Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “2024 urtea mugarri izango da Gipuzkoak lurralde sozial, berritzaile eta aitzindari bezala aurrera egiteko”

“2024 urtea mugarri izango da Gipuzkoak lurralde sozial, berritzaile eta aitzindari bezala aurrera egiteko”

Foru Aldundiak datozen hilabeteotan izango dituen erronka nagusiak azaldu ditu diputatu nagusiak eta “aurrerapauso nabarmenak” aurreikusi ditu ekitaldi honetan

Gobernu kontseilua

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak aurreratu du 2024an "aurrerapauso nabarmenak" izango direla lurraldean. Eta esparru ekonomiko eta sozialak aipatu ditu, datozen hilabeteetan gauzatuko diren lorpen garrantzitsu batzuk azaltzeko: "MUBIL bezalako proiektu eraldatzaileak inauguratuko dira; pertsonen zaintzak are eta protagonismo handiagoa hartuko du, egoitza berriekin eta pertsonalizazioan oinarritutako eredu berriaren zabalkundearekin; eta zerga-erreforma bati ekingo diogu lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko eta sortzen ari diren erronka sozial berriei erantzuteko". Hala, "2024. Urtea mugarria izango da Gipuzkoa lurralde sozial, berritzaile eta abangoardiako gisa aurrera egiteko".

Mendozak urteko lehen gobernu kontseilua egin ondoren egin ditu adierazpenok, foru erakundeak aurre egingo beharreko mugarri nagusiak errepasatu baitituzte bertan. "Indartsu ekin diogu urteari, ideiak argi eta bide-orri oso zehatz batekin", adierazi du, eta datozen hilabeteetan egingo diren aurrerapenetako batzuk azaldu ditu. Ekonomiari dagokionez, Mugikortasun Berriko MUBIL zentroaren behin betiko kokalekua Zubietan, urte erdialdean, martxan jartzeak izango duen garrantzia aipatu du. Azpimarratu du mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren poloak, 10.000 metro koadro eta bi laborategi berri izango dituela, "Europaren buruan jarriko diren instalazioak izango direla, gure industriaren lehiakortasuna indartzeko eta klima-aldaketaren aurrean mugikortasun eredu adimendun eta iraunkor baterantz aurrera egiteko".

Arlo ekonomikoan teknologia kuantikoei eta terapia aurreratuei lotutako ekimenak ere nabarmendu ditu, "informazioaren eta medikuntzaren prozesamendua aldatzen ari diren bi esparru, eta Gipuzkoan ilusioz beteriko indarguneak ditugunak". Lehenengo kasuan, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan jarraitzen dutela adierazi du, Basque Quantum estrategiaren hedapenean, "superordenagailu kuantikoaren instalazioarekin Gipuzkoa Europa hegoaldeko nodo nagusia izango baita eremu horretan". Bigarrenean, laguntzak bultzatzen jarraituko da, ikerketa-zentroek eta enpresek proiektu berritzaileak garatu ahal izan ditzaten azken urteetan hainbesteko indarra hartzen ari den esparru horretan.

Era berean, gogorarazi du joan den uztailean hasi zirela Adinberriko obrak, Pasaiako zahartze osasuntsuaren erreferentziazko zentroa, 66 milioiko aurrekontuarekin, Aldundiak azken hamarkadan egindako garrantzitsuena. "Proiektu honek 400 lanpostu sortuko ditu, pertsonen bizi-kalitatea hobetuko du, Pasaiaren biziberritzea bultzatuko du, Gipuzkoan zaintza-eredu berriaren ezarpena azkartuko du eta zainketei lotutako berrikuntza sustatuko du", azpimarratu du. Adinberriko zentro berria eraikitzeaz gain, aurten Elgoibarren eta Irunen beste bi egoitza eraikitzeko lanak hasiko direla ere gogorarazi du.

Puntu honetan, pertsonen zaintzari are garrantzi handiagoa emateko apustua berretsi du, hirugarren sektore sozialarekiko lankidetza publiko komunitarioaren sistema indartuz, pertsonalizazioaren bidez, baliabide gehiagorekin eta Gizarte Politiketako Sailak urtero artatzen dituen 30.000 herritarrengan arreta berezia jarriz. "Biztanleriaren zahartzearen ondorioz, eskaria gero eta ugariagoa da, eta gure betebeharra da behar duten pertsona guztiak babestea, haien babesa eta ongizatea bermatu ahal izateko", defendatu du Mendozak.

Agintari gipuzkoarrak Elkar-EKIN estrategia bezalako ekimenen balioa azpimarratu du. Horri esker, bazterkeria-egoeran edo arriskuan dauden 700 pertsona inguruk urtero prestakuntza jasotzen dute enplegua lortzeko. "Aldundiaren eta eskualdeko garapen-agentzien, elkarteen eta gizarteratze-enpresen arteko elkarlanaren emaitza da, eta zeregin oso garrantzitsua betetzen dute lanpostu bat lortzeko zailtasunak dituzten pertsonek lor dezaten", jakinarazi du.

Erreforma fiskala eta errealitate berriak

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, bere gobernuak indartsu, ilusioz eta ibilbide orri argiarekin heldu dio urte berriari, osatu berri duten 2023-2027 Kudeaketa Plan Estrategikoren eskutik. Etorkizuna Eraikiz estrategiaren berrikuntza politiko eta publikoaren esparruan, elkarlaneko hausnarketa- eta eraikuntza-prozesu berri bat gauzatu da. "Oso prozesu emankorra izan da, eta Aldundiko, udaletako, batzarkide-taldeetako eta Gipuzkoako hainbat eremutako erakundeetako 150 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute", adierazi du. Orain, prozesua amaitu ondoren, dokumentua Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztuko da, Batzar Nagusietan eta herritar guztiei ezagutarazi aurretik.

Hain zuzen ere, aurreratu du egoera berriei aurre hartu eta eraldaketa digital, ekologiko eta demografiko hirukoitzari erantzuteko gaitasuna izan direla gobernu berriaren lehentasunak datozen lau urteetarako ibilbide-orria finkatzeko orduan. Eta aurreikuspen-gaitasun hori bera espero du Mendozak, Batzarkide Taldeek aurten bertan jorratuko duten zerga-erreformari heltzeko garaian. "Demografia, berdintasuna, aurrezpena, etxebizitza, jasangarritasuna eta ekintzailetzarekin lotutako erronka eta errealitate berriei erantzuteko aukera paregabea daukagu”, adierazi du, eta "datozen urteetan Gipuzkoako lurraldearen ongizatea eta lehiakortasuna bermatzeko formularik egokiena" bilatuko dela adierazi du. "Autonomoek, langileek eta emantzipatu nahi duten gazteek aldaketak eskatzen dizkigute, eta gure gizartean gertatzen ari diren eraldaketei erantzuteko gai izan behar gara", defendatu du.

Mendozak eta bere gobernuak argi daukate erronka berrietara egokitzearen garrantzia hori. Horregatik, sustapen ekonomikoa eta pertsonen babesa bezalako lehentasunetatik eta Etorkizuna Eraikizen bidez politika publikoen berrikuntza bultzatzen jarraitzetik haratago, sortzen ari diren errealitate berriek protagonismo berezia hartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeaketa Plan Estrategikoan. Ildo horretan, aipatu du estrategia berri horren barruan sartzen direla klima-aldaketaren aurkako borroka eta herritarren ongizate integrala sustatzeko beharra, besteak beste, ongizate emozionala, osasun mentala eta herritarren bizitza osasuntsu eta orekatua. Naturklima edo Basotik fundazioa bezalako ekimenek protagonismo berezia hartuko dute agenda berri honetan.

Errepide-sarea

Azkenik, diputatu nagusiak jakinarazi du aurtengoa ere urte garrantzitsua izango dela gure errepide-sarearentzat, zenbait proiektu eraikitzen edota birmoldatzen ari direlako. Izan ere, proiektuetako batzuk amaitu egingo dira, eta horietan ibiltzen diren gidarien zirkulazioa eta segurtasuna hobetuko dira.

Horien artean nabarmentzekoa da Donostiako saihesbidean egiten ari diren Marrutxipiko sahiesbide berria, udazkenean amaituko dena, 12 milioi euroko inbertsioarekin eta egunero 60.000 ibilgailu baino gehiagori eraginez. Era berean, azken fasean daude beste bi ekimen garrantzitsu, hala nola Allerruko biribilgune berria N-1 errepidearen gainean, Eskusaitzetako poligonora iritsiko dena, eta Gorosmendiko tunelaren eraberritze integrala, Leitzarango autobidean zaharberritzen ari dena. Mendozak gogorarazi du A-15 errepideko zortzi tuneletatik bosgarrena dela, azken urtean birmoldatzen ari direna, Europako segurtasun-araudiak betez. Guztira, 93 milioi euro inbertituko dira zortzi tuneletan. 2024an beste proiektu batzuk ere bultzatuko dira, hala nola Zarautzen sartzeko bide berria, AP-8a Errotaberri industrialdearekin lotuko duena; Itziarko enpresa-parkearen sarbideak; eta Azkoitia-Urretxu zabaltzearen bigarren fasea.

  

1544