“Zuetaz oso harro gaude, %100ean ordezkatzen dituzue Gipuzkoaren balioak”
“Zuetaz oso harro gaude, %100ean ordezkatzen dituzue Gipuzkoaren balioak”
Diputatu nagusiak, alkateak eta Kiroletako diputatuak Donostia eta Gipuzkoaren izenean zoriondu dute Realaren gizonezkoen taldea, Kopako garaipenagatik
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Eneko Goia Donostiako alkateak; eta Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak Realeko gizonezkoen taldeari bisita egin diote gaur arratsaldean Zubietako instalazioetan, joan den larunbatean Kopako finalean Bilboko Athletic Club taldearen kontra lortutako garaipenagatik (0-1) zorionak emateko. Erakundeetako arduradunek jokalariak, teknikariak eta zuzendaritza zoriondu dituzte gipuzkoar eta donostiar guztien izenean. "Oso harro gaude zuetaz. Gipuzkoar guztien ordezkari gisa, esan dezaket gutakoak zaretela eta gure balioak % 100ean ordezkatzen dituzuela", esan du Olanok.
Diputatu nagusiak Realaren azken urteotako ibilbidea goraipatu du, "oso gogorra" izan baita, eta, hori dela eta, Kopako tituluak "meritu bikoitza" duela iritz idio: "Emaitza garrantzitsua da, baina baita hori lortzeko egindako bidea ere. Bigarren Mailatik Kopako garaipenera arte, Realak kasta duela erakutsi du, ondo egindako lana balioan jartzen dakiela". Zentzu horretan, esan du titulua lortzea "ez dela kasualitatea", urtetako lan sistematikoaren emaitza baizik.
Halaber, Jokin Aperribay Realeko presidenteak klubean egin duen lanean ere jarri du azpimarra; izan ere, bere kudeaketari esker, erakundea hazi egin da eta aurrera egitea lortu du, Gipuzkoaren balioak oinarri hartuta egin den garapena. "Lan egiteko modua, lan diskretua, umiltasuna… dira Real honen ezaugarriak. Klubak aurrera egitea lortu bada, talde zabal baten ahaleginari esker izan da, eta gipuzkoar guztien izenean aitortu nahi diet egin duten lana", azpimarratu du.
Etorkizunari begira, "Realak lortu duen maila eta dimentsioa ikusita", Olanok uste du Kopako finalean lortutako garaipena ez dela belaunaldi honek lortuko duen azkena izango. "Talde gaztea da, bide luzea duena aurretik. Jokalariei esan diet, une gozo honetan, gizartearen aurrean duten erantzukizuna ere kontuan izan dezatela. Adibidez, pandemiaren ondorioz garai zailak bizi ditugu, eta jokalariek gaur-gaurkoz erreferentzialtasun handia dute gipuzkoar gazteenen artean", azpimarratu du.
Bitartean, Goiak eskerrak eman dizkio Realari "hiria pozez betetzeagatik". "Gustatuko litzaiguke Alderdi Ederreko balkoia ireki ahal izatea, hiri osoarekin merezi duen bezala ospatzeko", gaineratu du, pandemiaren egoerak hori posible egin ez izana deitoratuz. "Ziur nago egoerak uzten digunean aukera hori mahai gainean egongo dela", esan du Donostiako alkateak.
Azkenik, Harkaitz Millan Kiroletako diputatuak esan du “garaipen hau oso garrantzitsua dela, harrobian eta oinarrizko futbolean gutxi batzuek bezala lan egiten duen Gipuzkoako futbol-ereduari laguntzen baitio”. Gaineratu duenez, “34 urte igaro ondoren, ilusio-erreferente bihurtu da Reala oinarrizko talde guztientzat eta kirola egiten duten haurrentzat”.
2389