“2019ko aurrekontuak Gipuzkoako agenda politiko berriaren gauzatzea finkatzen du”
“2019ko aurrekontuak Gipuzkoako agenda politiko berriaren gauzatzea finkatzen du”
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustetan, Etorkizuna Eraikizek lurraldearen etorkizuna eraikitzeko hazi duen bideak “ez du atzera bueltarik”
2018/11/06
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontu proiektuak lurraldeak behar duen “agenda politiko berria gauzatzea” ahalbidetzen du, Markel Olano diputatu nagusiaren esanetan. Gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz foru programaren bitartez ari da lantzen agenda berri hau. “Aurrekontu hauei esker, alde batetik, amaitutzat emango dugu Gipuzkoa azken urteetan pairatu izan duen paralisi egoeratik ateratzeko egin dugun lana; eta, bestetik, gure etorkizunean ditugun erronka ezberdinei aurre egiteko behar ditugun erreminta eta baliabideak izango ditugu”, azaldu du.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean agertu da gaur Olano, Diputatu Nagusiaren Alorraren aurrekontua xehatzeko. Batzorde beretik pasa dira gainerako diputatuak ere, bakoitzak bere departamentuaren aurrekontua zehaztu eta banaketa azaltzeko. Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, azaldu du zuzentzen duen alorraren aurrekontua 20,3 milioi eurokoa dela, aurten baino 1,5 milioi euro gehiago. Igoera, azaldu duenez, batez ere Etorkizuna Eraikiz proiektuari lotutako ekimenei dagokio.
Olanok gogoratu du Etorkizuna Eraikiz “proiektu transbertsala” dela, “etxe guztiari eragiten diona”. Hori dela eta, bere aurrekontua departamentu ezberdinetan banandua ageri da. Guztira, 12 milioi bideratu dira ekimen honetara, hauetatik zortzi milioi erreferentziazko zentroen sustapenerako: 1,5 milioi euro izango ditu Ziurrek, Gipuzkoako zibersegurtasun zentroak; 1,4 milioi Adinberrik, osasuntsu zahartzeko estrategiak; 2,5 milioi euro Mubilek, Gipuzkoako elektromugikortasun zentroak; 0,6 milioi euro LABek, gastronomia digitaleko laborategiak; 0,7 milioi euro 2deok, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak; eta 1,3 milioi Klima Aldaketaren kontrako Institutuak. “Honela, 2019an behin betiko bultzada emango diogu Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen agenda politiko berriari”, nabarmendu du Olanok.
Ogasuna eta Finantzak
Ogasun eta Finantzetako diputatuak, bere aldetik, azaldu du departamentuaren aurrekontua 7 milioitan murriztuko dela, 2018arekin alderatuta. Hala ere, gogoratu du egun indarrean dagoen aurrekontuak “ezohizko igoera” izan zuela, 9 milioi gehigarri jarri baitziren GHKk Europako Inbertsio Bankuarekin duen zorra kitatzeko. Azken kontu hau datozen asteetan egitea aurreikusten da. Honela, ezaugarri puntual honen eragina alde batera utzita, foru Ogasunaren aurrekontua bi milioi eurotan hazten da.
“Igoera gure departamentuek duen helburu estrategikoetako batetara zuzentzen dugu: zerga iruzurraren aurkako borroka”, azaldu du Ogasuneko diputatuak. Zehaztu duenez, 2019ko proiektuan giza baliabide gehiago aurreikusten dira, urteko ikuskaritza plana bete eta proiektu berriak abian jartzeko, esaterako BEZaren kanpainan egingo den egitasmo pilotua. Euskarri informatikoen alorrean, foru Ogasunak Zerga, Kontua eta Big Data proiektuak lantzen jarraitzen du, eta baita SII eta Ticket Bai ekimenak ere.
Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa
Foru bozeramaile ere baden Imanol Lasak zuzentzen duen departamentuak 53,5 milioi euroko zuzkidura izango du 2019an, aurten baino 2,6 milioi gehiago. Foru diputatuak azaldu duenez, igoeraren zergatia 2019an egingo diren udal, foru eta Europako hauteskundeen antolaketa da, departamentu honi baitagokio honetaz arduratzea. Suaren aurkako babesa eta salbamenduaren atalean, bere aldetik, baliabideak igo egingo dira baita ere, 0,4 milioi eurotan. Hondartzetako salbamenduan eta ibilgailu industrialak hobetzeko erabiliko da igoera.
Lasak, bere agerraldian, gogoratu du Foru Aldundia “ahalegin berezia” egiten ari dela legealdi honetan foru erakundea modernizatzeko. Hori dela eta, azaldu du Funtzio Publikoko aurrekontuak etorkizunean egingo diren lan eskaintza publikoen gastuentzako kredituak aurreikusten dituela, eta 0,36 milioi euro gehiago bideratuko direla Aldundiko mobiliarioa eta ibilgailuak berritzera. Azkenik, partaidetza bultzatzeko partidak ere indartu egingo dira, batez ere udal eta elkarteei zuzendutako diru-laguntzen zatia.
Ekonomia Sustapena
Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako aurrekontuak, berriz, 4,3 milioi euroko hazkundea izango du, aurten baino %6,26 gehiago. Ainhoa Aizpuru foru diputatuak gogoratu duenez, departamentu honen baliabideak nabarmen hazi ziren legealdi hasieran eta, ondorengo urteetan, “hazkunde hori egonkortu dugu”. 2019ko proiektuan, zifrak mantentzeaz gain, zuzkidura hobetu egiten da. Igoera hau, batez ere, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen dituen erreferentzia zentro nagusiak martxan jarri eta sustatzeko izango da: zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, ikus-entzunezkoen sorkuntza, gastronomia digitala eta Adinberriko zenbait alderdi.
Lehen sektoreari dagokionean, alor honetan dauden zuzendaritzek jarraipeneko aurrekontua izango dute, orain arte bultzatu izan dituzten politikak lantzen jarraitzeko. Azkenik, Lurralde Orekako zuzendaritzak Landagipuzkoa Plus programa jorratzen jarraituko du, baserri bide hobekuntza eta elektrifikazioaren arloetan aurrerapausoak ematen jarraituz. Gainera, Banda Zabal Ultra azkarra landa inguruneko 2.500 biztanle baino gutxiagoko herrietara hedatzeko lanekin jarraituko da.
Gizarte Politika
2019ko proiektuan ere Gizarte Politika da aurrekontuaren zatirik handiena duena, kudeaketa aurrekontu propioaren ia erdia hartzen baitu. Jabier Larrañaga diputatuak azaldu duenez, berak xehatu baitu proiektua, alor honek inoizko aurrekonturik handiena izango du datorren urtean: 390 milioi euro. Honela, aurrekontu propioa 19 milioi eurotan hazten bada guztira, 13 gizarte politikara doaz. “Gainera, biztanleko 542 euroko gastura iritsiko gara, hau ere zifra errekorra”, nabarmendu du. Larrañagaren esanetan, zenbakiek agerian uzten dute Aldundiak gizarte politikekin duen konpromisoa.
2018ko aurrekontuarekin alderatuta, alorrek nabarmenenak hauek dira: 2018 urtean eratutako plazen gastuaren finkatzea eta plaza berriak sortzea; adinduen egoitza eta eguneko zentroetako lan hitzarmenen aplikazioa, eta baita gizarte esku-hartzeko hitzarmenarena ere; departamentuaren eskumenak diren alorretan plaza berriak eratzea; eta EAEko 2016-2019 Zerbitzu Sozialen plan Estrategikoa aplikatzen jarraitzea. Gainera, jarraipena ematen zaio Elkar-Ekin planaren jarduerei, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonei zuzendutako programa.
Bide Azpiegiturak
Azkenik, Bide Azpiegituren arloan, departamentu honetan jazotzen da hazkunderik handiena, 8,2 milioi eurotan igotzen baita bere zuzkidura. Aintzane Oiarbide diputatuak azaldu duenez, Deba-Mutriku errepidearen lanek hartuko dute igoeraren zatirik handiena. “Errepide hau ia-ia Mutrikuk lurraldearekin duen lotura bakarra da eta, ondorioz, bidea hobetzeak nabarmen hobetuko du mutrikuarren irisgarritasuna Gipuzkoako biribilgunera eta Mendaroko Ospitalera”, esan du foru arduradunak, proiektuaren garrantzia agerian utzi asmoz.
Gainerakoan, errepide sarearen ohiko artapen lanen aurrekontua zertxobait igoko da, 2018ko aurrekontuan izandako %16,2ko hazkundea egonkortuz. Puntu honetan, nabarmentzekoak dira zenbait tuneletan egingo diren jarduketak, Europak ezartzen duen araudia betetzea helburu. Gainera, errepideko zorua konpontzeko lanekin jarraituko da, eta baita egon daitezkeen luizi ezberdinetan ere. Azkenik, abian dauden hobekuntza proiektuak finantzatzen jarraitzera bideratutako kredituak ere aurreikusten dira, hala nola, Marrutxipiko lotunea edota Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen errepidea.
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa
Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu den Marisol Garmendiak bere departamentuaren aurrekontuak aurkeztu ditu, eta baita 2019ra begira dituzten helburuak ere. Alor honi dagokionean, Lurraldebusen egiten diren inbertsioak nabarmentzen dira, 35,2 milioi euro guztira. Pasaialdea biziberritzeko jarduketak, berriz, 4,8 milioi euro izango dituzte datorren urtean, aurkeztutako aurrekontu proiektuaren arabera.
Garmendia diputatuak esan duenez, “aurrekontu honen onarpenarekin, Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko apustuarekin jarraitzen dugu, honi esker lortu baitugu bidaiari kopurua haztea. Pasaialdea biziberritzeko daukagun konpromisoak ere indarrean jarraitzen du. Puntu honetan, legealdian zehar egin diren jarduketak nabarmenak dira eta, aurrera begira, inbertsioak egiten jarraituk dugu, eta inguruko udalekin elkarlanean. Helburua, betiere, Pasaialdearen berpiztu sozial eta ekonomikoa dugularik ere”.
2067