“Emakumeek sufritu zutena bigarren planotik atera eta gure memoria kolektiboan txertatu behar dugu”
“Emakumeek sufritu zutena bigarren planotik atera eta gure memoria kolektiboan txertatu behar dugu”
Gipuzkoako diputatu nagusiak aitortza egin die 1937an frankistek euren herrietatik bortxaz bota zituzten emakumeei, foru erakundearen izenean
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, erakunde aitortza eta bere miresmena eskaini die frankistek 1937an euren herrietatik bortxaz bota zituzten gipuzkoarrei, gehienak emakumeak eta haurrak. Adierazpenak gertakari hauen protagonistak omentzeko egin den ekitaldi hunkigarri baten baitan egin ditu foru agintariak, aurrean kanporaketak jasan zituzten 38 emakume zituelarik. Aldi berean, aukera baliatu du beste behin aldarrikatzeko emakumeek oroimen historikoan merezi duten eta izan behar duten presentzia: “Ezinbestekoa da kolektibo hau bigarren planotik atera eta gehiago ikusaraztea. Emakumeen ahotsa ozen entzunarazi behar dugu oroimen kolektiboan, ezingo dugu memoria osoa izan bestela”, azaldu du.
Ekitaldia Foru Jauregiaren lehen solairuan egin da eta, guztira, 38 emakume egon dira bertan, 1937ko gertakarien protagonistak denak. Guztira 750 pertsona inguru izan ziren Gipuzkoan kanporatuak eta, Olanok nabarmendu duenez, guztiei hedatzen zaio gaur egin den erakunde aitortza. Gainera, azpimarratu du Zumaia izan zela behartutako erbesteratze gehien jasan behar izan zituen herria, eta gogora ekarri du otsailaren 12an herri horretan bertan kanporatuei eskaini zitzaien omenaldia.
Ekitaldi berean ‘Ama nora goaz?’ dokumentalaren aurretiazko pasea ere eskaini da, asteburuan Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko den filma. Pelikulak duela 80 urteko aipatutako pasarteak jasotzen ditu, eta gaur omendu direnetako 11 emakume ditu protagonista: Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Miren Sagarzazu, Matilde Aizpurua, Garbiñe Andonegi eta Arantza Bullain. Hamabigarren batek, Anita Usiainek, ezin izan du bertaratu.
Erakunde arloan, kanporaketak jazo ziren 13 herrietako alkateak izan dira ekitaldian. Bertaratuen artean ziren baita ere, beste hainbat pertsonen artean, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubidetako zuzendaria; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria; Juan Mari Atutxa, Sabino Arana Fundazioko presidentea; Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako presidentea; eta Paco Etxeberria, Aranzadiko Zientzia Elkarteko presidentea. Foru Gobernuko diputatuak eta Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak ere bertatik jarraitu dute ekitaldia.
Foru Jauregiko ohorezko atean hartu ditu diputatu nagusiak omenduak, euren senide eta lagunekin bertaratu direnak. Harreraren ostean, Aldundiko lehen solairura mugitu dira denak, bertan egin behar baitzen eguneko hitzordu nagusia. Olanok, bere hitzaldian, oroimen historikoan emakumeek duten presentzia indartzeko deia egin du. “Gerra ez zuten gizonek bakarrik egin, frankismoa ez zuten inolaz ere gizonek bakarrik sufritu. Erbestea, jazarpena, bortxaketak… gaur hemen omentzen ditugun emakumeen egunerokoaren parte izan ziren eta aitortza eta errekonozimendu guztia merezi dute”, adierazi du.
“Zergatik izan ziren jazarriak, errepresaliatuak eta erbestera behartuak? Bada, beraien senitarteko hurbilek askatasuna, zilegitasun demokratikoa edota giza eskubideak bezalako balioekin adierazitako konpromisoagatik”, gogoratu du diputatu nagusiak. Zentzu honetan, nabarmendu du gaur egun Aldundiak bere egiten dituen balioak direla. “Guztion sinesmen eta balioen aurkako erasoa izan zen, baina emakumeak izan ziren zigortuak”, salatu du.
Gertakariak
1936ko uztailean jo zuten Franko eta beste generalek estatu kolpea eta, porrot egin ostean, gerra piztu zuten. Lehen egunetik Gipuzkoa hartzeko egin zuten borroka altxatuek, eta iraila bukaera alderako ia lurralde guztia bereganatzea lortu zuten. Intxortetan erasoaldia gelditzea lortu ostean, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan, frontea egonkortu eta sei hilabetez horrela mantenduko zen. Bitarte horretan jazo ziren Aldundiak gaur gogora ekarri dituen gertakariak: 1937ko otsaila eta martxoa bitartean, 1.000 lagun baino gehiago bota zituzten frankistek euren herrietatik, gehienak emakumeak eta haurrak. Senideren bat errepublikazaleen aldean zutela izan zen aitzakia.
Gipuzkoan 750 lagun inguru izan ziren kanporatuak, 13 izan zirelarik herri kaltetuak: Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Beasain, Lazkao eta Donostia. Frontetik gertu zeuden herrietako kanporatuek oinez egin behar izan zuten erbesterako bidea, kamioietan beste guztiek. Olanok azaldu duenez, Zumaia izan zen gertakari hauek gehien pairatu zituen herria, eta horrela gogoratu zuten pasa den otsailaren 12an Zumaiako Udalarekin elkarlanean egin zuten ekitaldian.
1934