipuzkoako eremu baten eta Gipuzkoatik kanpoko eremuen artean dauden pertsonen errolda-aldaketak dira.↩︎

  4. Barne-migrazioa: Gipuzkoa barruko erroldako altak eta bajak bakarrik hartzen dira aintzat. Hau da, Gipuzkoako eremu batetik beste batera doazen pertsonen errolda-aldaketak dira. Horiek horrela, Gipuzkoako barne-migrazio-saldoak balio nulua du.↩︎

  5. Jasotako datuetan, lehen urteei dagokienez, ez datoz bat errolda-aldaketak eta migrazio saldoa (ikus 2.1 eta 2.2 irudiak). 2010. urtean, esaterako, Gipuzkoako edozein udalerri helburu zuten lekualdaketen kopurua biztanleria gaztearen % 5,6a da; 2020. urtean, berriz, ratioa % 17,1koa da. Ehuneko horiek ezin dira emantzipatutako gazteen tasa moduan ulertu (ez da horrelako hazkunderik izan). Badirudi urte horietan errolda-aldaketak erregistratzeko prozeduran aldaketak egin zirela.↩︎

  6. Gazteen migrazio-saldoaren tasa: eremu bateko gazteen migrazio-saldoaren ehunekoa bertan bizi diren gazteekiko.↩︎

  7. Etxebizitzen salerosketa-tasa: etxebizitzen salerosketa kopurua mila biztanleko.↩︎

  8. Alokairu berrien tasa: alokairu berrien kopurua mila biztanleko.↩︎

  9. Gipuzkoako eskualdeen banaketa GFAko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuaren irizpidearen arabera egin da.↩︎

  10. Donostiako auzoen banaketa sekzioen agregazio bidez erdietsi da. Agregazioa Eustaten auzoen banaketara zein izaera propioa duten eremuetara ahalik eta gehien hurbilduz burutu da.↩︎

  11. Donostiako auzoen banaketa sekzioen agregazio bidez erdietsi da. Agregazioa Eustaten auzoen zein Eusko Jaurlaritzaren banaketara ahalik eta gehien hurbilduz burutu da.↩︎