“Askatasunaren alde egin zuten hautuagatik izan ziren jazarriak Urolako Burdinbideko langileak”
“Askatasunaren alde egin zuten hautuagatik izan ziren jazarriak Urolako Burdinbideko langileak”
Diputatu nagusiak, Markel Olanok, frankismoaren garbiketa prozesua pairatu zuten trenbideko 123 langile omendu ditu 36ko gertakarien 80. urteurrenean
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, “askatasunaren eta balio demokratikoen aldeko hautua egiteagatik” jazarriak izan ziren Urolako Burdinbideko langileak omendu ditu, foru erakundearen izenean. “Agintari legitimoei leial mantendu ziren, eta horregatik izan ziren zigortuak”, adierazi du diputatu nagusiak. Frankismoaren garbiketa prozesuak 1.051 pertsonari eragin zion Gipuzkoako Aldundian (1936an ez zuen foru izaera), hauetatik 123 pertsona burdinbideko langileak zirelarik. Estatu Kolpea eta ondorengo gerratearen 80. urteurrena gogoratzen den honetan, aitortza eskaini die Aldundiak Urolako Burdinbideko langile jazarriei.
Ekitaldia Donostiako Tabakalerako Patio aretoan egin da. ‘Trenak ekarri, gerrak eraman’ teatro ikuskizun ikusgarriaren bitartez gerran Gipuzkoan gertatutakoa gogora ekarri da, Hika antzerki taldearen eskutik eta, nola ez, trena ardatz. Olanorekin batera, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Jose Antonio Santano, Irungo alkatea; Oier Korta, Zumaiako alkatea; Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; eta Iraitz Lazkano, Elgetako alkateak ere hartu dute parte ekitaldian, 1936an gertakari tamalez esanguratsuak jazo zituzten herrietako ordezkari gisa. Amaieran Urolako Burdinbideko langileei egin zaie aitortza, eta ekitaldian bertaratu diren senideei oroigarri bana eman die diputatu nagusiak. Guztira, 40 langileren familiartekoak baino gehiago izan dira Tabakaleran. Modu honetan, Aldundiak 2004 urtean hasitako bidea ixten du, orduan omendu baitzituen mikelete, peoi, telefonista eta bestelako jazarritako langile.
Publikoan, besteak beste, Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidentea; Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea; María José Beaumont, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilaria; Ana Ollo, Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; Eider Mendoza, Gipuzkoak Batzar Nagusietako presidentea; hainbat legebiltzarkide eta batzarkide; memorialista elkartetako ordezkariak; Azpeitia eta Zestoako alkateak; eta Zumarragako Udaletxeko ordezkariak egon dira, beste hainbat udal ordezkariren artean. Foru Gobernuko hainbat kide ere bertan izan dira, hala nola, Imanol Lasa eta Aintzane Oiarbide diputatuak eta Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaria, Maribel Vaquero.
“Historiako pertsonaia handien balioak aldarrikatu ohi ditugu”, esan du Olanok bere hitzaldian, “eta badirudi ahaztu egiten garela balio horiei atxikipena adierazteagatik jazarpena eta errepresioa pairatu behar izan dituzten herritarrak”, Urolako Burdinbideko langileak adibide. Hori dela eta, eta Aldundiaren izenean, diputatu nagusiak bere aitortza eta esker ona adierazi dio kolektiboari, “inoiz ez baita berandu”. “Gizarte osoaren elkarlan eta konpromiso aktiboak ahalbidetzen dute herri hau aurrerabidean jartzea, eta doakiola gure aitorpen osoa 1936an horixe bera egiten saiatu zirenei”, adierazi du.
Burdinbideko langileek zerbitzu normal ematen jarraitu zuten gerraren lehen asteetan. Irailean, ordea, altxatuak Irun eta Donostian sartu ostean, ebakuazio agindua eman zen, eta Urolako treneko 79 langilek bete zuten, beraiekin hainbat lokomotor eta bagoi Bizkaira eramanez. Gainera, zenbait sabotaje egin zituzten burdinbidean, bere erabilera oztopatzeko, Urretxun zubietako bat eraistea nabarmenena. Bizkaian Urolako trenaren zaintzan egin zuten lan, edota sortu berri zen Euzkadiko Burdinbideak konpainiaren esanetara jarri ziren. Altxatuek eskualdera iritsi zirenean bando bat kaleratu zuten, 48 orduan lanpostuan aurkezten ez zen langile oro kaleratua izango zela zioena; Bizkaira ihes egin zutenak automatikoki lanik gabe geratu ziren. Gero, garbiketa prozesuan kaleratze hauek berretsi eta beste bost gehitu zitzaizkien, hau da, guztira 84 lagun geratu ziren lanik gabe. Besteek aldi baterako zigorrak jaso zituzten.
Gipuzkoa 1936
Diputatu nagusiak Gipuzkoak 1936ko gerran izandako paperean ere jarri du azpimarra, lurraldearen ekarpena “gako” izan baitzen lehenengo Euzko Jaurlaritza eratzeko. “Intxortetako magaletako erresistentziak 1936ko urriaren 4an gelditu zuen altxatuen erasoa, eta hiru egun geroago Jose Antonio Agirrek lehendakariaren karguari zin egiten zion Gernikan”, gogoratu du Olanok. “Legitimitate demokratikoaren defentsa, euskaldunon burujabetasuna, askatasuna… Hori dena ordezkatzen zuen Eusko Jaurlaritza hark. Eta Gipuzkoako mendietan eginiko erresistentziak egin zuen posible hura guztia”, aldarrikatu du.
Franko eta beste jeneralen Estatu kolpeak porrot egin eta astebetera altxatuen lehen zutabeak Gipuzkoan sartu ziren. Lurralde hartzen joan ziren heinean, fusilamenduak, behartutako erbesteratzeak eta bestelako bortizkeriek kolpatu zuten garaiko gizartea, alkateek ekitaldian zehar plazaratu duten errealitate gordina. “Iluntasun horren aurrean kokatu zen lehen Euzko Jaurlaritza hura, askatasunaren ordezkari gisa. Horri eutsi zioten Gipuzkoako herritar askok eta askok, Urolako Burdinbideko langileak kasu, eta horregatik izan ziren jazarri eta zigortuak”, azaldu du.
1897