Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Birziklapenean jaioak gara” kanpaina Donostiara iritsi da

“Birziklapenean jaioak gara” kanpaina Donostiara iritsi da

Erakusketaren bidez, hondakinak murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko barneratu behar ditugun eguneroko ohiturei buruz informatu eta kontzientziatu nahi da.

2019/11/29

“Birziklapenean jaioak gara” kanpaina Donostiara iritsi da, Euskadik ekonomia zirkularraren alde egiten duen apustuan parte hartzera animatzeko, modu arduratsuan kontsumituz eta hondakinak gehiago eta hobeto birziklatuz.

  •  Erakusketaren bidez, hondakinak murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko barneratu behar ditugun eguneroko ohiturei buruz informatu eta kontzientziatu nahi da.

  •  Jardueren helburua da ontzien % 70 eta hondakinen % 60 birziklatzea, eta % 10 murriztea.

  •  Gipuzkoak, % 52ko birziklatze tasarekin, Europak 2020rako ezarritako birziklatze helburuak gainditu zituen 2018an.

 

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan gidatzen duten kanpaina honen hirugarren edizioa da. Ekonomia Zirkularraren aldeko apustuan parte hartzera animatzeko, hirugarren urtez jarraian Euskadiko kaleak zeharkatzen dituen 'Birziklapenean jaioak gara' kanpaina Donostiara iritsiko da. Ostiral, larunbat eta igande honetan hainbat jarduera egingo dira, herritarrak kontzientziatzeko, aitzakiak alde batera utzi eta kontsumo arduratsuaren eta hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzearen alde egin dezaten. 

Goizeko 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 16.00etatik 19.00etara, Kursaalaren atzealdera inguratzen diren guztiek parte hartu ahal izango dute berrerabilitako obra-edukiontzietan antolatutako jardueretan, eta baita kalean egingo diren beste jarduera ludikoetan ere:

 Bat egin Euskadik ekonomia zirkularraren alde egiten duen apustuarekin. Jarduera honen helburua da linealean pentsatzetik zirkularrean pentsatzera pasatzeko beharrezko jarraibideak ematea. Modu interaktibo eta dibertigarrian erakusten du apustu horretan nola parte hartu, modu arduratsuan murriztuz eta kontsumituz, berrerabiliz, hondatzen dena konponduz eta sortzen diren hondakinak birziklatuz.

ERAKUTSI BIRZIKLAPENEAN JAIOAK GARELA Ikusmen-zorroztasuneko, adierazpeneko eta mugimenduko proben bidez, hondakin bakoitza zein edukiontzitan sartu behar den ikasteko jolasak.

ONTZI ERRALDOIEN JOLASA Ezagutu eta birziklatu ez birziklatzeko jarri ohi ditugun 8 aitzakia nagusiak. Jolasen bidez, bilatu konponbidea aitzakia ohikoenentzat.

EUSKAL HERRI KIROLAK. Proposamen dibertigarria da, «Birziklapenean jaioak garela» erakusten jarraitzeko aproposa.

 

Kanpainak, halaber, zerbitzu berezi bat du esperientzia dibertigarri batez gozatu nahi duten ikastetxeentzat eta taldeentzat: eskolako taldeentzako jarduerak eta bisita gidatu bereziak. Erreserbak egiteko: birziklatu@prismaglobal.es edo 637 211 151.

2018an Gipuzkoak gainditu egin zituen Europak 2020rako ezarritako birziklatze helburuak.

2018ko datuek 2015-2018 aldiko joera berresten dute, birziklatze tasak 10,15 puntu egin baitu gora, duela lau urteko % 42,26tik 2018ko % 52,41era.  Horrek esan nahi du bi urte lehenago gainditu dela 2020rako ezarritako Europako helburua.  "Eta garrantzitsua da nabarmentzea behin Gipuzkoako Ingurumen Gunearen azpiegiturak martxan jartzen direnean, eta gaikako bilketaren bilakaera kontuan hartuta, Gipuzkoak birziklapenaren % 60 gaindituko duela epe laburrean, Europako herrialde aurreratuenen maila berean kokatuz" nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. "Gipuzkoa Europako herrialde aurreratuenen parean jarri da hondakinen kudeaketaren, berrerabilpenaren eta birziklatzearen arloan; eta hori gertatu da herritarren jardun onari esker, eta hondakinen gaikako bilketarako eta tratamendurako azpiegituren garapenari esker».

Hazkunderik esanguratsuenak biohondakinen eta ontzien birziklapenean gertatu dira. 2017. urtearekin alderatuta, 4,59 eta 3,22 puntu igo dira, hurrenez hurren: % 66,01 ontzietan eta % 44,90 biohondakinetan. Nabarmentzekoa da, halaber, oraingo legegintzaldian (2015-2018) izandako bilakaera: 14,41 puntu ontzietan eta 15,84 biohondakinetan.  Horrela, frakzioen araberako helburu espezifikoetan, Gipuzkoa 3,99 puntura baino ez dago ontzien kasuan, eta 5,10 puntura biohondakinen kasuan, Europak 2020rako ezarritako helburuak lortzeari dagokionez. Udazkenean Gipuzkoako Ingurumen Gunea martxan jartzeak aukera emango du ehunekoak nabarmen gainditzeko.

 

 

  

1740