“Berdintasunaren sustapenak funtsezko elementua izan behar du pandemiaren ondorioen aurrean"
“Berdintasunaren sustapenak funtsezko elementua izan behar du pandemiaren ondorioen aurrean"
Berdintasunerako III. Foru Planak Foru Aldundiaren konpromisoa indartzen du, emakumeen eta gizonen berdintasun “eraginkorraren" aldeko eragile gisa.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko "lana eta konpromisoa" berretsi ditu gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta pandemiaren ondorioei erantzuteko garaian "funtsezko elementua" izaten jarraituko dutela azpimarratu du, egungo krisialdiak alor horretan "atzerapausorik" eragin ez dezan. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana (2020-2023) aurkeztu du Olanok, Berdintasunerako Organoko zuzendari Miren Elgarrestarekin batera, eta adierazi du genero-ikuspegia txertatu behar dela COVID-19ak ekarritako errealitate berriari aurre egiteko politiketan, bereziki "indarkeria matxistarik gabeko" lurraldea eraikitzea eta emakumeentzako "autonomia ekonomikoa eta kalitatezko enplegua" helburu hartuta.
"Aldundiak, gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorraren aldeko eragile eraldatzaile gisa, bere eginkizuna indartuko du, maila guztietan. Gizarte-desberdintasunen aurkako borrokak –horien artean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna– garrantzia are eta handiagoa du egungo testuinguruan. Gizarte moderno eta aurreratua garen heinean, genero-desberdintasun diskriminatzaileak areagotu ditzaketen egoerei aurre egin behar diegu. Helburu horrekin, plan honek berdintasuna lortzeko lehentasunezko lau esparrutan aurrera egiten jarraitzeko aukera emango digu: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, eraldaketa ekonomiko eta soziala eta indarkeria matxistaren aurkako borroka", azaldu du Olanok. Xehetu duenez, 2020-2023 aldirako lan-ardatz horiek ezarritako helburuak lortzeko, 16 helburu estrategiko eta 122 ekintza zehatz jasotzen ditu plangintzak.
Aipatutako lau "esku-hartze ildo" horiek hizpide hartuta, diputatu nagusiak bereziki azpimarratu du garrantzitsua dela emakumeen eta gizonen "aukera berdintasuna" bermatzea alor ekonomikoan. Egungo testuinguru kritikoan "oraindik garrantzi handiagoa" hartzen ari den helburua da, bere ustez. Zentzu horretan, adierazi duenez, "berdintasunaren aldeko apustua" Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoaren parte da; "gure lurraldearen errealitatea giza garapen iraunkorrean oinarritzen da eta, hori horrela, berdintasunaren balioa indartu egin behar dugu, are gehiago egungo krisitik ateratzeko orduan", esan du. Zehaztu duenez, planak hainbat ekintza abiaraziko ditu emakumeen "autonomia ekonomikoa" eta "kalitatezko enplegua" bultzatzeko, baita Aldundiak "kontziliazio erantzunkidean eta zaintzaren eremuan berdintasuna sustatzeko" duen konpromisoa zabaltzen joateko ere.
Zehaztu duenez, Genero Berdintasunaren Indizea 2020an argitaratu da lehen aldiz, Gipuzkoarako neurketa propioekin, eta Gipuzkoa 72,5 puntutan kokatu da, guztizko berdintasunari dagokion balioa 100 izanik. Zifra horrek gure lurraldea Europako batez bestekoaren gainetik jartzen du, eta berdintasunari dagokionez, herrialde aurreratuenen atzetik: Finlandia (73,4), Frantzia (74,6), Danimarka (77,5) eta Suedia (83,5).
Aste honetan bertan onartutako planaren bidez, kontziliazio erantzukidearen eta berdintasunaren aldeko ekintzak indartuko ditu Aldundiak datozen urteetan. Ildo horretan, kontziliazio erantzukidearekin konprometitutako enpresen Erantzunkide Sarea hedatzea bilatuko dela aurreratu du diputatu nagusiak; gaur egun, 35 enpresak osatzen dute, guztira 6.592 langilerekin ( % 57 gizonak eta % 43 emakumeak), eta HerriLAB Beasain garatzen jarraituko da, zeinaren bidez udalerri goierritarra kontziliazio erantzukidearen aldeko neurrien eta politiken laborategi bihurtu den.
Halaber, Olanok jakitera eman duenez, "laguntza neurri berriak" aurreikusten dira emakumeek sortutako enpresak indartzeko, emakumeak lan munduan txertatzeko ibilbide pertsonalizatuak garatuko dira Elkar Ekin Lanean programaren esparruan eta emakume zientzialarien ahalduntzerako esperientzia pilotu bat abiaraziko da, hala nola.
"Konpromiso kolektiboa" indarkeria matxistaren aurrean
"Gipuzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoa bezala, punta-puntako lurraldea izan da berdintasunerako politiken sustapenean. Hainbat gobernuren bultzada jarraitu eta irmoari esker izan da, baita Gipuzkoako herritarren konpromiso sozial gero eta handiagoari esker ere ", aldarrikatu du Olanok, eta gure lurraldeak “aitzindari" izaten jarraitzeko duten bokazioa berretsi du, betiere inplikatutako gainerako eragile eta erakundeekin lankidetzan arituz, bereziki udalekin, Emakumearen Euskal Erakundearekin (Emakunde) eta Genero Berdintasunerako Europako Institutuarekin (EIGE).
Azkenik, indarkeria matxistaren aurkako "konpromiso kolektiboa, aktiboa eta zibikoa" mantentzeko "beharra" nabarmendu du diputatu nagusiak. Helburu horrekin, III. Berdintasun Planak indarkeria matxistaren aurkako II. Aurre Plana abian jartzea aurreikusten du, baita biktimei arreta emateko mekanismoak indartzea ere, indarkeria jasaten duten emakumeen ahalduntzean laguntzeko.
Parte-hartze "zabala eta askotarikoa"
Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak esan du III. Berdintasun Planak Aldundiko zuzendaritza guztien partaidetza "zabala eta askotarikoa" izan duela, baita lurraldeko udalerri eta eragile sozialena ere, batez ere emakumeen elkarteena eta mugimendu feministarena. Guztira, 358 ekarpen jaso ditu Berdintasuneko organoak, eta horietatik erdiak foru administraziotik bertatik jaso dituzte. Abiatutako estrategiari dagokionez, Elgarrestak esan du plangintza "ordenatua eta zintzoa" egin nahi izan dutela, datozen lau urteetarako "konpromiso betearazgarriekin" eta lehen aipatutako berdintasun indizearekin bat datozen adierazleekin.
Gobernu onari lotutako esku-hartze ildoari dagokionez, foru zuzendariak azpimarratu du helburua dela berdintasun politikak "zeharkakoak" izatea Diputazio osoan, bai helburuei dagokienez, bai lan egiteko moduei dagokienez. Esparru horretan, besteak beste, foru erakundeko langileen berdintasunaren arloko prestakuntza zabalduko da. Bestalde, aurreratu duenez, Berdinbidean programa berrituko dute, 10.000 biztanle dituzten Gipuzkoako udalerri eta mankomunitateetan emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak garatzeko.
Bigarrenik, emakumeen ahalduntze "soziala eta kolektiboa" ere planaren "funtsezko" ildoa da, Elgarrestaren esanetan. Horretarako, beharrezkotzat jo du neurriak aktibatzea emakumeek eta feminismoak "Gipuzkoa ereduaren" garapenean egiten duten "ekarpena" aitortzeko. Horretarako, gure herrialdean giza eskubideak eta kultura politiko demokratikoa lortzen lagundu duten Gipuzkoako emakumeen bizi-ibilbideak eta ibilbide profesionalak aztertuko dira. Gainera, gizartea eta politikaren eremuetan emakumearen partaidetza sustatzeko neurriak aktibatuko dira.
Hirugarrenik, Gipuzkoako gizartea eta ekonomia eraldatzeko bilaketan, berdintasun zuzendariak nabarmendu du beharrezkoa dela genero-desberdintasunen oinarrian dauden balioak "zalantzan jartzea", bai eta berdintasunaren aitorpenean aurrera egitea ere. Azkenik, Elgarrestak berretsi egin du Aldundiak historikoki indarkeria matxistaren aurka egindako "lan eskerga" jarraitu behar dela; horretarako, arlo horretako ikerketa sustatuko da, sentsibilizazio-, prebentzio- eta prestakuntza-ekintzei eutsiko zaie, eta etengabeko hobekuntza eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatuko dira.
1775