% 37 igo dira Gipuzkoako enpresen salmentak maiatzean, aurreko urtearekin alderatuta
% 37 igo dira Gipuzkoako enpresen salmentak maiatzean, aurreko urtearekin alderatuta
Urteko bosgarren hilabetea 2019koa baino hobea izan da eta, Eider Mendozaren esanetan, normaltasunera itzultze bidean da ekonomia.
Gipuzkoako enpresen salmentak +%37 hazi ziren maiatzean, aurreko urteko hilabete berdinarekin alderatuta, eta +%18,6 igo dira metatuan lehen bost hilabetetan. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, igoera hauek azaltzerako orduan, kontutan hartu behar da 2020ko lehen bost hilabeteak gogorrenak izan zirela, COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginaren ikuspegitik, eta hortik aurten lortzen jazotzen ari diren hazkunde esanguratsuak. “Hala ere, urte normalizatu batekin alderatzen bagara, 2019 esaterako, ikusten duguna da zenbatekoak antzekoak direla eta, maiatzaren kasuan zehazki, orduko erregistroak hobetzen direla. Beraz, agerikoa da ekonomia normaltasunera itzultzen ari dela, indartzen ari dela”, adierazi du.
Foru bozeramailea hedabideen aurrean agertu da gau goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko”, adierazi du. Kasu honetan, aurtengo maiatzeko txostena aurkeztu du, 2021 urtearen ia ia lehenengo erdiari buruzko ikuspegi mamitsua eskaintzen duena. Txosten osoa Gipuzkoako foru Ogasunaren web orrian dago eskuragai (www.gipuzkoa.eus/ogasuna), ohi bezala, edozein kontsulta egiteko eskuragarri.
Enpresen salmentei erreparatuta, maiatzaren kasuan, apirilean bezala, hilabeteko datuak “oso-oso onak” izan dira salmenta osoen aldetik, +%37 igo baitira. Zifra bi honek bi aldagai ditu, eta biak hazkundea handiak izan dituzte: barruko salmentak +%33,2 igo dira, eta esportazioak +%44,6. “Noski, igoera azaltzen duena da iazko martxoan, apirilean eta maiatzean jazotako beherakada handia, alarma egoera, ondorengo konfinamendua eta ekonomian funtsezkoak ez ziren jarduera guztiak gelditu zirelako. Hau da, pandemiaren zatirik gogorrenarekin alderatzen ari gara”, gogoratu du Mendozak. Hala ere, 2019 urtearekin alderatuz gero ere, zenbatekoak positiboak dira: +%1,9 igo ziren Gipuzkoako enpresen salmentak, +%2,3 barruko salmentak eta %1,1 esportazioak. “Ondorioz, ikusten duguna garai normal baten antzeko salmenta maila izan zutela maiatzean Gipuzkoako enpresek; albiste positiboa, gainera, 2019ko emaitzak hobetu izana”, esan du.
Urteko lehen bost hilabetetako datu metatuen kasuan, “antzeko ondorioak” ateratzen direla adierazi du Mendozak. 2020 urtearekin alderatuz gero, igoera nabarmena eman da lehen lauhilekoan: +%18,6 igo dira salmentak, +%16,3 barne merkatua eta +%23,1 esportazioak. Eta alderaketa 2019 urteko lehen hilabeteekin eginda, berriz, -%0,7 jaitsi dira salmentak, -%0,6 barne merkatua eta-%0,7 esportazioak. “Ondorioa argia da eta ikusten duguna da, pasa den urteko konfinamenduko distortsioa alde batera lagata, badirudiela gure lurraldeko enpresak “normalitatera” itzuli direla, salmentei dagokionean behintzat”, nabarmendu du.
Lan merkatuaren kasuan, berriz, datuak positiboak dira hemen ere: hazkundeak 2020 urtearekin alderatuz gero, eta antzeko zenbatekoak, 2019arekin konparatuta. Horrela, enplegua +3,3 igo da 2021eko maiatzean, 2020ko hilabete berdinarekin alderatzen badugu; 2019rekin konparatuta, ordea, -1,8 jaitsi da. Soldaten kasuan, +11,5 hazi dira 2020koekin alderatuta eta, 2019koekin konparatuz gero, hazkundea +1,7koa da. “Ekonomia sustapenak lehentasun osoa du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, hala esan izan dugu legealdiaren lehen egunetik, eta COVID-19 gaitzaren krisiaren iritsierarekin mezu hau berresten dugu. Honen alde jarraituko dugu lanean”, azpimarratu du foru arduradunak.
Eraso sexistak
Foru bozeramaileak, baita ere, “irmotasun guztiz” salatu ditu gaurkoan foru gobernuaren izenean azken asteotan lurraldean izandako eraso sexistak. Joan den astean Lasarte-Orian salatutako bortizkeria matxista kasuekin egin bezala, Aldundiak bat egin du Donostiako Udalak atzo argitara eman zuen erakunde adierazpenarekin eta bere laguntza eta babes gertukoena adierazi nahi die biktima izan diren emakumeei, nahiz haien gertuko lagun eta senitartekoei. Izan ere, batetik, joan den astean gizon bat atxilotu zuten Donostian, bi emakumezkok sexu erasoa salatu ondoren; bestetik, lau pertsona atxilotu zituzten orain dela astebete Gipuzkoako hiriburuan, sexu esplotazio eta emakumezkoen salerosketa sare bateko kide zirelakoan.
Mendozak “ozen eta argi” adierazi nahi izan du Gipuzkoan indarkeria matxistak ez duela lekurik. “Aisialdirako eta giza harremanak berreskuratzeko aukerak pixkanaka zabaltzen ari diren honetan, indar guztiz aldarrikatu nahi dugu emakumeen duintasuna eta sexu askatasuna eskubide urraezinak direla”, aldarrikatu du eta gipuzkoar gizarteari dei egin dio “biolentzia matxistaren” aurkako konpromisoari eusteko. “Eskubide horien aurkako jarrerak eta ekintzak ez ditugu onartzen gipuzkoarrok. Urte guztian bezala, eraso sexistarik gabeko uda nahi dugu”, adierazi du.
Bozeramaileak gogorarazi duenez, gizon eta emakumeen berdintasun eza dago halako erasoen oinarri-oinarrian eta, horregatik, erakundearen konpromisoa berretsi nahi izan du bortizkeria matxistaren aurkako lanean, udako hilabete hauetan gizarte gisa aurrean dugun testuinguru berri honetan. “Herritar eta erakunde, guztiok batera jarrera eta konpromisoari eusteko unea da, erne jarraitzeko unea, eraso sexistei aurre egin eta biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten”, gehitu du.
Bestalde, joan den astean erakunde adierazpen baten bitartez egin bezala, foru bozeramaileak “gaitzespen osoa” adierazi du Donostiako lau gaztek Interneteko kanal publiko batean aste honetan beste gazte baten aurka egindako eraso homofoboaren eta indarkeriazko mehatxuen aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du gertaera honek Gipuzkoako gizartean eragin duen sumindurarekin. Homofobia indarkeria matxistaren beste espresio bat da; izan ere, maskulinitate eta sexualitate eredu bakarra mantentzea du helburu. Aldundia, erakunde gisa, giza eskubideen, berdintasunaren eta askatasun sexualaren aldeko konpromisoa berresten du. Donostian gertatutako azken eraso sexistak eta adierazpen homofoboak salatzeko elkarretaratzearekin bat egin du Aldundiak eta bertan parte hartuko dute foru ordezkariek.
COVID-19 partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu dugu Mendozak. Adinekoen egoitzen kasuan, 2 kasu positibo daude Errenteriako Sanmarkosene egoitzan. Biek ala biek txertoa jasota dute eta ez dute sintomarik baina, prebentzioz, Eibarko COVID-19 zentroan daude. Baliabide hauetako langileen kasuan, egun 4 pertsona daude diagnostiko positiboarekin 4 egoitza ezberdinetan. Gainerako zentroetan ez dago positibo berririk, hau da, ez eguneko zentroetan, ez desgaitasunean, ez gizarte inklusioan, eta ezta adingabeen kasuan ere.
2049