Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro «Bide luze eta malkarra» izeneko erakusketak terrorismoari aurre egin zion kultura omentzen du

«Bide luze eta malkarra» izeneko erakusketak terrorismoari aurre egin zion kultura omentzen du

Erakusketa kulturaren munduak ETAren indarkeriarekin izan zuen harremanari buruzkoa da eta otsailaren 26rarte egongo da ikusgai Koldo Mitxelena Kulturunean.

2021/11/04

Harkaitz Millan “erakusketa hau kultura-ariketa sortzailea da berez, originala, behin-behinekoa eta eraikitzen ari dena. Ez da erakusketa historiko dokumenta”.

ETAren indarkeriaren amaieraren hamargarren urteurrena dela-eta programatutako kultur ekimenen esparruan, Harkaitz Millan Kultura diputatuak "Bide luze eta malkarra" izeneko erakusketa aurkeztu du gaur goizean Koldo Mitxelena Kulturunean. Erakusketak ETAren indarkeriak euskal kulturgintzan izan duen eragina islatzen du, bai eta kulturaren munduak terrorismoaren gizarte salaketan izan duen zeregina ere, hainbat eremu eta diziplinatako sortzaileen lanetik hasi eta intelektual nabarmenek herritarren mugimenduetan izan duten parte-hartzera arteko ibilbidea jorratuta. Felipe Juaristi, Aritz Gorrotxategi eta Javier Balda dira erakusketaren komisarioak, eta bi hilabetez egongo da ikusgai Koldo Mitxelena Kulturunean.

 

Harkaitz Millanek nabarmendu duenez, erakusketak ikusgai jartzen du sortzaileek, artistek eta intelektualek zer eginkizun bete duten ETAren terrorismoaren salaketan. Sarritan, euskal kulturari egotzi izan zaio, euskaldunari bereziki, egoerak eskatzen zuen mailan egon ez izana, baina “berunezko urteetan, kulturgintzak paper garrantzitsua izan zuen ETAren terrorismoaren porrotean eta demokraziaren eta askatasunaren defentsan, eta ezinbestekoa da hori ezagutzea eta baloratzea”. Ildo horretan, Millánek azpimarratu duenez, indarkeria eta terrorismoa deslegitimatzeko argudio gehienek -gaur egun gehiengoak ahobatez onartzen dituenak- kulturaren munduarekin zerikusia duten pertsonen pentsamoldea eta lekukotasuna dute jatorri.

 

Erakusketak ibilbide oso bat egiten du kulturaren munduak indarkeria terroristaren fenomenoaren aurrean izan duen inplikazioari buruz, eta zortzi «hormatan» egituratu da, bakoitzak gai horren inguruko une eta ikuspegi desberdinak jasota.

 

Lehenengo horma, euskal gizartearen zati handi baten axolagabekeria gaindituz, mugimendu zibikoei eta herritarren kontzientzia pizteko eta indarkeriaren aurkako dinamika aldatzeko egindako lanari buruzkoa da. "Kalera atera/Salir a la calle" izena du, eta hainbat erakunde omentzen ditu, hala nola Bakearen Aldeko Koordinakundea, Elkarri-Lokarri, Denon Artean, Basta Ya, Foro de Ermua, Asociación de Víctimas del Terrorismo eta abar. 

Hautatutako irudiek pertsona anonimoen, kontzientzia betebehar batek bultzatuta kalera atera ziren haien, garrantzia azpimarratzen dute Herritarren mugimendu horiek bakearen alde egindako manifestazioen eta kartelen argazkiak dira eduki horien zati nagusia, eta esanahi bereziko piezak dituzte, hala nola 1978an Portugaleten bakearen alde egindako manifestazio baten goiburua edo 1988ko urtarrilaren 30ean Bakearen Aldeko Koordinakundeak Bilbon egindako lehen manifestazioa.

Adierazpen horiekin batera, ezinbestekotzat jo da lazo urdinari ikusgarritasun berezia ematea, gizarte mugimenduen sinbolorik ezagunena baita (Ibarrolak sortu zuen, "askatasuna" hitzaren "a" letratik abiatuta). Lazoa duten hainbat kartel daude, Julio Iglesias Zamora eta José Antonio Ortega Lara askatzeko eskatzen dutenak. Lazo urdinaren ondoan beste bi irudi nabarmendu nahi izan dira: Bat, Jorge Oteizak Yoyesen erailketaren ondoren egin zuena da. Esanguratsua da, alde batetik, Oteizak berak egin zuelako eta, bestetik, irudiak indar ikaragarria duelako eta indarkeriaren zortasunaren ondorioak ondo baino hobeto adierazten dituelako. Bestea, Chillidak egindako kartela da, "Pakea orain eta betirako" manifestaziorako. Chillidak hasiera-hasieratik parte hartu zuen indarkeriaren aurkako mugimenduan, eta manifestazio jendetsu hura garrantzitsua izan zen giza mugimenduen bilakaeran.  

Bigarren hormak "Hitzez hitz/Palabra por palabra" izena du eta bi atal nagusi ditu: Alde batetik, indarkeria salatu, baztertu edo zalantzan jarri zuten egileen testuak jaso dira (Atxaga, Saizarbitoria, Jokin Muñoz, Guerra Garrido, Fernando Aramburu, Luisa Echenique, Xabier Lete, Anjel Lertxundi, Edurne Portela, Idoia Estornés, Juan Kruz Igerabide...). Testu horien artean aipatzekoa da Gabriel Arestik 1974an idatzitako Josepa Mendizabal Zaldibian poemaren zatia, euskal literaturan aitzindaria. Era berean, testu horien bidez indarkeriari emandako erantzunaren bilakaera ikus dezakegu.  Bestalde, indarkeriaren ondorioak zuzenean jasan zituzten idazleei omenaldia egin nahi izan zaie.  Hiru mugarri hautatu dira: "Lagun" liburu denda, Raúl Guerra Garrido (bere familiari farmazia erre zioten) eta Gabriel Celaya (erradikal batzuk haren omenezko ekitaldi bat zapuzten saiatu ziren, alarguna aurrean zela).

Hirugarren horma musika arloa hartzen duen "Soinua eta isiltasuna/Sonido y silencio" izango litzateke. Atal honetan, bakearen alde egindako kontzertuak azpimarratu dira, bereziki Imanol abeslariak 1989ko azaroaren 5ean, "Beldurraren aurka" lelopean, Donostian antolatu zuena.  Kontzertuaren irudiak eta garai hartako prentsak esandakoa jaso dira. Bestalde, gogora ekarri nahi izan diren beste kontzertu batzuk ere badaude: 1995ean, Donostiako Anoeta estadioan egindako bakearen aldeko kontzertua; 1997an, Madrilen Miguel Angel Blancoren omenez egin zena; eta 2006ko abuztuan, Zurriolako hondartzan egin zena eta Bob Dylan, Macaco eta Mikel Laboa guregana ekarri zituena.  Bide batez, 1995eko kontzertuaren harira, hainbat kartel eta osagarri lortu dira, besteak beste, Chillidak, Basterretxeak eta Ugartek egindako kartelak eta azken horrek diseinatutako kamiseta. Indarkeria salatzeko orduan nabarmendu ziren abeslari batzuen hitzak ere jaso ditugu.  Adibidez, Xabier Leterenak (Uztapideri eta Xalbadorri kantatzen diena) edo Pantxoa eta Peiorenak.

Laugarren hormari dagokionez, "Gogoa agerian/Voces al descubierto" izenekoa, azken hamarkadetan argitaratutako manifestu esanguratsuenak jasotzen dira.  Horien artean «33en gutuna» delakoa, 1980ko maiatzaren 27an, euskal idazle, pentsalari eta artistek sinatua eta indarkeriaren aurkako borrokan aitzindaria izan zena. Sinatzaileen artean zeuden Aita Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja, Chillida, Juan San Martín, José Ramón Recalde, Gabriel Celaya, Idoia Estornés, Ibarrola, Basterretxea eta beste hainbat. Aipagarria iruditzen zaigun beste manifestu bat "Isiltasuna ez da aterpe/El silencio no es cobijo" izenekoa da, euskal kulturaren hainbat eragilek sinatu eta 2000ko irailaren 21ean El País egunkarian argitaratutakoa. Sinatzaileen artean zeuden Bernardo Atxaga, Lurdes Auzmendi, Andoni Egaña, Pedro Migel Etxenike, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Lourdes Oñederra...

Bosgarren horma, "Besteari begira/Mirando al otro" izenekoa, gobernuek ETArekin izandako elkarrizketa ahaleginen kronika da, Aljerretik hasi eta Txillare baserrira artekoak. Horretarako, prentsara jo dugu neurri handi batean, baina badira gai honetan garrantzitsuak diren beste adierazpen batzuk ere.  Esate baterako, Egoitz Gago eta Jeronimo Ríosen La lucha hablada eta Humberto Unzuetaren Nanclares vis a vis liburuak edo Justin Websterren El fin de ETA dokumentala.

Seigarren hormak, "Oztopoen horma/Muro de los obstáculos" izenekoak, bakerako oztopo izan diren hainbat gertakari jasotzen ditu: Jurramendiko gertakariak, Gasteiz eta Iruñekoak, ETAren atentaturik latzenak, Lasa eta Zabalaren kasua, kale borrokaren eta autobusen erreketen irudiak, Ortega Lararen bahiketa...

Zazpigarren horma, "Eskutik eskura/Pasos adelante", mezu positiboz betetako horma da, aurrekoaren kontrakoa. Biktimen eta biktimarioen arteko topaketak bildu dira batik bat, adiskidetzea sustatzen duten mezuak. Azken batean, benetako bakerako bidean ezinbestekoa da urrats hori ematea eta ikuslearen aurrean irudikatzea. Prentsako berriak jaso dira batez ere, baina horri buruzko beste dokumentu batzuk ere badaude: jardunaldien kartelak, filmeenak, liburuenak... Horien artean azpimarratzekoa da Iciar Bollainek zuzendutako Maixabel filmaren kartela, gai honen paradigma delako eta aretoetan estreinatu berri delako. Halaber, Jon Sistiagaren eta Alfonso Cortés-Cavanillasen Zubiak dokumentala nabarmendu nahi izan da, edukiagatik eta izenburuaren sinbolismo positiboagatik, ibaien ertzen artean zubi sendoak eraikitzeko unea delako, epe luzera bizikidetza ondo finkatzeko.  Bi horiekin batera, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memorialak iazko Memoriaren egunerako argitaratu zuten kartela nabarmentzen da, erdian aterki gorri bat duela. Aterki hori memoriaren sinbolo bihurtu da dagoeneko, José Ibarrolak bere lanetan eman dion indarragatik eta Patria eleberriaren azalean izan duen oihartzunagatik.

Zortzigarren eta azken horma, "Pantailak-Pantallas", zinemari eta telebistari eskainia dago.  Alde batetik, esanguratsuak iruditzen zaizkigun filmen kartelak ekarri dira eta, bestetik, ikus-entzunezko edizio bat egin dugu horietako batzuekin, pasarte deigarrienak aukeratuta. Bestalde, tarte bat eskaini diogu "Vaya Semanita" saioari, indarkeria deslegitimatzeko izan duen garrantziagatik. Izan ere, elementuetako bat batasunis pertsonaiei buruzko saio horretako esketx bat da. Gainera, horma horretan Maixabel filmaren trailerra sartu da, aurreko blokean adierazitako arrazoiei jarraituz. Era berean, José Luis Borauk 1998ko Goya Sarien banaketa ekitaldian egindako hitzaldiaren bideoa ere jarri dugu ikusgai, non indarkeria gaitzesten zuen eta eskuak zuriz margotuta agertu zen. 

Rescoldos de paz y violencia

Antzerki-zikloak «Rescoldos de paz y violencia» izenburua du eta María San Miguel antzerkigilearen hiru obrak Donostiara iritsiko da. Lan horiek ikuspegi desberdinetatik hurbiltzen dira indarkeria-ekintzara, eta testuinguru desberdinetan kokatzen dute. Zikloak Irunen, Eibarren eta Donostian egingo du bira, eta trilogiako obra bakoitza ondoz ondoko hiru jardunalditan antzeztuko da aipatutako udalerri bakoitzean. Antzezlanen ondoren, kulturako, politikako eta komunikabideetako pertsona ezagunek parte hartuko dute mahai-inguru batean. Luis Rodriguez Aizpiolea, Jesus Eguiguren, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Josu Elespe, Mari Carmen Hernandez, Sara Buesa eta Ines Nuñezek hartuko dute parte. Eva Domaika, Jose Gabriel Múgica eta Xabier García Ramsdem kazetariek moderatuko dituzte mahai-inguruak.

 

 

  

2017