Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Enpresen arteko elkarlana indartzera goaz 4.0 industria enpresa txiki eta ertainetara hedatzeko”

“Enpresen arteko elkarlana indartzera goaz 4.0 industria enpresa txiki eta ertainetara hedatzeko”

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu du Foru Aldundiaren estrategia gaurkotasunetik biharko ekonomiaren oinarriak eraikitzera bideratzen direla

radio euskadi markel olano boulevard

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak berretsi du Foru Aldundia lurraldeko ekonomia indartzeko lanean ari dela, “batez ere etorkizunera begira, hori baita herritarren kezka nagusietakoa”. Testuinguru honetan, azaldu du industria laugarren iraultzan murgilduta dagoela, 4.0 industriarena hain zuzen. “Enpresa txiki eta ertainek osatzen dute batez ere gure enpresa ehuna, eta horrek indargune eta ahulguneak ditu. Azken hauen artean dago olatu horretara igotzeko zailtasuna. Honetaz jakitun gara Aldundian, eta horregatik hainbat ekimen prestatzen ari gara, aurki aurkeztuko ditugunak, enpresen arteko elkarlana indartu eta horrela 4.0 industriaren iraultza lurraldeko enpresa txiki eta ertainetara hedatzeko”, adierazi du. Ideia, adierazi duenez, “fabrikazio aurreratuan Michelin izar direnek enpresa txikiei 4.0 industriak euren ekoizpen sistemei begira eskaintzen dituen aukerak erakustea” litzateke, elkarlan gipuzkoarraren adibide. 

    Olano gaur goizean Radio Euskadin izan da elkarrizketatua, eta bertan egin ditu adierazpen hauek. Foru arduradunak baikortasuna adierazi du ekonomiaren bilakaeraren inguruan, baina ohartaraziz ezin dela pentsa helmugara iritsi garenik. “Lurraldeko industria egiturak lehiakor izaten jarraitzen du, eta honek aberastasuna eta enplegua sortzen jarraitzea dakar”, esan du. Bere ustez, epe motzean enpleguaren bilakaerak ere ildo positibotik jarraituko du. “Are gehiago, uste dut epe ertainera begira talentu eta eskulan beharra izango dugula, batez ere ongi prestatutako langileena, hezkuntza baita etorkizuneko ardatz nagusietako bat”.  

    Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Gipuzkoak %10etik beherako langabezia tasa du, Eustaten datuen arabera. Bilakaera ona dela berretsi du, baina azpimarratuz oraindik ere 33.000 lagun inguru lanik gabe daudela lurraldean. “Horregatik ezin dugu erlaxatu, eta horregatik jarraitzen dugu lanean, 200 milioi euroko zuzkidura duen Ekonomia Suspertzeko Planaren bitartez Gipuzkoako ekonomia ehuna indartzearen alde eragiten”, azaldu du.

    Lan munduko gatazkei buruz galdetuta, Olanok konfrontazioa murriztearen alde egin du, “lehiakortasunari eragiten baitio, eta enpresa gutxiago baldin badaude, enpleguak ere behera egingo du”. Zentzu honetan, adierazi du Aldundiak lehentasuna eman dio enpresa barruko giroa hobetzera bideratutako dinamikei, eta horretarako ari da langileen partaidetza sustatzeko ahaleginetan. “Langileak enpresaren esparru guztietan parte hartzeak mesede egiten dio horizontaltasun eta gardentasunari, eta honek lan munduko giroa hobetzea dakar. Alor honetan eragile aktibo eta adierazgarria izango gara”, azpimarratu du.

 

2017, “exekutatzeko urtea”

Foru arduradunak azaldu du hasi berri den 2017 urtea “exekuzio urtea” izango dela. Alde batetik, hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbidea emango dion azpiegitura gauzatzeko lanak egiten hasiko dira eta, beste aldetik, lurraldeko errepide sarea bukatzeko aurrerapausoak emango dira, Deskarga eta Etzegarateko bidesari proiektua nagusi diren esparrua hain zuzen. Pasaiari buruz, nabarmendu datozen hilabeteotan Plan Berezia onartu dela, “badia biziberritzeko jarduerei hasiera emango diona”. “Erakunde guztiok bat gatoz biziberritze hau lehenbailehen errealitate egiteko, herritarrak aspertuta daude orain arte egin diren saiakeren berri entzuteaz eta ekintzak nahi dituzte”, azpimarratu du. 

    Azkenik, Etorkizuna Eraikiz programari egin dio men, saiakera eta esperientzia pilotuak erabiliz gaurkotasunetik biharko Gipuzkoaren oinarriak eraikitzea xede duen ekimena. “Erronka honetan nazioarte mailan dauden esperientzia aurreratuenetatik ikasi nahi dugu, batez ere iparraldeko herrialdeei begiratuz”, azaldu du. Zentzu honetan, adierazi du Aldundia mundu mailan erreferente diren erakundeekin nazioarteko sarea osatzen ari dela “herrialde aurreratuetatik ikasi eta esperientzia aurreratuak gure lurraldera ekartzeko, betiere herritarren eskutik joanda”.

“Erronka honetan nazioarte mailan dauden esperientzia aurreratuenetatik ikasi nahi dugu, batez ere iparraldeko herrialdeei begiratuz”

 

  

1542