Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 'Bidelagunak biltzen' ospatuko du Atzegik 60 urteurrena

'Bidelagunak biltzen' ospatuko du Atzegik 60 urteurrena

Kanpainaren bidez, omenadia egin nahi zaie 60 urtetan zehar elkartearen bidelagun izan diren pertsonei, eta gonbidapena luzatu gizarteari, koletiboari laguntzen jarrai dezan.

Gaur goizean Atzegiren sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu da prentsaurrekoan. Aurtengoa kanpaina berezia da, bizi dugun osasun-egoera dela eta, eta Atzegik 60 urte beteko dituelako, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteak. Maite Peña Gizarte politikako diputatuak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak, Mitxel Lakunza Atzegiko zuzendariak eta Josean Idoeta Atzegiko presidenteak kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Aurten, "60 urte bidelagunak biltzen" lelopean, Atzegik bidelagunen irudia nabarmendu nahi du, adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko borrokan elkartearekin bat egin duten pertsonak. Josean Idoetak, Atzegiko presidenteak azpimarratu duenez, "pertsona horiei esker lortu dugu gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea". Idoetaren hitzetan, kanpainaren ikus-entzunezkoan islatu den bezala, "gauzak asko aldatu dira 1960an familia batzuk seme-alaben etorkizunaren alde borrokatzeko elkartu zirenetik. Lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan; hezkuntzan, egoitzetan, lanean, aisian, oro har, eskubideen arloan, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, botoa emateko eskubidea, modu independentean bizitzeko eskubidea, etab". Baina Atzegiko presidenteak azpimarratu nahi izan du oraindik beste erronka asko geratzen direla aurretik eta Gipuzkoako gizartearen babesa ezinbestekoa izaten jarraitzen duela.

Ander Aizpuruak adierazi duenez, "ATZEGI bidelagunak proiektu baten inguruan batzeko moduaren adibide da, gizarte inklusiboago baterantz aurrera egiteko. Halaber, "60 urte hauetan Atzegirekin elkarlanean aritu diren pertsona guztien ekarpenarekin, lortu ezin zitezkeen helburuak eta mugarriak lortu dira", gaineratu du.


Bere aldetik, Maite Peñak adierazi du Gipuzkoako eredu soziala ezin dela ulertu Atzegi bezalako eragileek eta denbora besteei eskaintzen dieten boluntario guztiek egiten duten "izugarrizko lanik" gabe: "Gipuzkoako Foru Aldunditik lanean jarraituko dugu pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko, gure bereizgarri den eredu sozial solidario eta inklusiboan sakonduz". Gainera, eredu "partekatua" dela azpimarratu du, elkarlanean oinarrituta eraikitakoa, eta horren erakusle da Atzegi bezalako erakundeek 60 urteko ibilbidea "indar handiz" betetzea.

 

Zurekin gertu, urrutira iritsi gara

Mitxel Lakunza Atzegiko zuzendariak 60. urteurrenerako aurreikusitako ekintzetako batzuk aurkeztu ditu. Horietako asko Covid-19aren prebentzio-neurrietara egokitu behar izan dira, baina atzegizale familia osoaren laguntzari eta lankidetza-espirituari esker gauzatuko dira. Aurreko urteetan bezala, kopuru txikiagoan bada ere, 3.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan zehar, 138 markesina eta bideo bat zabalduko da hainbat kanalen bidez. Gainera, urtean zehar, "bidelagunak biltzen" leloa duten eskumuturrekoak banatuko dira, kanpainaren eta 60. urteurrenaren helburua indarrean mantentzeko asmoz.


Bestalde, www.atzegi.eus webgunean astero (60 astez, 60. urteurrenari keinu bat eginez) atzegizale edo bidelagun esanguratsu baten profila aurkeztuko da, Atzegirekin izandako esperientzia pertsonala azaltzeko. Hala, urteurrenaren amaieran, 2021eko abenduaren 20an, Kursaalean ekitaldi bat egitea aurreikusten da. Ekitaldi horren bitartez urteurreari amaiera eman eta etorkizunari bide ematea izango du helburu.


Gaurtik kanpaina amaitu arte, urriaren 27an, aurkezpen ezberdinak egingo dira Gipuzkoako eskualde bakoitzean, mezua Gipuzkoako txoko guztietara irits dadin.


Azkenik, urriaren 20an, 18:30ean, kanpainaren ekitaldi nagusia egingo da Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldiak aurreko urteetan baino edukiera txikiagoa izango du, eta osasun-agintariek eskatutako segurtasun-neurri guztiak hartuko dira kontuan. Bertan, kanpaina azalduko da argazki, musika eta bideoen bitartez. Atzegik elkarte-izpiritua mantentzearren hitzorduari eutsi nahi izan dio, baina betiere bizitzea egokitzen ari zaigun egoera bereziari egokituz. Ekitaldira joateko Atzegiko bulegoetan (943 42 39 42) edo atzegizale@atzegi.eus helbidean eskatu ahal izango dira gonbidapenak.

  

2226