Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro %14,1 hazi da Gipuzkoako zerga bilketa metatua otsailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

%14,1 hazi da Gipuzkoako zerga bilketa metatua otsailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 81 milioi euro gehiago batu ditu

2018/03/12

Zerga bilketa metatua %14,1 hazi da Gipuzkoan otsailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2017ean baino 81 milioi euro gehiago batu dira urteko lehen bi hilabete hauetan. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, zerga nagusiek izandako bilakera positiboa. Izan ere, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) zein Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta Sozietateen gaineko Zergak hazkunde nabarmenak izan dituzte. Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, adierazi du albistea positiboa dela, baina gogoratuz urteko lehen bi hilabeteetako datuak ez direla esanguratsuak izaten. “Beti da ona hazten jarraitzea, baina goizegi da irakurketak egiten hasteko”, azaldu du.
Zergaz zerga, Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 17,2 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,9). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 24,1 milioi euro gehiago bildu baitira, eta kapital higikorren etekinen atalean 2,4 milioi gehiago batu dira. Horrela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 32,8 milioi gehiago jaso dira eta (+%10,1).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptuak, 18,9 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 3 milioi eurotan gutxitu dira, baina itzulketek ere 21,9 milioi eurotan murriztu dira. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %6,1 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 12,6 milioi euro gehiago: 15,1 milioitan hazi dira sarrerak (+%5,4) eta itzulketek, bere aldetik, 2,5 milioitan egin dute gora (+%3,5).

  

1769